Europa, AEBen kolonia digitala

Europarentzat zaplazteko baten modukoa izan da Donald Trumpen bigarren agintaldiko lehen urtea. Ustezko aliatuarengan izandako konfiantza itsua eta globalizazio mugagabearen sirena kantuak apaldu direnean, menpekotasuna agerian geratu da.

BERRIA
BERRIA
Irune Lasa.
2026ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBen kolonia digitala da Europa. Ez da gauza samurra entzuteko, beti aurretik, maiz goitik ia mundu guztiari nagusitasunez begiratzera ohituta dauden europarrentzat, baina Donald Trumpek bere ekintza eta mehatxuekin zerbait lortu badu, Europaren ahulezien errealitatea bere gordintasun guztian biluztea lortu du. Errealitatea bere gordinean, besteak beste, teknologia digitalen arlo ezin funtsezkoagoan.

«AEBekiko guztiz naif ikusten dugu Europa». Dozena bat urte igaro dira, etsituta, hori entzun zuela Joseba Laka Tecnaliako Alor Digitalaren zuzendariak.

Europako Parlamentuaren ekimenez, AEBetako hackerrak eta EBkoak eurodiputatu batzuekin elkartu ziren, eta Laka elkarrizketa mahai haietako bat gidatzen aritu zen: «Hacker haiek mitoak ziren, rock izarren parekoak; elkar miresten zuten, gainera. Eta hacker estatubatuarrek argi eta garbi ohartarazi zioten Europa hari, AEBekiko guztiz naif, erabat naif ikusten zutela; Europak behar zuela subiranotasuna, behar zuela bere postura defenditu. Pentsatuko duzunez, hacker europarrek ere gauza bera uste zuten».

«Eta ezin hobeto gogoratzen dut EAP Europako Alderdi Popularreko eurodiputatu liberal bat haiei erantzuten, friki saldo bat zirela, mundu eta ekonomia globalizatuak zeudela, protekzionismoak ez zuela tokirik... Handik etsituta, ezkor itzuli nintzen», gogoratu du Lakak. «‘Salduta gaude’ pentsatu nuen, ‘salduta gaude’».

zenbaterainokoa da menpekotasuna?

Europako Parlamentuaren arabera, Europako Batasuneko produktu, zerbitzu, azpiegitura eta jabetza intelektual digitalen %80 kanpoko herrialdeenak dira.

 Eta AEBen itzala da handiena, zalantzarik gabe. Europako hodei konputazioko merkatuaren bi herenetik gora kontrolatzen ditu; Google eta Apple nagusi dira telefonia mugikorretarako sistema eragileetan; Googlek dominatzen du bilatzaileen arloa Europan, eta Open AIren ChatGPT da adimen artifizialeko txatbot nagusia Europan. Esan gabe doa, kontinentean milioika erabiltzaile dituzten sare sozial ia guztiak eta mezularitza zerbitzuak AEBetako konpainienak dira.

Telekomunikazioetan eta teknologia digitalen arloan diharduen jende asko aspaldi jabetu ziren Europaren AEBekiko menpekotasunaz. Europaren xalotasunari buruz, Lakak beste pasadizo bat du gogoan, 2009an NASAri software bat saldu ziotenekoa: «Kontua ez zen guk AEBetara norbait bidaltzea haiei azaltzeko tresna nola zebilen, ez. NASAk azpikontratatuko enpresa bat etorri zen tresna ikasi eta proiektua haiek AEBetan bertan egiteko, kodeak US citizens only (soilik hiritar estatubatuarrak) izan behar zuelako. Existitzen da horrelako zerbait Europan? Inondik inora ez. AEBek gauza batzuk debekatzen dituzte, eta Europak? Europak irekitzen ditu ateak, leihoak eta dena; ez dago inolako hesirik estatubatuarrentzat».

AEBen kolonia digitalean bizitzearen konstatazioak ez du harritzen Alex Etxeberria ere. «Bagenekien», dio ADI Atlantic Data Infrastructure-ko zuzendariak, eta Angela Merkelen telefonoarena dakar gogora: 2013an deskubritu zuten AEBetako zerbitzu sekretuak gutxienez 2002. urtetik aritu zirela Alemaniako kantzilerraren telefonoa espiatzen.

Noraino iristen da metropoliaren boterea?

Eta gauzak ez dira aldatu orduz geroztik. Joan den ekainean aitortu zuen Microsoften Frantziako zuzendari Anton Carniauxek Frantziako Senatuan:  galdetu zioten ea berma zezakeen ez zela frantziarren daturik igorriko AEBetara Frantziako agintarien berariazko baimenik gabe. Zinpean egindako deklarazioan, Carniauxek erantzun zuen ezin zuela halakorik bermatu.

Anton Carniaux, Microsoft
Anton Carniaux, Frantziako Senatuan egindako agerraldian. BERRIA

Hain zuzen, AEBetako legeen —CLOUD legearen eta FISAren— irismena izan daiteke Europaren mendekotasun digitalaren erakusgarririk egokienetako bat: AEBetako Gobernuarentzat eta zerbitzu sekretuentzat ez dago oztoporik Microsoft, Meta, X, Amazon eta Google nagusi diren Europa honetan.

Europaren mendekotasun digitalak beste arrisku ere badakarkio Europari, itzelezko zaurgarritasuna. Trumpek Groenlandia bereganatzeko egindako mehatxuak hainbat arlotan azaleratu du hori.

The Wall Street Journal-ek azaldu du kezka hori egon badagoela hainbat gobernu europarretan, eta azaldu du zein den amesgaiztoa EBko agintarientzat: Etxe Zuriaren agindu bat, EBri datu zentroetarako eta posta elektronikoetarako sistemetarako sarbidea ukatzen diona; switch off (itzaltze) bat. Oraintxe, oso-oso zaila da Europa AEBetako teknologiarik gabe funtzionatzen imajinatzea. Baina Trumpen mehatxuak ez dira imajinazioak.

«AEBek ez dute inongo armarik behar Europa menderatzeko. Nahikoa dute telekomunikazioetarako piezak hornitzeari uztea, kable optikoa ez saltzea edo txipak edo memoriak ez bidaltzea... Horietako batzuk Txinan eta Taiwanen egiten dira, baina askotan jabeak AEBetakoak dira», dio Etxeberriak. «Aldiz, Txinak, AEBekin haserretu zenetik, teknologia digitalen ia kate osoa eratu du».

legezko sarbidea?

Trumpen lehen agintaldian onartu zuten AEBetan CLOUD legea (Datuen Atzerriko Erabilera Legezkoa Argitzeko Legea). Auzi agindu batek atzerrian dauden datuetarako sarbidea ematen die AEBetako Gobernuaren Poliziari eta abarrei, nahiz eta ez egon AEBetako zerbitzarietan edo ez izan AEBetako herritarrenak, betiere zerbitzu horien hornitzailea AEBetakoa bada.

Eta berdin dio zer esaten duen Europako Batasuneko legediak. GDPR  Datuak Babesteko Arau Orokorraren arabera, EBtik kanpoko herrialde bateko auzi aginduak soilik baliozkoak dira nazioarteko hitzarmen batean oinarritzen badira, baina CLOUD legeak ez du baldintza hori betetzen.

Beraz, AEBetako konpainiak Europatik daturen bat hartzeko agindua betetzen badu, GDPR araua hausten du, baina agindua betetzen ez badu, ondorioak izan ditzake AEBetan. Eta AEBetako konpainiek argi daukate aukeran zer lege beteko duten. 

FISA  Atzerriko Inteligentzia Zerbitzuak Zelatatzeko Legea harago doa: hari esker, AEBetako zerbitzu sekretuek ez dute inolako auzi agindurik behar estatubatuarren eta estatubatuarrak ez direnen datuak biltzeko. CLOUD legeak bezala, FISAk ere ez du betetzen EBren araudiak eskatutako ez baldintzarik, ez hitzarmenik.

Nola iritsi da Europa egoera honetara?

Neurri handi batean, autoporrot bat dago menpekotasun digital handi honen oinarrian. Lakak gogoan du nola EBko lehia politikaren arauek telekomunikazio operadoreen arteko bat egiteak eta proiektu bateratuak eragotzi zituzten 2000ko urteen hasieran. Herrialde bakoitzak izan behar zituelako bere txapeldunak. Telefonoetarako Nokiaren Symbian sistema orokortzea ere oztopatu zen, Androiden eta IOSen mesedetan.

Lakaren ustez, «Europak oso txarto jokatu zuen garai hartan. Arauak, arauak eta arauak. Adibidez, Europako zenbait operadore hasita zeuden SMSak gainditzeko mezularitzarako estandar bat probatzen. Baina Europako Batasunak oztopo bat jartzen zuen bestearen atzetik. Eta, halako batean, agertu zen Whatsapp izeneko enpresa bat, inork ezagutzen ez zuena, eta urteetako lana zuen Europako proiektua pikutara bidali zuen. EBn oso liberalak dira kanpokoekin, eta oso murriztaileak barneko ekimenekin».

Etxeberriak ere gogoan du nola joan zen galduz ekosistema teknologiko hura, eta Interneterako jauzian nolako indarrez sartu ziren estatubatuarrak. Nabarmendu du AEBetako konpainiak bereziki onak direla beren produktuak merkaturatzen. «Teknologia modu erraz batean eskaintzen dute, erraza izaten da teknikarientzat, erabiltzaileentzat. Eta onak dira vendor lock-in egiten, hornitzailearekiko dependentzia sortzen».

Horrez gain, azaldu du Etxeberriak, «AEB berek oso merkatu handia daukate, eta, gainera, hor, gobernuko sektoreek pisu handia eduki izan dute, arlo militarrak, ogasunak, zentsuak... AEBetan eskaintza eta eskaria ondo orekatzen dira, eta horrek produktuen garapena laguntzen du. Europa hor atzetik joanda».

USA TRUMP INAUGURATION (1)
Jeff Bezos (Amazon), Sundai Pichar (Google) eta Elon Musk (X, spaceX), iazko urtarrilean Donald Trumpen kargu hartze ospakizunetan. SHAWN THEW / EFE

Eta Euskal Herriaren menpekotasuna?

AEBen kolonia digital izatetik askatzeko imintziotan dabilen Europa batean, zailtasun berezia du Euskal Herriak proiektu eta asmo horietara heltzeko, hain zuzen, estatuekiko —Frantziarekiko eta Espainiarekiko— duen menpekotasunarengatik.

«Ez gara konturatzen zelako dependentzia daukagun Madrilekiko», dio Lakak. Industria adimendunerako AI Matters Europa mailako proiektuarekin gertatutakoa jarri du adibidetzat: zazpi nodoko sare bat da, adimen artifizialarekin eta robotikarekin Europako industriaren malgutasuna bultzatzea xedea duena.

Bruselak laguntzen du proiektua, baina laguntzaren beste erdia estatuek jarri behar dute —gero eta gehiagotan ari da gertatzen Europako proiektuekin—. Bada, promes eta joan-etorri askoren ostean, Tecnaliak kudeatzen duen nodoa da zazpietatik bakarra ez daukana estatuaren laguntzarik, industria adimenduna —funtsezkoa euskal industriarentzat— ez delako sartzen Espainiako Adimen Artifizialaren Estrategian.

Eta horrela hainbat adibide daude. Teknologia digitalak garatzeko Europako proiektuetarako lehia maiz Madrilen dago, Espainiako Gobernuarekin harreman zuzena dute enpresa handi-handiekin. Eta hori menpekotasun handia da, alorrean beharrezkoak diren inbertsio handiak kontuan hartzen badira.

ADIko zuzendariaren ustez, sareak, ekosistemek naturalagoak izan beharko lukete Europan, baina gertatzen da estatuak ez uztea polo natural horiei garatzen. «Guk ezin dugu Bordelerekin, Tolosarekin [Frantzia] edo Zaragozarekin modu neutral batean lan egin; gure sarean, Madrildik pasatu behar dugu».

«Herrialde txikiok bi jauzi egin behar izaten ditugu; guk, lehena Madrilera», dio Etxeberriak. Harentzat, «teknologiekin arazo handiena da Europa ez dela federala. Politika guztiak estatuetatik datoz, eta AEBetan politika horiek askoz ere federalagoak dira. Aldiz, Europaren egitura estatuen araberakoa da. Europan hartzen dira erabakiak, baina gero estatuek beren moduan egiten dituzte banaketak, eta estatu bakoitzak du bere idiosinkrasia. Madrilen, Telefonica, hodei bat diseinatzen duenean, ez dago Alemanian pentsatzen, edo alderantziz, eta horrela enpresa horiek txikiak dira AEBetakoen aldean».

SWITZERLAND WORLD ECONOMIC FORUM
Alex Karp Palantirren burua, urtarril honetan Davosko foroan. GIAN EHRENZELLER/ EFE

Zein izan daitezke ondorioak?

Beste aldean, metropoli digitalean, konpainia horiek erraldoiak dira. Inoiz baino botere handiagoa dute, eta zenbaiten jabeak asmo makurreko oligarkak dira. Argazkia beldurgarria da, Europaren zaurgarritasun digitala gehitzen bazaio.

Francesca Bria ekonomistak egindako Authoritarian Stack ikerketan, ikusten da nola Palantir, Anduril, Space X eta AEBetako halako konpainien esku dauden Europako datu eta azpiegitura benetan kritikoak, defentsa eta armagintzaren ingurukoak, eta baita barne segurtasunekoak ere, zergatik eta estatuek haiek azpikontratatu dituztelako. Peter Thiel, Elon Musk eta beste broligarkak dira konpainia haien jabeak, disimulurik gabe erakunde demokratikoen kontra agertu direnak, eta Europan eskuin muturreko alderdiak babesten ari direnak. Zatituta eta menperatuta nahi dute Europa, eta oztopo gutxi dituzte.

AEBen kolonia digitala izatearen ajeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.