Trebatzea ez da nahikoa

Enplegu zerbitzuek migratzaileei ematen dizkieten formakuntza ikastaroak ez dira nahikoa lanean hasteko, Atzerritarren Legeak trabak jartzen baititu kontratazioan.

Kamal Essadmy, Peñascal kooperatibaren Boluetako lanbide eskolan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Kamal Essadmy, Peñascal fundazioaren Boluetako lanbide eskolan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
14789412 kepa
2025eko abenduaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kamal Essadmyk emakume baten zangoen artean ezkutatuta egin zuen Marokotik Bartzelonarainoko bidaia, 12 urterekin, senideek dirutza ordainduta. Bartzelonan osaba bat zeukan arren, adingabekoentzako zentro batetik bestera egin zituen lehenengo urteak, lagun batek deitu zion arte berarekin Bilbora joateko. Orain 29 urte ditu, eta Getxon (Bizkaia) bizi da.

Bizkaira iristean, «erraz samarra» suertatu zitzaion ikastea eta lana aurkitzea. «Lan egiteko gogoa izanez gero, aukerak badaude. Agian, ez dira lan baldintza egokienak izango, baina eutsi behar zaio». Ikastaro bat egin zuen Peñascal fundazioan, eta fundazio horren Boluetako zentroan (Bilbo) ari da orain, atezain.

Essadmyrena ez da kasu bakana. Hura bezala, atzerritik Euskal Herrira iritsitako ehunka lagun ibili dira azken urteetan Peñascalen edo antzeko beste fundazioren batean, lan mundurako prestatzen. Peñascalek denera hamar zentro ditu Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Lanbide enplegu zerbitzuak diruz lagundutako ikastaroak eskaintzen ditu, horietako batzuk etorkinentzat baizik ez. «Haientzat bereziki pentsatuak ez dauden ikastaroetan ere, parte hartzaileen %95 etorkinak izaten dira, saio horiek trebakuntza gutxi daukaten herritarrentzat izaten baitira», azaldu du Roberto Garciak, Peñascal fundazioko formakuntza koordinatzaileak.

«

Eusko Jaurlaritza ahalegin handiak egiten ari da ikaspostu gehiago sortzeko. Baina, oraingoz ez du inondik ere modurik lan formakuntza behar duten guztien eskariei erantzun ahal izateko, batez ere Bilbo Handian»

ROBERTO GARCIA Peñascal Fundazioko formakuntza koordinatzailea

Garciak nabarmendu du bizileku baimenik ez duten etorkinei ere aukera ematen dietela ikastaroetan parte hartzeko, bai Lanbide Heziketan bai hezkuntza ez-arautuan, «Andaluzian eta Madrilen ez bezala, besteak beste». Nafarroan ere badute aukera; Nafarroako Gobernuak hitzarmena dauka Elkarri Laguntza elkartearekin, eta Elkarte fundazioak ematen ditu eskolak, Iruñean.

Kanpotarrentzat, baina, traba handi bat izaten da trebakuntza bidean: Espainiako Atzerritarren Legea. Lanbide Heziketaz bestelako ikastaroetan, bizileku baimenik ez daukaten migratzaileek arazoak izaten dituzte trebakuntza osatzera enpresa batera joan behar izanez gero; izan ere, Gizarte Segurantzan izena emanda egotea eskatzen diete horretarako.

Ikasteko toki kopurua ere ez da nahikoa, baina Garciak azaldu du Eusko Jaurlaritza ahaleginak egiten ari dela ikaspostu gehiago izan daitezen. «Baina, oraindik ez du inondik ere modurik lan formakuntza behar duten guztiei erantzun ahal izateko, batez ere Bilbo Handian».

«Langile bat kontratatzeko baimena jaso arte sei hilabete baino gehiago igarotzen dira.  Egoeraz baliatuta, askok kontraturik gabe hartzen dituzte etorkinak»

MBAYE GILSenegalgo etorkina

Eremu horretan dago etorkin kopururik handiena, eta horien artean dago Mbaye Gil, Getxon hura ere. Patera batean iritsi zen Tenerifera (Kanaria uharteak, Espainia), 15 urte zituela, eta adinez nagusia zenean egin zuen Bilborako bidaia. Luzaroan ataka latzean egon zen, harik eta norbaitek semetzat hartu zuen arte. Hark eman zion ikasteko aukera, eta gaur egun erizain dabil, Basurtuko ospitalean. Kalean lo egiten eta saltzen emandako urteak atzean utzita, Sunu Gaal elkartea sortu zuen, Euskal Herrira datozen senegaldarrei laguntzeko asmoz. 22 urte daramatza Euskal Herrian.

Mbaye Gil erizaina.
Mbaye Gil erizaina.

Gilek ere nabarmendu du legeak trabak jartzen dituela laneratzeko garaian. Legean zehazten da gutxienez bi urtez erroldatuta egon direnek soilik eska dezaketela bizileku baimena, eta horren ondoren prestakuntza egin. Hego Euskal Herrian ez dute eragozpenik trebatzeko, baina arazoa gero hasten da. Izan ere, trebatu ondoren, urtebeteko kontratua egin behar die enpresaren batek beren lan egoera erregularizatzeko, prestakuntzak bizileku baimena baino ez baitu bermatzen. «Beraz, ikastaroak egin eta egin ibiltzeak ez du modurik ematen lana izateko», gaitzetsi du senegaldarrak. «Askotan, enpresaburuek ezetz esaten dute, langilea kontratatzeko baimena jaso arte sei hilabete baino gehiago igarotzen dira eta. Egoeraz baliatuta, askok kontraturik gabe hartzen dituzte etorkinak», ohartarazi du.

Langile eskasia

Haien legezko egoera edozein izanda ere, atzerriko langileen beharra ez dago auzitan. Populazioaren zahartzeak alarma piztu du erakunde publikoen eta enpresarien elkarteen artean, fenomeno horren eraginez gero eta langile gutxiago izango baitira; are, azterlan gehienek erakusten dute urteek aurrera egin ahala gabezia hori areagotu egingo dela. Laboral Kutxak, esaterako, kalkulatu du okerrenean Hego Euskal Herrian 200.000 lanpostu inguru hutsik egongo direla 2036an. 

«Etorkinak beharko ditugu», onartu du Carlos Pereda Confebaskeko enplegu arduradunak, baina nabarmendu nahi izan du horrekin ez duela esan nahi  EAEko patronalak eskulan soiltzat hartzen dituenik: «Gero eta integratuagoak daude». Peredak zera zehaztu du: «uztailean, Euskadiko langile berrien erdiak ziren beste herrialde batzuetakoak».

Hala ere, Confebaskekoak aitortu du Europako Batasunetik kanpoko lurraldeetatik datozen gehienek «trebakuntza eskasa» dutela, eta horrek «langabeziara kondenatzen» dituela. «Pertsona horiek prestatu egin behar ditugu pixkanaka, horixe baita haiek integratzeko modua». Sarritan, hizkuntza ere oztopo izaten dela gaineratu du Peredak, «Afrikatik datozen gehienek ez baitakite gazteleraz hitz egiten». Are gutxiago euskaraz.

Nafarroako CEN patronaleko arduradunek ere argi daukate prestakuntza funtsezko elementua dela laneratzeko eta gizarteratzeko, «bai bertoko biztanleentzat, eta baita beste herrialde batzuetatik datozenentzat ere». Atzerritar langileak ezinbestekoak direla uste du CENek: «Langabezia apaleko garai batean gaude, langabezia teknikoaren atarian, eta argi dago Nafarroak atzerritar jatorriko langileen %14 horren beharra duela. Haien eta langile nafarren ekarpenari esker eusten diogu jarduera ekonomikoari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.