AEBek altzairuaren eta aluminioaren inportazioei aplikatzen dizkieten zergak bikoiztuko dituzte hurrengo asteazkenean; %25ean daude orain, eta %50era igoko dituzte. Aurreko ostiralean iragarri zuen neurria Donald Trump presidenteak, Pennsylvaniako U.S. Steel altzairutegira egindako bisita batean. Datozen orduetan Trumpek berak atzera egin ezean, indarrean sartuko dira tarifa berriak. Alegia, ez da gertatuko apirilean ezarritako muga zerga unibertsalekin gertatu zena, zeinak berriki AEBetako epaitegi batek eten dituen oinarri legalik ez dutelakoan. Altzairuaren eta aluminioaren zergek badute babes hori, Trumpek bere aurreko agintaldian erabilitako berbera.
AEBetako presidentearen azken iragarpenak beste behin aztoratu ditu nazioarteko merkatuak. Europako Batasunak «kezka handia» adierazi du, eta «irmo» erantzuteko prest dagoela ohartarazi. Washingtonekin negoziazio betean dela harrapatu du albisteak. Aste honetan, Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa AEBetako ordezkariekin biltzekoa da Parisen, eta ikusteko dago zer eragin duten azken gertakariek elkarrizketa horietan.
Bruselak gogora ekarri du plan bat diseinatu duela 26.000 milioi euroren balioa duten AEBetako esportazioei muga zergak jartzeko —besteak beste whiskia, motozikletak eta ehungintzako artikuluak zergapetuko lituzke—, eta ohartarazi du hori aktibatzeko prest dagoela Etxe Zuriak bereari eusten badio.
elkarrizketa
Txinak ere «erantzun irmoa» iragarri du. Washingtonen eta Pekinen arteko tirabirak maiatzaren hasieran arindu ziren, bi herrialdeetako ordezkaritzak Genevan bildu zirenean eta muga zergak partzialki murriztea erabaki zutenean: AEBek Txinari ezarritakoak %145etik %30era gutxitu zituzten, eta Txinak AEBei jarritakoak, %125etik %10era.
Baina ostiral honetan altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zergak igoko dituela iragartzearekin batera, akordio hori urratzea leporatu zion Trumpek Txinari, eta horrek berriro ere gaiztotu egin du harremana. AEBetako presidenteak ez zuen zehaztu zertan huts egin duen Pekinek, baina, Etxe Zuriak zabaldu duenez, Txinako enpresek aitortu gabeko estatu laguntza publikoak jasotzen dituzte oraindik, eta horiek etetea hitzartu omen zuten Suitzako bileretan.
Pekinek ukatu egin du akordioa urratu izana. Merkataritza Ministerioko bozeramaileak zabaldutako ohar batean ziurtatu du «erantzukizunez» jokatu dutela eta «zorrotz» bete dutela AEBekin hitzartutakoa. Ohartarazi duenez, Washingtonek Txinaren interesak kaltetzen jarraitzen badu, «neurri irmoak» hartuko ditu bere burua defendatzeko.
«Segurtasun nazionala»
Altzairuaren eta aluminioari ezarritako muga zergak ez dira berriak. Trumpek bere lehen agintaldian ere erabili zituen, eta Joe Bidenek indarrean eutsi zien, salbuespen batzuk egin arren. Trumpek 2018an %25eko zergak jarri zizkien altzairuari eta %10ekoak aluminioari. Segurtasun nazionaleko arrazoiak argudiatu zituen, orain egin duen bezala, AEBetako Merkataritza Legearen 232. atala erabilita.
Trumpen iritziz, altzairuaren eta aluminioaren zergak beharrezkoak dira beste herrialde batzuek beren industriei ematen dizkieten diru laguntzei aurre egiteko. AEBetako ekoizleak babesteko neurri gisa aurkeztu du asteazkenetik aurrera ezarri nahi duen igoera. Hala nabarmendu zuen ostiralean, U.S. Steel taldearen Pennsylvaniako altzairutegi batean egindako hitzaldian. Hain justu, enpresa hori Nippon Steel japoniarrak erosiko du aurki, Trumpek baimendu egin baitu operazioa, Bidenek ezarritako blokeoa kendu eta gero.