Kapital merkatuetan urteko lehen proba gainditzea lortu du Europako Batasunak. Zehatzago esateko, merkatu horiek susmopean dituzten herrialdeek denbora apur bat irabazi diote zorraren krisiari. Greziak, Portugalek, Espainiak eta Italiak bonu jaulkipenak egin dituzte, enkante guztiak osorik saldu dira, eta eskaera eskaintzaren gainetik egon da, nabarmen. Laino ilun guztiak ez dira desagertu, hala ere, lau herrialde horiei orain dela hilabete batzuk baino garestiago atera zaielako finantzaketa.
Bost urterako epemuga duten bonuak merkatura atera zituen atzo Espainiako Altxor Publikoak. Azkenean, 3.000 milioi euro saldu zituen, eta trukean inbertitzaileei %4,59ko interesa ordaindu beharko die. 2008ko uztailetik ordaindu duen ehunekorik garestiena da. Epemuga berdina zuten bonuak saldu zituen azken aldian —joan den azaroan— %3,6ko errentagarritasuna eman zuten.
Oraingoz, merkatuek ez diote iturria itxi Espainiari. Izan ere, erosleen eskaera azkenean saldutako kopuruaren halako bi izan zen, 6.000 milioi euro baino gehiago. Bigarren mailako negoziazio merkatuetan Espainiako hamar urterako bonuen interesak behera jarraitu zuen. Atzo, %5,34 izan zuten, Alemaniakoek baino 228 oinarrizko puntu gehiago. Irlandaren erreskatea martxan jarri zenetik gora egin izan du ehuneko horrek, baina aste honetako gertaeren presioa apur bat arindu dute.
Italiak ere zor publikoa jaulki zuen atzo. Guztira, 6.000 milioi izan ziren, bost eta hamabost urteko epemugarekin. Bost urtekoen truke Espainiak baino puntu bat gutxiago ordaindu zuen (%3,67), eta hamabost urtekoen truke, berriz, %5,06. Bietan aurreko enkanteetan baino ordain hobea eman behar izan die erosleei.
Defizit publiko handiena eta hazkunde aurreikuspen eskasenak dituzten herrialdeak zaintzapean dituzte inbertitzaileek. Europako Batasunak (EB) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) Grezia eta Irlanda porrot egitetik libratu ondoren, Portugalek ere bere burua finantzatzeko gai izan ez eta erreskatea beharko duen zalantzan jarri dute azken asteotan. Haatik, urteko lehen zor salmenta espero baino aiseago gainditu zuen Portugalek herenegun, eta presioa gainetik kendu du aste batzuetarako, gutxienez.
Enkanteen emaitzek susperraldia eragin dute Espainiako burtsan. Hiru egunetan Ibex-35 indizeak %10 egin du gora. Europako beste merkatuetan erreakzioa apalagoa izan da.
Astearen joanean merkatuak lasaitu dituzten zenbait gertaera pilatu dira. Europako Banku Zentralak (EBZ) berriro ere mehatxatuta dauden herrialdeen bonuak erosteari ekin dio, berme gisa. Era berean, Txinak eta Japoniak ziurtatu dute Europako herrialdeen zor subiranoa erosten jarraituko dutela. Giro horrekin Greziako bonu jaulkipena uste baino merkeago saldu zen, eta Portugalek ere 1.250 milioi euroko finantzaketa lortu zuen arazo handirik gabe. Alemaniaren hazkunde ekonomikoari buruzko datuak eta Belgikako defizitari buruzkoak ere lagungarriak izan dira.
Haatik, goizegi da esateko asteak zor krisia amaierako bidean jarri duen edo ez. Izan ere, gobernuak merkatuetara diru bila atera diren lehen aldia baino ez da, eta behin baino gehiagotan egin beharko dute aurten. Espainiakoak, esaterako, 47.000 milioi euroko zor garbia jaulkitzea aurreikusi du aurten. Portugalek ere finantzaketa behar handiak ditu aurrez aurre, eta ez da bakarra.
Salbamendu funtsa handitu
Tentsioak gainditzeko bide bat arazoak dituzten herrialdeak laguntzeko tresnak hobetzea litzateke. Azken egunetan, Europako Batasunak martxan duen salbamendu funtsa handitzeko beharra aipatu dute zenbait agintarik, horien artean Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariak. EBk 440.000 milioi ditu eskura, baina ezin du guztia erabili, kreditu kalifikazio gorena galtzeko arriskua lukeelako.
Diru kopuruez hitz egin gabe, ideia hori babestu zuen Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak. «Eurogune osoaren egonkortasuna bermatzeko behar den guztia egingo dugu». Londresen hitzaldia eman zuen Van Rompuyk atzo, eta Europak auzia gainditzeko duen ausardia ez gutxiesteko ohartarazi zien finantza merkatuei.
Europako Batasuna. Merkatuen egoera
Etenaldia zorraren krisian
Merkatuek susmopean dituzten herrialdeek bonuak erraz saldu dituzte, baina garestiago; Espainia eta Italia izan dira azkenakSalbamendurako funtsa handitzeko aukera aztertzen hasi dira gobernuak eta EB
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu