Edo Danimarkak Groenlandia saltzen dio ekaina baino lehen, edo %10-15 arteko muga zerga ezarriko dio Groenlandian soldaduak dituen Europako herrialde orori.
Zortzi dira, zehazki, Donald Trumpek muga zergen mehatxua egin dien herrialdeak: Europako Batasunean, Alemania, Danimarka, Herbehereak, Frantzia eta Finlandia; eta handik kanpo, Erresuma Batua eta Norvegia. Baina, EB merkatu bakarra izanik, ulertu behar da kide baten gainean ezarritako muga zergak EB osoari ezartzen zaizkiola.
Mehatxu horri eman beharreko erantzuna larunbatean bertan hasi zen pizten herrialde horietan eta EB guztian, eta atzo, igandez, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak blokeko gobernuburuak biltzera deitu zituen ostegunerako, zehazteko nola erantzun behar zaion Trumpen mehatxuari. 19:00etan hasiko da bilera.
AEBetako presidentea Europan izango da asteazkenean bertan, Davosko Foroan, eta, hain justu, Europako agintari horietako askorekin topo egingo du han. Trumpen aurretik, bihar Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hitzaldia emango du foroan, eta Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak ostegunean du ordua.
groenlandia eta bakearen nobela
Bloomberg-en arabera, AEBetako presidenteak zuzenean lotu du Groenlandiaren gaineko mehatxua Bakearen Nobelarekin. Hori azaldu dio Trumpek gutun batean Norvegiako lehen ministro Jonas Gahr Storeri: «Kontuan izanik zuen herrialdeak erabaki duela niri Bakearen Nobel saria ez ematea beste zortzi gerra amaiarazteagatik, jada ez dut uste bakean soilik pentsatzeko obligazioa dudanik».
Trumpek larunbatean bere sare sozialean botatako mehatxuak AEBetako presidentearen enegarren hertsatze ariketa dirudi. Hain zuzen, guztiz bat dator Europako Batasuneko legedian jasota dagoen hertsatze hitzaren definizioarekin.
Araudi horren arabera, beste herrialde batek merkataritzari edo inbertsioari eragiten dieten neurriak ezartzen dituenean gertatzen da hertsatze ekonomikoa, edo haiek ezartzeko mehatxua egiten duenean, EBren edo haren kide den herrialderen baten lege jakin bat eragozteko xedez.
Gutxi-asko, beraz, definizioa bat dator Trumpen mehatxuarekin. Eta, beraz, aplikagarria litzateke mehatxu horri aurre egiteko Bruselan prest daukaten tresna.
Bazuka komertziala
Hertsatzearen Kontrako Tresnari (ACI, Anticoertion Instrument) «bazuka komertziala» esaten diote. Legezko tresna hori joan den legegintzaldian onartu zen Europan, Trumpekin aurreko aldian pasatutakoak gogoan, eta baita Txinari begira ere. Bizkor erantzuteko prestatu zuten; izan ere, urteak behar dira edozein jokaera Munduko Merkataritza Erakundean auzitara eramateko —hori litzateke legezko bide nagusia, teorian—.
Hori bai, tresna hori ez zuten erabiltzeko sortu: disuasioa du helburu nagusia edo izateko arrazoia, mehatxuak etetea. Eta batez ere AEBetatik Europara datozen zerbitzuak jartzen ditu jomugan.
«Probokazio berriak ditugu etengabe, une oro jasan behar dugu Trump presidentea antagonismoz jokatzen aritzea, eta europarrok argi utzi behar dugu muga jo duela»
LARS KLINBEIL Alemaniako Finantza ministroa
ACI tresna hori erabiliz, EBk 500 milioi kontsumitzaileren merkatua itxi diezaieke AEBei. Europak AEBetako bankuen jarduna mugatu dezake, patenteak atzera bota, jabetza intelektualaren babesa murriztu, eta hango konpainia teknologiko handiei software eguneratzeengatik irabaziak izatea oztopatu, baita Netflixen eta antzekoen streaming zerbitzua eragotzi ere.
Tresna horren bidez beste arma bat ere izan dezake: kontratazio publikoetarako sarbideak ukatzea; adibidez, Elon Musken Starlink lehiaketa publikoetatik at uztea.
ACIko neurri horietako edozein hartzeko, Europako Batzordeak egin beharko luke proposamena, betiere lau hilabeteko epe baten barruan eta herrialdeen gehiengo kualifikatuak onartuta bi hilabeteko epean. Batzordeak eskumena dauka legean aurreikusitako edozein neurri sei hilabetez behin-behinean eteteko, diplomaziari bide emateko.
Jarrerak
Xantaia, larderia, mehatxua... Hitz gogorrak entzun dira asteburuan Trumpen kontra. EBren barruan gero eta gehiago dira erantzuna gogortzearen aldeko herrialdeak.
Macron, adibidez, ACI tresna mahai gainean jartzeko prest agertu da, eta Alemania hurbiltzen ari zaio; udan, Trumpen elkarrekiko muga zergei erantzun apala ematearen alde zegoen Berlin, baina orain hark ere marra gorria jarri du. «Probokazio berriak ditugu etengabe, une oro jasan behar dugu Trump presidentea antagonismoz jokatzen aritzea, eta europarrok argi utzi behar dugu muga jo duela», esan du Lars Klingbeil Finantza ministroak. Poloniak eta Italiak zer jarrera hartuko duten, hori da orain zalantzarik handiena.
EBtik kanpo, Erresuma Batuak esan du ez diela muga zergekin erantzungo Trumpen mehatxuei, eta modu pribatuan kudeatu nahi duela gatazka, ez ekintza publikoen bidez.
AEB-en eta EB-ren azken ituna, izoztuta
Donald Trumpen azken erasoak hankaz gora jarri du AEBen eta Europako Batasunaren arteko merkataritza ituna, joan den uztailean Eskozian egindakoa. Washingtonen alde erabat lerrokatua zegoen itun hori —haren bidez muga zergak kendu zizkieten AEBetako produktuei, baina %15ekoak jarri Europakoei, eta %50ekoak altzairuari eta altzairuzko produktu askori—, baina irentsi egin zuen EBk, bi arrazoi direla medio: merkataritza gerra bat eragoztea eta AEBek laguntza militarra ematea Ukrainako gerran.
Baina Trumpen haizeak, hitzak ez ezik, sinatutako itunak ere eramaten ditu, eta, orain, AEBetako presidenteak muga zerga handiagoak jartzeko mehatxua egin die Groenlandiaz jabetzea eragotzi nahi diotenei.ÂEBren lehen erantzuna zera izan da, uztaileko merkataritza akordioa izoztea. Europako Parlamentuaren baiezkoa behar du oraindik, baina botoa atzeratzeko eskatu du legebiltzar horretako talde nagusiak, EPP kontserbadoreak, eta eskaera horrekin bat egin dute sozialistek eta liberalek. Asteazkenean da biltzekoa parlamentuko merkataritza batzordea, eta agian orduan iritsiko da jakinarazpen ofiziala.Â
Aldi berean, AEBetako 93.000 milioi euroren inportazioei muga zergak handitzeko asmoa ere badu EBk. Boeing hegazkinak, autoak eta bourbon whiskia daude muga zerga handiagoak izango dituzten produktuen zerrendan.
EB da, bloke gisa, gaur egun AEBen bazkide komertzial nagusia, %20tik gorako kuota baitu.