Espaziorako txipak muntatzeko planta bat ireki dute Donostian

Semi Zabala enpresak Eskuzaitzetan duen azpiegitura handitu du. 8,5 milioi euroko finantzaketa jaso du.

Enpresako eta erakundeetako ordezkariak, arratsalde honetan. SEMI ZABALA
Enpresako eta erakundeetako ordezkariak, atzo. SEMI ZABALA
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 30a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Semi Zabala enpresak planta bat zabaldu du Eskuzaitzeta industrialdean, Donostiako Zubieta auzoan. Espazioko misioetan erabiltzen diren txipak edo erdieroaleak muntatuko dituzte han; horiek jaso, paketatu eta probatuko dituzte. Paketatzeko, material berezi bat erabiliko dute: galio nitruroa (GaN). Horrek modua ematen du txipek ingurune gogorretan funtziona dezaten, besteak beste sateliteetan eta beste aplikazio teknologiko batzuetan.

Semi Zabala 2018tik dago Eskuzaitzetan. Enpresako arduradunek azaldu dutenez, planta berriarekin han egin ahal izango dute txipak muntatzeko prozesu osoa. Hamahiru langile arituko dira. Bost urtean 500.000 txip inguru ekoiztea espero dute.

Bezero posibleen artean NASA AEBetako espazio agentzia eta Europako Airbus aipatu ditu. Halaber, bi partzuergotako kide dela azaldu du. Europan erdieroaleen hornidura kate bat sortzeko SAGAN proiektukoa, eta ESGANekoa, espaziorako GaN transistore bat garatzeko helburu duena.

Kapital handitzea

Konpainiak hazten jarraitzeko asmoa dauka. Horretarako, 8,5 milioi euroko finantzaketa jaso du. Horietatik 4,81 milioi euro enpresaren kapitala handitzeko erabiliko du. Dirua jarri dutenen artean daude Elkargi (0,2 milioi) eta Mondragon taldeko Clave Mayor sozietatea (0,5 milioi), eta haiekin batera Donostiako Ap Tech Ventures enpresa (3,11 milioi) eta Seed Gipuzkoa arrisku kapitaleko sozietatea (milioi bat). AEBetako Littelfuse konpainia teknologikoak 0,5 milioiko nota konbertigarri bat erosi du, aurrerago akziodun izateko aukera ematen diona.

Beste 3,2 milioi zorra finantzatzeko erabiliko du, eta hor parte hartu dute Luzaro kreditu erakundeak (1,2 milioi), Elkargik (0,75 milioi), Caixabankek (0,75 milioi), Nafarroako Rural Kutxak (0,25 milioi) eta Finantzen Euskal Institutuak (0,25 milioi).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.