EU Inc sortu nahi du Bruselak, europar gisa eratu nahi duten sozietateentzat

Izaera horrekin sortzea erabakitzen duten enpresek 27 herrialdeen araudiez besteko esparru juridiko bateratu bat izango dute. Hesiak eraitsi eta merkatu bateratuaren ahalmenak baliatu nahi ditu Europako Batzordeak.

Ursula von der Leyen, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Ursula Von der Leyen, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2026ko martxoaren 18a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Merkatu bateratua daukagu hortzetako pastarentzat, baina adimen artifizialarentzat ez». Mario Draghik behin baino gehiagotan azaldu du azken urteetan ideia hori txosten eta hitzaldietan: barneko hesiek balaztatzen dutela, besteak beste, Europako Batasunaren hazkunde ekonomikoa.

«Merkatu bateratuaren egiazko ahalmena askatzeko», hesiak eta burokrazia murrizteko mezu hori besapean hartuta dabil azken urtean Europako Batzordea, eta gaur asmo horri begirako pisuzko proposamen bat aurkeztu du, zehazki sozietate berriei dagokiena: EBn sortzen diren enpresek aukera izango dute EU Inc konpainia bezala eratzeko.

Hori egitea erabakitzen duten konpainia berriak 27 herrialdeen araudiez besteko geruza moduko 28. erregimen batean egongo dira, esparru juridiko bateratu baten pean; hots, arau korporatiboen multzo bakar eta harmonizatu batekin.

Neurria bereziki start-up teknologikoei begirakoa da, EBn sortzeko, ezartzeko eta hazteko modua emateko. Kalkulu batzuen arabera, azken hamarkadan 700.000 milioi euroko balioa joan da EBko merkatu teknologikotik bai kanpokoek bertako enpresak erosi zituztelako, bai bertako enpresa horiek atzerriko merkatuetan kotizatzea erabaki zutelako.

«Paperak aurkezten xahututako denbora eta dirua ez da erabiltzen sorkuntzarako edo berrikuntzako. Jakina, hori aldatu egin behar da, eta azkar»

URSULA VON DER LEYEN Europako Batzordeko presidentea

«Europa barruko hesiek kanpoko muga zergek baino kalte handiagoa egiten digute. Batasunean zehar, hazi nahi duten enpresak dira arau zatiketen lehen biktimak. Merkatu bakarra izan ordez, 27 sistema juridikori eta 60 sozietate forma nazionali baino gehiagori egin behar diete aurre; eta horren ondorioak egiazkoak dira. Paperak aurkezten xahututako denbora eta dirua ez da erabiltzen sorkuntzarako edo berrikuntzako. Jakina, hori aldatu egin behar da, eta azkar», esan du gaur Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

Haren arabera, gainera, etorriko da 28. erregimenaren moldea erabiliko duten neurri gehiago ere. 28. erregimenarekin, EU Inc-eko sozietateek abantaila handi bat izango dute, AEBetako eta Txinako lehiakideek jada badutena: oinarri ezin hobea den merkatu handi bat izatea sorterrian. Europako Batasuna 450 milioi kontsumitzaileko merkatua da.

Bizkor eta merke

EU Inc izango den enpresa bat eratzea ahalik eta errazena izatea nahi du Batzordeak. Haren arabera, halako sozietate bat sortzeak gehienera 48 ordu hartuko du, 100 euro baino gutxiago kostatuko da, eta ez da gutxieneko kapital sozialik eskatuko. Prozesu korporatibo guztiak, gainera, erabat digitalki egin ahalko dira. EU Inc konpainiek beren eraketako herrialdea aukeratu ahal izango dute

Hori bai, sozietate horiek herrialdeetan indarrean dauden lan eta zerga araudiak bete behar dituzte. Hots, langileen baldintzak haiek lan egiten duten herrialdeari dagozkionak izango dira aurrerantzean ere.

Bruselaren proposamenak hurrengo fase baterako aurreikusten du EU Inc konpainien EB mailako merkataritza erregistroa, eta ez du argitzen noiz izango den halako sozietateen inguruko eztabaidak eta liskarrak argitzeko auzitegirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA