Astiro bada ere, euriborra etengabean igotzen ari da eta maiatza %1,249an bukatu du. Iaztik hona lau hamarren jaitsi denez, merkatu egingo dira hipoteka gehienak, baina joerarekin jarraituz gero,uztailetik aurrera ez da alderik izango iazkoen eta aurtengo tasen artean.
Bi hilabete daramatza euriborrak gora egiten, baina apirilean baino igoera nabarmenagoa izan da maiatzekoa. Izan ere, martxoan %1,215ekin behea jo ondoren, %1,225era igo zen apirilean eta %1,249ra maiatzean. Hori baino esanguratsuagoa da maiatzean gorantz egin izana, ia etenik gabe. Hilaren 3an izan zuen mailarik txikiena -%1,239-, eta 25ean jo zuen goia -%1,262-. Atzo %1,260an geratu zen.
Igoera hori azaltzeko, bi faktore daude. Batetik, maiatza oso hilabete nahasia izan da finantza merkatuetan, defizit eta zor publikoaren krisia dela medio. Bankuen artean mesfidantza areagotu egin da, horietako askok inbertsio handiak egin dituztelako zor publikoan, herrialde batzuetako bonoekin dirua galtzeko aukera bazegoelako. Europako Batasunaren esku-hartzeak gutxitu egin ditu Greziak -edo beste herrialde batzuek- zorraren zati bat ez pagatzeko aukerak, baina epe luzera zalantza handiak daude.
Bestetik, egoera ekonomikoari buruzko zalantza handiak daude. Azken asteotan jakinarazitako datu makroekonomikoek hoztu egin dituzte ekonomia berreskuratzeari buruzko iragarpenik onenak, eta gastu publikoaren murrizketak berriro atzeraldia ekartzea ez da baztertu behar. Europako Banku Zentralak garbi utzi du interes tasa ofizialak %1ean geratuko direla aldi luze batez, baina gehiago jaisteko aukerarik ez du inork ikusten.
30 euro merkeago
Praktikan, maiatzeko datuak %3 eta %5 arteko merkatzea ekarriko die ekainean hipoteka berrikusi behar dutenei, baldin eta urtean behin egiten badute. Kopuru osoetan, 30 euro inguru hilean, 160.000 euroko mailegua eskatu zutenei. Maileguaren zenbatekoa sei hilean behin berrikusten dutenei are gutxiago jaitsiko zaie hileroko ordainketa.
Euriborrak gorantz egin arren, 30 euro merkatuko dira hipotekak
EBZk interes tasak igotzeko asmorik ez izan arren, merkatu nahasiek gorantz bultzatzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu