Etxe berrien prezioa 400.000 eurotik gorakoa izan zen iaz Bizkaian, eta bigarren eskukoena, ia 300.000koa

Etxe berrien prezioa %13 garestitu zen, eta bigarren eskukoena, %9. Ascobi eraikuntza patronalak, besteak beste, eraikitako etxe kopuruaren beherakadari egotzi dio: %27 gutxiago eraiki ziren.

Hiru igeltsero lanean, Bilboko Garellanoko dorreetan. LUIS TEJIDO / EFE
Hiru igeltsero lanean, Bilboko Garellanoko dorreetan. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko martxoaren 25a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz Bizkaian saldu ziren etxe berrien batez besteko prezioa 406.210 eurokoa izan zen, eta bigarren eskuko etxeena, 293.975 eurokoa. Berrien salneurriak %13 egin zuen gora urte bakarrean, eta erabilienak, %9. Ascobi Bizkaiko eraikuntza enpresen elkarteak emaniko datuak dira, eta, Iñaki Urresti presidentearen ustez, besteak beste eskaintza falta dago garestitzearen atzean: «Mila biztanleko bi etxe eraikitzen dira urtean. Ekoizpen maila horrekin ezinezkoa da euskal gizartearen eskaria asetzea; izan merkatu librea edo babestua».

Eraikuntzaren patronalari eraikin berrien apologia egitea dagokio, hura baita haren negozioa, baina bere kexa datuekin arrazoitu du Urrestik. Iaz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 3.996 etxe berri eraikitzeko lanak hasi ziren; 2024an baino %27 gutxiago dira horiek. Aldiz, etxeak salerosteko operazioak %27 ugaritu ziren hiru lurraldeetan —13,9 salerosketa mila biztanleko—, baina hori bigarren eskuko merkatuaren dinamismo handiarengatik izan zen: operazio guztien %81.

Ascobiren datuen arabera, etxe babestuen kasuan jaitsiera handiagoa izan zen: -%34 EAEn eta -%43 Bizkaian. Eraikitako etxe guztien %35 bakarrik izan ziren babestuak, «eta haientzako gordetako orubeak %75 dira», kritikatu du. «Promotoreek behar adina etxe eraikitzen ez badituzte, baldintza egokiak ez daudelako ez dituzte eraikitzen. Hiru gauza behar dira: bideragarritasun ekonomikoa, segurtasun juridikoa eta tramitazio urbanistiko arina». Azken horren harira, fedea jarria du udalek jaso dituzten eskumen berrietan, baina esan du goizegi dela haien eragina sumatzeko, urtarrilean sartu baitziren indarrean Jaurlaritzaren etxebizitza legeari eginiko azken aldaketak.

«Ukrainako inbasioa dela eta, kostu batzuk izugarri garestitu ziren, eta baliteke orain gauza bera gertatzea. Hori gertatzen bada, etxeen ekoizpen kostua igoko da, eta baita prezioak ere»

IÑAKI URRESTI Ascobiko presidentea

Orduan, salneurrien joera aldatuko al da? «Ez. Etxebizitza joerak ez dira urte batetik bestera aldatzen». Are gutxiago Irango krisiak lehengaien prezioan izan dezakeen eragina aintzat hartuz gero: «Kostu batzuetan eragin handia izaten ari da, eta horrek berekin dakar ziurgabetasuna. Duela lau urte, Ukrainako inbasioa dela eta, kostu batzuk izugarri garestitu ziren, eta orain baliteke gauza bera gertatzea. Hori gertatzen bada, etxeen ekoizpen kostua igoko da, eta baita prezioak ere».

Hala ere, urte ona

Etxe gutxiago eraiki zituzten, baina, hala ere, iazkoa urte ona izan zen sektorearentzat, eta arrazoia erraza da: herri lanen gorakada. EAEn esleituriko herri lanak %47 ugaritu ziren iaz, eta Bizkaikoak, %41. Ascobik lizitazioen kostua gehituz ateratzen du datua, eta guztira ia 2.000 milioi euroren lizitazioak egin ziren. Urrestik nabarmendu du udalak eta aldundiak izan direla herri lanen bultzatzaileak, «batez ere Bizkaikoa». Hala ere, lurralde horretako herri lanen %71 esleitzeke gelditu ziren.

Urte batetik besterako jauzia handia da, baina patronalak uste du atzerago begiratu behar dela: «Duela hamabost urteko kopurua igaro dugu lehen aldiz, baina oraindik urrun gaude duela hogei urtekotik». Izan ere, 2010ean 4.057 milioi euroren herri lanak esleitu ziren EAEn, eta hurrengo urtean, krisiaren eraginez, 1.600 milioira murriztu zen.

eraikuntza sektoreko kostuak %3,4 garestitu dira

Otsaileko eraikuntza kostuak iazko hilabete berekoak baino %3,4 garestiagoak izan ziren. Eustatek bildutako datuen arabera, etxeen eraikuntza kostua %3,2 garestitu da azken urtean; herri lanena, aldiz, %4,2. Gastuen arteko entresaka eginda, langileen kostua iazko otsailekoa baino %4,7 handiagoa izan da, eta lehengaiena, %2,9. Gehien garestitu diren lehengaiak elektrizitate materialak izan dira: %7,8.

Herri lanek pisu handia dute sektorean, eta horren froga da etxebizitza gutxiago eraiki arren langile kopurua %6,5 handitu zela EAEn, eta 59.400 izan zirela gizarte segurantzan izen emaniko eraikuntza langileak. Bizkaian, berriz, %3,3koa izan zen gorakada (31.700 langile guztira). Eta hori sektoreak langileak aurkitzeko duen arazoa kontuan hartuta: «Jarduna handitzen ari da, eta ditugun langileak erretiroa hartzen ari dira; horrek tentsioa sortzen du. Dena den, sektore guztietan dagoen arazo bat da, baina eraikuntzan areagotu egiten da, langileak, batez beste, zaharragoak direlako».

Azkenik, Ascobik lan istripuen inguruko bere estatistika propioa ere egiten du. Iaz, EAEko eraikuntza sektorean 4.055 istripu arin, 38 larri eta zortzi hilgarri egon ziren. Arinak %5 murriztu ziren, eta larriak eta hilgarriak, berriz, %9 eta %14 handitu ziren, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!