Maiatzaren Lehenean Europako estatuen berrarmatzearen eta «gerra inperialistaren» aurkako mezuak zabaldu ditu Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Bilboko kaleetan. «Kapitalisten arteko gerretan, langile klaseko kideok izaten gara galtzaile, horregatik da beharrezkoa gerra inperialistari eta haren oinarrian dagoen kapitalismoari aurre egitea», azaldu du taldeak.
Jesusen Bihotza plazatik Arriagako zubirainoko bidea egin du EHKSren manifestazioak, eta, iaz gertatu bezala, gaur Bizkaiko hiriburuan ikusi diren mobilizazioetan jendetsuenetako bat izan da.
EHKSren ustez, potentzia kapitalista nagusien krisia dago berrarmatzearen oinarrian, «Mendebaldeko potentziena tartean». Horrela, aipatu dute AEBak azken hamarkadetako nagusitasunari eutsi nahian dabiltzala, eta horren ondorio gisa «agindu» dietela berrarmatzeko Europako herrialdeei: «Azken horiek, egiturazko krisialdi batean murgilduta dauden honetan, mandatu hori betetzeko prest agertu dira. Badakigu berrarmatzeak gerraren arriskua areagotu baino ez duela egiten, eta horrek are urgenteago bilakatzen du kaleak hartzea».
Gerraren aitzakian Europako estatuek politika autoritarioak bultzatzen dituztela azaldu du Garazi Navarro bozeramaileak: «Herritarren babes txikia duen arren, Macronek plan nuklear bat gidatu nahi du, Sanchezek gastua handitu du bere Kongresutik pasatu gabe, eta Alemanian, bestalde, konstituzioa egun batetik bestera aldatu dute».
Kritika «sozialdemokraziari»
Gastu militarra handitzeak langile klasearen pobretzean sakonduko duela ziurtatu du Ander Goiatxe bozeramaileak, «armagintzarako baliatuko den dirua osasungintzara edo hezkuntzara bideratzeari utzitakoa izango baita gehienetan».

Goiatxek salatu du «sozialdemokrazia» berrarmatzearen parte aktibo dela leku guztietan: «Lehenengo Mundu Gerran egin bezala, historiaren alde okerrean lerrokatu dira. Europaren Autonomia Estrategikoaren bitartez legitimatu nahi digute gastu militarraren areagotzea, nahiz eta hura gezur hutsa izan. Argi esan dezagun, PSOEk eta Espainiako aldaketaren gobernuak gerrara eraman gaitzakete!». Izenik aipatu ez badute ere, halaber kritikatu dute EH Bilduk, Sumarrek, ERCk eta halakoek kontu horretan duten jarrera. «Beste batzuk» itxura batean berrarmatzearen aurka agertu badira ere, Goiatxek uste ez duela balio aurkako adierazpenak egiteak «Sanchezen gobernua baldintzarik gabe defendatu eta gastu militarra handitzen aritu ostean».
«Gerra inperialistaren», berrarmatzearen eta faxismoaren aurka «lehen lerroan» borrokatuko dela agindu du EHKSk: «Langile klasearen batasuna bultzatzen jarraituko dugu, norbanakoen eta herri mugimenduko eragileen artekoa». Eta hari horri tiraka, «nazioarteko alderdi iraultzaile handiak» eraikitzeko premia nabarmendu dute, langileriaren eskubide politikoak defendatzeko, pobretzeari aurre egiteko eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa gauzatzeko. «Mugimendu Sozialistako kideok norabide horretan jarraituko dugu lanean, zapalkuntza guztien aurka eta sozialismoaren alde».