Bakeak bazuen prezioa. AEBetako presidente Donald Trumpek agintera itzuli zenetik, Brusela buru-belarri aritu da merkataritza gerra saihestu nahian. Eta, neurri batean, helburu hori lortu du, igande honetan Trumpek eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Eskozian egin duten bileran iragarri duten akordioaren bidez. Lasaitua hartu du, beraz, Bruselak, baina kosta egin zaio etsipena ezkutatzea. Lor zezakeen akordiorik txarrenen artean hoberenetarikoa dela iradoki baitu.
Izan ere, merkataritza gerra luze bat saihestearen truke, men egin behar izan dio Trumpen zenbait asmori. Nagusia: AEBetan sartu nahi duten EBko produktu gehien-gehienek zerga orokor bat ordaindu beharko dute abuztutik aurrera: %15, «gehienez».
Dena dela, askoz gehiago ordaindu beharko du Europako altzairuak eta aluminioak: %50. Beste muturrean, autogintzaren sektorea. Hari ezarritako muga zerga %27,5etik %15era jaitsiko da. Beste esportazio batzuk akordiotik kanpo geratu dira, eta aurrerago negoziatuko dituzte haientzako muga zerga berriak —adibidez, edari alkoholdunenak—.
Gainera, Europako Batasunak konpromisoa hartu du AEBei energia eta arma gehiago erosteko. Zenbat eta nola? Zifra orokorren bat alde batera utzita, ez dute zehaztasunik eman.
Maros Sefcovic Europako Merkataritza komisarioak gaur egindako agerraldian ere ez du xehetasunik eman nahi izan. Mezu orokor bat zabaldu du: egoerak okerrera ez egitea lortu dute akordioa sinatuta. Eta nabarmendu du oinarri bat ezarri dutela hemendik aurrera muga zerga horiek murriztuz joateko, neurri batean Trumpen lehen agintaldian gertatu zen moduan.
«Gure enpresek mezu argia bidali ziguten: eragotzi igoera, eta lan egin berehalako arintzea ekarriko duen irtenbide baten alde», adierazi du Sefcovicek. Ohartarazi du Europako ekonomia «izugarri» kaltetuko zela akordiorik lortu ezean eta Trumpek %30eko muga zerga ezartzeko mehatxua betez gero.
Altzairuarekin arantza
Negoziazioak abiatu zirenean, Bruselak onartua zuen muga zerga orokor bat onartu beharko zuela. Ez zuen inoiz kopuru zehatzik aipatu, baina haren helburua %10 zela zabaldu zen modu ez-ofizialean. Ez du halakorik lortu, ezta bere helburu nagusietako bat ere: ekainean Trumpek EBko altzairuari eta aluminioari ezarritako %50eko muga zerga murriztea.
Arantza hori geratu zaio Bruselari. Sefcovic, hala ere, porrota goxatzen saiatu da. Adierazi du alor horretan «kolaboraziorako ate bat» zabaldu dutela. «Oso argi geratu da, altzairuari eta metalei dagokienez, ez garela bestearen arazoa. Ez gara AEBetako siderurgia sektorea suntsitzen ari. Ezta haiek gurea ere. Osagarriak gara, eta AEBek badakite gure altzairuaren behar handia dutela».
Zuzenean aipatu ez duen arren, Merkataritza komisarioak iradoki du Txinako altzairua eta aluminioa direla bien arerio nagusia, eta adierazi du igandeko akordioaren bitartez oinarri bat jarri dutela AEBek eta EBk «metalen aliantza bat» edo «kolaborazio estrategiko bat» sortzeko. Horrekin lotuta, uste du %50eko muga zerga malgutuz joango dela Washington, kuoten sistema baten bidez, Joe Bidenen agintaldian egin zuen moduan.
Sefcovicek lasaitasun mezua bidali nahi izan duen arren, ez dute berdin pentsatzen industria sektoreko eragileek. Eurofer Europako altzairuaren patronalak nabarmendu du muga zerga %50ean mantentzeak «ondorio dramatikoak» izango dituela sektorean. BDI Alemaniako industria federazioak ere oso analisi ezkorra egin du. «%15eko muga zergak orokortzeak oso ondorio larriak izango ditu Alemaniako eta Europako ekonomiarako». Gaur, Tubos Reunidosek jakinarazi du urteko lehen seihilekoan 28,4 milioi galdu dituela, eta muga zergei egotzi die galera hori. Amurrioko (Araba) hodigileak asko esportatzen du AEBetara, baina azaldu du horregatik «eten» egin zaizkiola eskariak.
Bayrou: «Sumisioa»
Estatu kideak hitzak neurtzen saiatu dira, baina ez dute ezkutatu etsipena. «Sumisioaren alde egin du Europak», esan du François Bayrou Frantziako lehen ministroak sare sozialetan. Eta hau gehitu du Benjamin Haddad Frantziako Europako Gaietarako ministroak: «Izan gaitezen argiak: akordioa ez da ona, ezta jasangarria ere». Negoziazioetan, Parisek Bruselari eskatu zion Trumpen jokoan ez erortzeko, eta, behar izanez gero, hertsaduraren aurkako tresna aktibatzeko: horrek EBtik kanpoko enpresak zigortzeko aukera ematen dio EBri, adibidez, Europan kontratazio publikoetan parte hartzeko aukera blokeatuz.
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak gehiago neurtu ditu hitzak, baina ez du ezkutatu etsipena. «Akordioarn bidez, ekonomiari gogor eragingo zion merkataritza gatazka bat saihestea lortu da. Horri esker, gure funtsezko interesak babestu ahal izan ditugu, baina gustatuko litzaidake merkataritza transatlantikoan malgutasun handiagoa ikustea».
Baikorrago mintzatu da Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa, eta %15eko muga zerga orokorra Europako enpresentzat «jasangarria» dela adierazi du. «Ontzat jotzen dut akordio bat lortu izana, beti pentsatu izan baitut Europaren eta Estatu Batuen arteko merkataritza gatazka batek aurreikusi ezin diren eta suntsigarriak izan daitezkeen ondorioak izango lituzkeela».
GAKOAK
Zer adostu dute?
EBko esportazio gehienek %15eko muga zerga ordainduko dute AEBetan sartzeko. Trumpek apirilean iragarritako %20 baino gutxiagoa da hori, eta duela aste batzuk Trumpek mehatxu gisa aipatutakoaren (%30) erdia. Dena den, apiriletik indarrean zegoen %10eko muga zerga orokor bat. Horri aurretik zegoen %4,7ko batez besteko zerga gehituta, esan daiteke abuztuan indarrean sartuko den muga zergaren antzeko bat ordaintzen aritu direla EBko esportatzaileak azkenengo lau hilabeteetan. Azkenean, EBk Japoniaren muga zerga bera izango du, eta Erresuma Batuak adostutakoa baino bost puntu handiagoa.
Zer salbuespen daude?
Akordioaren hari mutur asko itxi gabe dago, eta baliteke hilabeteak edo urteak behar izatea horiek adosteko, salbuespen asko negoziatzen ari baitira. Hauek aipatu ditu Sefcovicek: nekazaritza sektoreko elikagaiak, edari alkoholdunak, hegazkingintza eta txipen sektorea. Ez du baztertu kasu batzuetan muga zergarik ere ez ezartzea.
Zer gertatuko da altzairuarekin?
Altzairuaren eta aluminioaren industriak dira akordioaren kaltetu nagusiak. Ekainean ezarritako %50eko muga zergak indarrean jarraituko du. Trumpek berak 2018an ezarritakoa halako bi da hori. Joe Bidenek %25ekoa mantendu zuen bere agintaldian, baina, kuota batzuen arabera, hori jaits zitekeen. Sefcovicek dio oraingo akordioan aukera aurreikusten dela kuota sistema bat negoziatzeko.
Eta autogintzarekin?
Autoei dagokienez, %27,5eko muga zerga murriztu eta %15era jaitsi da. Arintze bat da sektorearentzat, baina presioa mantentzen du. EBn egindako autoak eta osagaiei eragiten die neurriak.
Zer konpromiso hartu ditu EBk energia eta gastu militarrean?
Datozen hiru urteetan, EBk 638.000 milioi euroren erosketak egingo dizkie AEBei energiaren arloan. Gaur egun AEBetan erosten duen halako hiru izango litzateke hori. Sefcovicek ez du zehaztu Bruselak nola egingo duen hori; besteak beste, zer egingo duen egun indarrean dauden kontratu pribatuekin. Horrez gain, Trumpek igandean adierazi zuen EBk inbertsioak egingo dituela AEBetan eta arma kopuru «ikaragarri bat» erosiko duela. Horri buruzko zehaztasunik ere ez du eman Bruselak.