Euroguneko inflazioa uste baino gehiago jaitsi da, %2,4raino

Hurrengo hilabeteotan gorakada txiki bat izango duela uste du EBZk, eta, horregatik, ez du presa handirik interes tasak jaisten hasteko.

inflazioa
Elikagaien garestitzea indarra galtzen ari da. ANTONIO GARCIA / EFE
Iker Aranburu.
2023ko azaroaren 30a
13:00
Entzun

Ustekabe ona eman du gaur Eurostatek. Datu aurreratuaren arabera, Euroguneko urte arteko inflazioa bost hamarren jaitsi da urritik azarora, %2,4raino. Adituek espero zuten inflazioa apaltzea, baina ez hainbeste; Reutersek galdetutakoen artean, %2,7 zen gehien espero zen datua.

Bi faktorek bultzatu dute azaroko jaitsiera: energiaren merkatzea, eta elikagaien inflazioa jaisten ari dela.

Energiaren prezioa iaz baino %11,5 txikiagoa da. Iazko udazkenean jo zuen goia eurogunean —lehenago Euskal Herrian—, Errusiak gasbideak ixteak arriskuan jarri zuelako Europako Batasunaren hornikuntza. Baina beste hornitzaile batzuek bete dute Errusiaren lekua —AEBek, Qatarrek, Aljeriak, Nigeriak...—, eta eguraldi beroak eta aurrezteko neurriek lagunduta, gas eskasia izateko beldurra uxatu da. Herbehereetako TTF merkatuan 140 euroan kotizatzen zuen duela urtebete gas metro kubikoak, eta 40 euroan dago orain. Gasarekin batera merkatu da argindarra ere. 

Erregaiak ere iazko azaroan baino merkeago daude, jarduera ekonomikoaren geldotzeak kontsumoaren hazkundea apaldu duelako Asian, eta kontsumoa bera txikitu duelako EBn. Duela urtebete, batez beste 1,805 euroan salerosi zen gasolioa Euskal Herrian, eta 1,63 euroan aurtengo azaroan.

Energiaren prezioaren igoera bortitzak abiarazi zuen inflazio handiaren garaia, baina azken hilabeteotan elikagaien prezioak izan dira inflazioaren motorra. Baina bultzada hori ere indarra galtzen ari da: %15,5 ere izan zen urtearen hasieran, %7,4ra jaitsi zen urrian, eta %6,9ra azaroan. 

Edonola ere, inflazioaren jaitsiera orokorra da. Behera egiten ari da energia eta elikagaiak aintzat hartzen ez dituen indizea, azpiko inflazioa: %4,2tik %3,6raino apaldu da. Datu horri asko erreparatzen dio Europako Banku Zentralak, erakusten duelako zenbateraino sustraitu den inflazioa ekonomiaren sektore guztietan.

Lagarderen baldekada

Inflazioaren apaltzea berri ona da interes tasa handiak ordaintzen ari diren herritarrentzat eta enpresentzat, horri erantzunez EBZk diruaren prezioa jaitsiko duen itxaropena ematen duelako. Baina berehalako jaitsiera bat espero dutenei ur baldekada hotz bat jaurti die aste honetan bertan Christine Lagarde banku zentraleko presidenteak.

 

%3,92

Merkatuak hasi dira kontuan hartzen interes tasen joera beheranzkoa dela. Hipoteka maileguak kalkulatzeko baliatzen den indizeak, Euriborrak, urrian jo zuen goia (%4,16), baina azken asteetan behera egiten ari da. Gaur %3,926an kokatu da, eta azaroko batez bestekoa %4,022ra jaitsi du. Hala ere, hipoteken kuoten garestitzea ekarriko du, iazko azaroan Euriborra %2,828an geratu zelako.

 

Lehenik, iragarri zuen litekeena dela hurrengo hilabeteotan inflazioak pixka bat gora egitea, estatistikaren efektuarengatik. Kontua da energia neguan bertan hasi zela behera egiten, eta orduko prezioekiko aldea ez da azken hilabeteetan bezain nabarmena izango.

Bestetik, EBZren azken bileretan bezala, Lagardek ziurtatu zuen banku zentralak itxaron egingo duela interes tasak jaitsi arte, inflazioa erabat kontrolpean dagoela uste duen arte. Horretarako hilabete batzuk beharko direla uste du.

Pentsioak %3,8 igoko dira hegoaldean

Azaroan behera egin du inflazioak Espainian ere, %3,5etik %3,2ra, batez ere energia merkatu delako. Azaroko datuak ez du aldatu urteko batezbestekoa, %3,8koa izan baita 2022ko abendutik 2023ko azaro arte. Datu hori kontuan hartzen da Hego Euskal Herrian eta Espainian pentsioak eguneratzeko. Horrenbestez, sistemaren batez besteko pentsioa— erretiroarena, elbarriena, alarguntzarena, umezurtzena eta senideen aldekoa barne hartzen dituena — hilean 56 euro handituko da: gaur egun 1.456 euro dira hilean Hego Euskal Herrian. Igoera handiagoa izango lukete erretiro pentsioek: 64 euro. Gaur egun, erretiro pentsioen batezbestekoa 1.657 eurokoa da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.