Lurrundu da ustezko aliatuen arteko konfiantza, eta Bruselan eta EBko hiriburuetan hasi dira subiranotasun digitalari lehentasuna emateko mugimenduak. AEBetako konpainia erraldoiei alternatibak bilatzeko egitasmoak ez dira berriak kontinentean, baina Donald Trumpen eta haren konplize teknologikoen mehatxua garondoan sentitzea akuilu zorrotza bihurtu da.
Tituluetan, beharbada, oihartzun handiagoa izaten ari dira X, Instagram eta antzeko sare sozialei mugak jartzeko estatuen asmoak, edo Metari jarritako isunak, baina Europak teknologia digitalen jabetza eta kontrola edukitzeko mugimenduen adibideak badaude.
Hala, Frantziako Gobernuak agindu berri die bere langileei bideo deietarako Zoom eta Teams erabiltzeari utzi eta Frantzian garatutako Visio erabiltzeko. Alemanian, Danimarkan eta Frantzian bertan udal handi batzuek abiatu dute Microsoft erabiltzeari uzteko prozesua, baina denbora beharko dute horretarako. Europako Batzordea bera hasia da OVHCloud eta antzeko Europako konpainiekin hitz egiten, haiei kontratatzeko orain AEBetako konpainiekin dituzten zerbitzu digitalak.
Bertakoa erosi
Mugimendu horiek ikusten ditu Joseba Laka Tecnaliako Digitalizazio zuzendariak. «Bruselatik, hackerren bilkura hartatik, oso etsita etorri nintzen. Baina orain sumatzen dut politikoki aldaketa bat dagoela, eta enpresen aldetik ere bai. Enpresa asko ari dira jabetzen dependentzia ez dela txistea».
Tecnalia, adibidez, enpresa handiek bultzatutako eta Europako Parlamentuak bere egindako Eurostack ekimenaren sinatzailea da, eta Laka bera Gaia-X ekimenaren zuzendaritzako kide da. Gaia X-k burujabetza digitalaren xedearekin datu azpiegitura federatuak garatzen jarduten du. Lakaren ustez, Europako banku eta enpresa handiak burujabetzarako bultzatzaile handiak izan daitezke, eta adibide gisa ordainketetarako Europan eratutako plataforma aipatu du.
visa-tik eta paypal-etik askatu nahian
Bankuak jarri dira AEBetako ordainketa plataformei aurre egiten. Otsail hasieran, Europan doako diru transferentziak egiteko plataforma handi bat eratzeko akordioa egin dute Bizumek (Espainia), Bancomatek (Italia), SIBSek (Portugal), Vipps Mobile Payek (Norvegia) eta Frantziak eta Alemaniak iaz sortutako Wero plataformak (Alemania, Frantzia eta Belgika).
Hamahiru herrialdetan 130 milioi erabiltzaileri zerbitzua emateko enpresa izango da, plataforma ugariren bezeroen arteko operazioak errazteko, eta, hala, aurre egingo dio ordainketetarako Mastercarden, Visaren, eta Paypalen nagusitasun erabatekoari. Europako bankuek euro digitalari emandako erantzun bat ere bada, haien negozioa murriztu baitezake.Â
«Hor ikusten da EBZ Europako Banku Zentrala eta Europa mailako erakunde bat egoteak eta euroak berak, hau da, federaltasun horrek, gauzak nola bideratzen dituen. Neurri batetik gora, bankuek harreman zuzena dute EBZrekin, ez dute derrigorrez estatuetatik pasatu behar, eta, estatuetatik gora, erregulazioak mugitzen dira», egin du gogoeta Alex Etxeberria ADIren zuzendariak.
Eta mendekotasun digitaletik askatzeko modu eta aukeren artean gehien aipatzen den bidea zera da, Europa bertako konpainiak aukeratu eta bultzatzea. Indarra hartzen ari da erosketa eta kontratu publikoetan haiek lehenesteko ideia.
Hortik doa Lakaren ustea ere: «Ikuspegi keynestarra behar da, eta inbertsio publikoak egin behar dira, industria politikan. Hori bai, enpresa traktoreak beharrezkoak dira, eta ez soilik enpresa txikiak eta ertainak, start-up-ak, ze gero kapital estatubatuarra haiek irenstera etortzen da, eta akabo fandango».
Hori gertatu zen Skyperekin, Alex Etxeberria ADIren zuzendariak kontatu duenez. «Estonian sortu zen Interneteko deietarako konpainia aitzindaria, baina Microsoften eskuetan bukatu zuen. Horixe egiten dute konpainia teknologiko handiek: eurek egin ezin dutena erosi eta integratu. Horrela hazten dira».
Eta hazten dira AEBetan bertan merkatu handia dutelako ere, besteak beste gobernuaren kontratu handiei esker. Hori uste du Mistral-eko buruzagiak, Arthur Menschek. Mistral adimen artifizialeko start-up bat da, eta, bere neurrian, aurre egiten ari zaie adimen artifizialeko handienei, batez ere negozioak zerbitzatzeko bere estrategiaren bidez. Mistralek 1.000 milioi euroko fakturazioa aurreikusten du 2026rako, eta 1.200 milioiko inbertsioa iragarri berri du, Suedian datu zentro bat eraikitzeko, Frantziatik at egingo duen lehena.

Otsailaren 11n adimen artifizialaren inguruko lehiaz ari zela, Menschek berriz ere batasunerako deia egin zion Europari: «AEBak merkatu handia dira. Eta mailaz handitzeko ahalmen horrek indarra ematen die [AEBetako erraldoiei]. Europa merkatu bateratutzat jo behar dugu, haiekin lehiatu nahi badugu, eta ezinbestekoa dugu lehiatzea, [adimen artifiziala] teknologia garrantzitsuegia baita amore emateko. Elkar hartu behar dugu, eta Europa merkatu bakar moduan irudikatu, Europako teknologia erosten duten enpresekin eta gobernuekin».
EBren nortasun anizkoitza
Hain zuzen, otsailaren 25ean proposatu behar du Europako Batzordeak Industria Bizkortzeko Araua (Industrial Accelerator Act), eta, horrekin loturik, Stephane Sejourne Frantziako komisarioak jakinarazi du erosketa publikoetan politika jakin bat ezarri nahi duela: Europakoa erosi. Europako produktuak lehenestea nahi du, batez ere herrialde bakar baten oso menpeko diren sektoreetan eta kritikoak direnetan; horietako bat litzateke, nola ez, erabat AEBen mende den teknologia digitalen alorra.
Baina bada horrelako neurri protekzionista EBren lehiakortasunerako kaltegarria izan daitekeela uste duenik, Munduko Merkataritza Erakundearen arauen kontrakoa ere izateaz gain. Eta badaude ere pentsatzen dutenak egiaz EBk merkatu bakar benetan eraginkor bat behar duela, arau gutxiago eta sinpleagoekin, zatiketa txikiagoarekin. Jakina, azken hori kritikatzen dutenak ere badira.
Askorentzat ernegagarria gerta daiteke Europaren ohiko martxa hori. AEBen mendekotasunetik askatu eta burujabetasun digitalaren bila ere, Europak bere ohiko ajeak ageri ditu. Eta, for sure, ez dira Emmanuel Macronen betaurrekoak behar hori ikusteko.
900AEBetako konpainia teknologikoen lobbystak EBn. Corporate Europe Observatoryren arabera, AEBetako konpainia teknologiko handiek ia 900 pertsona inguru dituzte lobbygintzan Bruselan, eta 2024an 151 milioi euro gastatu zituzten EBko legeetan eragina izan nahian.
Mila dira EBn erabakiak moteltzen dituzten bereizketak eta indar borrokak: atlantistak eta AEBekiko autonomia handiagoa nahi duten herrialdeak daude; ezkerreko, eskuineko eta ultraeskuineko sentsibilitateetako gobernuak eta eurodiputatuak; protekzionismoari alergiadunak, desarautzearen bandera astintzen dutenak, interbentzionismoaren defendatzaileak; interes ekonomiko erabat kontrajarriko sektore osoak; EBko arauak nahierara moldatzen dituzten estatuak...

Urte arriskutsuak
Eta elkar hartzeko bide horretan gauzak erraztera (zilegi bedi ironia) datoz AEBen eta AEBetako konpainia teknologikoen interesak defenditzeko lobby indartsuak. Baina Bruselako eta Estrasburgoko korridoreetan gertatzen diren hertsatzeez gain, begien bistan ere badira presioak, eta horien artean ulertu behar dira Googleko zuzendari juridiko nagusiak, Kent Walkerrek, joan den astean bertan propio Financial Times-i egindako adierazpenak.
Walkerren ustez, Europako Batasunak «lehiaren paradoxa» bat du aurrean, hazkundea nahi baitu, baina sarbidea murrizten die hori iristeko beharrezko teknologiei», hots, beraiei.
Walker, Google, ez dago pozik EBrekin: «Europari balio handiko ekarpena egiten diogu. Munduko teknologia hoberenetako batzuk erabiltzea zailtzeko murruak altxatzeak kontrako eragina du errealitatean», esan zuen Googleko arduradunak, «burujabetza digital irekia» eta AEBetako enpresen eta Europakoen arteko elkarlana defendituz.
Halako presioek erakusten dute AEBetako konpainia teknologiko handiek eurek ere ikusten dituztela mugimenduak EBn. Hala ere, analista gehienen arabera, urteak eta dirutza beharko dira AEBetako konpainia teknologikoen nagusitasuna murrizteko, nahiz eta erdiko epe eta epe luzean posible izan daitekeen.
Bitarte horretan, baina, ez dira faltako estrategiak Europa aurrerantzean ere AEBn kolonia digitala izan dadin. Ikusi besterik ez AEBetako enpresa teknologiko handiak nola ari diren, haien diru eta pentsamenduen mesedetan, zuzenean EBetako herrialdeen politiketan eragiten, eta horretarako, adibidez, eskuin muturra sustatzen. «Oso urte txarrak izango dira datozen lauzpabost urteak; arriskuz betetakoak», aurreikusi du hala ere baikor izan nahi duen Lakak.
Ezin da ukatu, teknologien progresio handiko garai hauek erabakigarriak bilakatu dira, baita Europako burujabetzarako ere.Â

'hodei subiranoen' zuriketa
Badaude beste zantzu batzuk seinale direnak Europan burujabetza digitalaren inguruan zerbait mugitzen ari dela. Begiratu besterik ez dago zer egiten ari diren azken urtean hiru handiak —AWS (Amazon), Azure (Microsoft) eta Google Cloud—, nola hasi diren hodei subiranoak saltzen.Â
AWS Amazon Web Servicesek urtarrilean aurkeztu du bere konpainia berria, AWS European Sovereign Cloud, zeina «fisikoki eta logikoki bereizita» dagoen AWSren beste eskualdeetatik. Alemanian du egoitza konpainia berriak, Brandenburgon, eta, Amazonen arabera betiere, EBko haren hodeia tokian kontrolatua egongo da, hau da, EBko herritarrek kudeatua.Â
AWSren arabera, hodei burujabeak ez du «menpekotasun kritikorik izango EBkoak ez diren azpiegiturekiko», eta jarrai dezake lanean munduarekin komunikazioa galduko balu ere. Hori bai, AWSren Txinako eremuak ez bezala —konpainia independenteek kudeatuak—, European Sovereign Cloud konpainiaren jabetza Amazonena da.Â
Microsoftek, berriz, iazko apirilean bost «konpromiso digital» hartu zituen EBrekin Azure bere hodeiaren inguruan: auzitegietan aurre egitea EBko bezeroen hodei zerbitzuak eteteko edozein gobernuren aginduei; kontinenteko bere hodei zerbitzuak europarrez osatutako batzorde batek gainbegiratzea, EBko legedia bete dezan; Europako bere datu zentroen ahalmena %40 handitzea, eta hamasei herrialdetara zabaltzea, milaka milioi inbertituz urtero. Microsoftek, hala eskatuz gero, Europako bezeroen datuak Europako datu zentroetan soilik gordetzen ditu.Â
Bi konpainien bide berean, Googlek ere eskaintzen ditu hodei burujabeetarako zenbait soluzio, eta elkarlan akordioak egin ditu Europako enpresekin. Baina, AEBetako legeak ezagututa, egiaz dira subiranoak hodei horiek?Â
«Gezurra da burujabeak direnik. Gezurra», dio Joseba Lakak. Eta ez da hori uste duen bakarra. Hainbatek leporatu diete konpainia horiei sovereign washing egitea, zuriketan dabiltzala.Â
Besteak beste, promesa horiek guztiak egiten ari direla, konpainia horiek kendu dizkiete helbide elektronikoak Hagako Nazioarteko Auzitegiko epaileei eta Thierry Breton EBko komisario ohiari ere, ordainketarako txartelak bertan behera utzi dituzte, sarbideak ukatu... Zergatik? AEBetako Gobernuaren zigortuen zerrenda batean egoteagatik; epaileak, Benjamin Netanyahu auzipetzeagatik; Breton eta beste lau pertsona, Marco Rubioren esanetan «AEBetako plataformak hertsatzeko antolatzeagatik, haien aurkako ikuspuntu estatubatuarrak zentsuratu, diru gabetu edo ezabatzeko».Â
Alex Etxeberriak, hodeiei dagokienez, esplikatu du burujabetzak lau arlo dituela. «Lekua, jabetza, nork maneiatzen duen, eta, azkenik, teknologia. Eta lauretan izan behar da burujabe. Zuk burujabe izan nahi baduzu, horiek laurak kontrolatu behar dituzu».