Merkataritza

Esportazioek goranzko bidea hartu dute: %5,8 handitu dira aurten

Europako Batasunak eta AEBek akordioa lortu dute muga zergak ez igotzeko.

Bilboko portutik abiatzen dira esportazioetako asko. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 17a
12:13
Entzun

Ekonomia suspertzen ari den beste arrasto bat iritsi da: aspaldiko partez, kanpo merkataritza handitzen ari da. Aurtengo martxoan 3.200 milioi euroren salmentak egin dituzte Hego Euskal Herriko enpresek eremu horretatik eta Espainiatik kanpo, iazko martxoan baino ia 850 milioi gehiago (+%36). Kontuan hartu behar da iazko martxoaren bigarren hamabostaldian amildu egin zirela esportazioak, herrialde gehienak itxi egin zirenean oinarrizko produktuetarako izan ezik.

Martxoko susperraldiaren ondoren, urte hasiera kaskarra alde batera utzi, eta zenbaki positiboetan da berriz kanpo sektorea. Guztira, 8.365 milioi euroren esportazioak egin dituzte urtarriletik martxora, iaz epe horretan baino %5,8 gehiago. Arabak (+%12,1) eta Bizkaiak (+%10,9) izan dituzte hazkunderik handienak. Apalagoa izan da Gipuzkoan (+%4,2), eta negatiboa da oraindik Nafarroan (-%2,1).

Ekipamendu ondasunak dira (makinak, trenak...) Hego Euskal Herriak gehien esportatzen dituenak, baina urteko lehen hiruhilekoan %3,6 jaitsi dira produktu horien salmentak. Handitu egin dira, berriz, autogintzarenak, %13,3 hain zuzen ere; esportazioen %57 dira. Inportazioak ozta-ozta itzuli dira zenbaki positiboetara: iaz baino %0,2 handiagoak izan dira aurten, martxoan %20,2ko gorakada izan ondoren. Hauek dira ­esportazioen jomuga nagusiak: Alemania (%16,8), Frantzia (%16,4), Erresuma Batua (%7,9), Italia (%6,3) eta Ameriketako Estatu Batuak (%6,1).

Tarifak ez dituzte handituko

Baliteke azken herrialde horretan salmentak handitzeko aukera zabaltzea orain, Donald Trumpek abiatutako merkataritza gerra atzean uzteko beste urrats bat egin baitute Europako Batasunak eta AEBek. Izan ere, Bruselak bertan behera utziko du AEBetako zenbait produkturentzat iragarritako muga zergak, AEBek 2018an Europako altzairu eta aluminio inportazioei jarritako tarifengatik zigortzeko. EBk beste produktu batzuen gaineko tarifak igota erantzun zuen, eta tarifa horiek ekainaren 1ean igo behar zituen.

Aldi berean, urte amaierara bitarteko epea eman diote elkarri altzairuaren gehiegizko ekoizpenak sortzen dituen arazoei erantzun bateratua aurkitzeko. Biek ala biek Txinari egozten diote kontsumitzerik ez duen altzairua kostu azpiko prezioan esportatzea.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.