Inflazioa

Euroguneko inflazioa apaltzeak urrundu egin du tasak igotzeko aukera

Eurostaten arabera, inflazioa %5,2tik %4,3ra jaitsi da abuztutik irailera. Hurrengo hilabeteetan ere apaldu egingo dela uste dute analistek, prezioen igoerak iazko udazkenean jo baitzuen goia.

Elikagaien garestitzea indarra galtzen ari da. FILIP SINGER / EFE
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 29a
12:27
Entzun

Interes tasen igoeraren garaia amaitu dela esateko beste argudio bat dago atzoz geroztik. Eurostaten arabera, euroguneko inflazioa bederatzi hamarren txikitu da abuztutik irailera. %4,3an dago orain, mailarik txikiena 2021eko urriaz geroztik. Gainera, datozen hilabeteetan ere nabarmen behera egitea espero da, inflazioak iazko udazkenean jo baitzuen goia.

Diruaren prezioa garestitzeari utzi diote azken bileretan AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak, eta hori egiteko asmoa zuela iradoki zuen Europako Banku Zentralak ere, iraileko agerraldian. Edonola ere, Christine Lagarde EBZko buruak atea irekita utzi zuen aurrerago interes tasak gehiago igotzeko, inflazioa kontrolatzeko behar izanez gero. Baina horretarako aukerak urritu egin dira, aspaldiko partez, interes tasa ofizialak inflazioaren azpitik daudelako. Halakorik ez zen gertatu 2016ko otsailaz geroztik.

Irailean inflazioa jaistea espero zen, iazko hilabete horretan jauzi handia egin zuelako (%9,1etik %9,9ra). Baina jaitsiera analistek uste zuten baino handiagoa izan da, abuztuko %5,2tik iraileko %4,3ra. Reuterseko galdekatutako ekonomistek, esaterako, %4,5eko tasa espero zuten.

Halaber txikitu da azpiko inflazioa, energia eta elikagaiak aintzat hartzen ez dituena: %5,3tik %4,5era. Azken datu horrek erakusten du iraileko jaitsiera ez dela mugimendu bakan bat, eta prezioen igoera indarra galtzen ari dela gorabehera handieneko produktuetatik harago.

Energia, merkeago

Gertakari larririk ez badago —energiaren munduan, bereziki— hurrengo bi hilabeteetan ere inflazioak beherakada handia izango duelakoan daude adituak. Izan ere, prezioen igoerak goia jo zuen iazko urrian (%10,6) eta azaroan (%10), energiaren garestitzeari batu zitzaiolako elikagaiena ere.

Urte arteko inflazioa horrekiko aldea da, eta energia jada merkeago dago. Irailean %4,7 merkeago izan zela esan dute Eurostaten lehen datuek. Janaria, ordea, iaz baino garestiago dago —%6,6 freskoa, eta %8,8 elikagai prozesatuak, alkohola eta tabakoa batuz gero—, baina garestitze hori ere indarra galtzen ari da.

Euroguneko herrialde gehienetan jaitsi da inflazioa, baina bereziki inportantea izan da Alemaniako datua: %6,4tik %4,3ra apaldu da. Frantziari dagokionez, Inseek ez du aldaketarik ikusi (%4,9), baina Eurostaten datu harmonizatuan jaitsiera txiki bat izan da, %5,7tik %5,6ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.