Etxeko langileen hitzarmenaren alde mobilizatuko dira

LABek duela bi urte erregistratu zuen negoziazio mahaia biltzeko eskaera, baina ez du erantzunik jaso. Elkarretaratzeak egingo dituzte Iruñean eta Bilbon.

Etxeko langile bat, arropa zabaltzen. DANI CABALLO / EFE
Etxeko langile bat, arropa zabaltzen. DANI CABALLO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 20a
15:35
Entzun

Bi urte igaro dira LABek etxeko langileentzako lehen hitzarmen kolektiboa egiteko negoziazio mahaia osatzeko eskaera erregistratu zuenetik, baina ordutik ez du patronalen erantzunik jaso. Helburu horri begira, mobilizatzen jarraituko duela azpimarratu du. «Argi daukagu batzen eta antolatzen jarraitzea dela biderik egokiena sektoreko langileen eskubideen urraketari aurre egiteko. Hitzarmen kolektiboa ukatzea etxeko lana duindu nahi ez izatea da», adierazi dute LABeko Etxeko Langileen Saileko ordezkariek Bilbon eginiko agerraldi batean.

Iruñean ostiralean egingo dute elkarretaratzea, 19:30ean, udaletxeko plazan; eta Bilbon, datorren asteartean, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean, 12:30ean. Bi mobilizazioetan beste elkarte batzuetako kideekin batera arituko dira. «Etxeko langileei bakarrik ez daudela erakutsi behar diegu, eta eurekin batera emakume aliatuz osatutako mundu bat dagoela, euren salaketak beraienak bezala identifikatzen dituena».

Hego Euskal Herrian 35.000 lagun ari dira etxeko langile gisa kotizatzen Gizarte Segurantzan, baina sektore horretako langileak gehiago dira, milaka batzuek beltzean egiten dutelako lan —hirutik bat, sindikatuen eta elkarteen arabera—. Horiei legez kanpo dihardutenak gehitu behar zaizkie.

Araudi eskasa

2011n, Espainiako Gobernuak kontraturik gabe ari zirenen milaka langileren egoera erregularizatzeko dekretua onartu zuen. Baina horrek eta horren eguneratzeek ez diote sektoreko «hainbat egoera espezifikori» erantzuten, eta «aldiro» ari dira langile horien eskubideak urratzen, LABen arabera. «Sinetsita gaude hitzarmen propio batek ekidingo lituzkeela egoera larri horietako asko, eta, batez ere, etxeko langileen gaueko lanean eta barne erregimenean».

Espainiako araudian etxeko langileen baldintzak, oro har, besteren konturako edozein langilerenak baino okerragoak dira. Besteak beste, kaleratzeak merkeagoak dira: lan eginiko urte bakoitzeko hamabi laneguneko kalte ordaina, edo zazpikoa, kontratua 2011ko erreforma aurrekoa bada —gainerako lanpostuetan urteko 33 egunekoa izan ohi da—.

Soldatari dagokionez, lanbide arteko gutxieneko soldata oso hedatua dago lanaldi osoko langileen artean, baina hortik behera kobratzen dute gehien-gehienek. Eta lanaldiak ere ohi baino luzeagoak izaten dira: 60 ordutik gorakoak, lautik hirutan. Atseden orduak eta egunak ere ez dira kasu askotan errespetatzen, eta laneko segurtasunean ere gabezia asko atzeman dituzte sindikatuek.

Horri gaineratu behar zaio etxeko langile asko legez dagokiena baino gutxiago kotizatzen ari direla. Gaixotasun eta pentsio ordainsarietarako kotizatzen dute. Hasieran, langabezia saria jasotzeko eskubidea ukatu zitzaien, baina Europak Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak zuzendu zuen hori.

Hain justu, etxeko langileen eskubide urraketekin loturik kasu asko aztertu dira auzitegietan eta beste hainbat daude argitzeke. LABeko kideek azpimarratu dutenez, ez dute Justizian atzerapen gehiagorik onartuko, ezta erakundeek «hartutako eta erdizka utzitako konpromisoekin» ere; besteak beste, Laneko Arriskuak Aplikatzeko Erregelamenduaren kasua aipatu dute, zeina 2022ko irailaz geroztik garatu gabe dagoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.