Txinaren 2.0 shocka (II)

Europa, estuasunean Txinarekin

Iritsi ote zaio Europako Batasunari garaia Txinarekin duen merkataritza defizitari muga jartzeko? Erabaki behar du gai ote den Pekini aurre egitearen kostua bere gain hartzeko, Txinako konpainien lehiak esturan baititu industria osoak.

BYD automobilgintza konpainiaren ontzi bat Taicangeko portuan, 7.000 autorekin itsasoratzear. JI HAIXIN / EFE
BYD automobilgintza konpainiaren ontzi bat Taicangeko portuan, 7.000 autorekin itsasoratzear. JI HAIXIN / EFE
Irune Lasa.
2026ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Batasunaren eta Txinaren arteko harremanak nola dauden adierazten du uztail amaieran gertatutakoak: EBko Kontseiluak Errusiaren kontrako zigor sorta bat onartu zuen formalki, eta zerrendan sartu zituen Txinako hamalau enpresa. Ez ziren garrantzia berezikoak, eta gainera, halakoetan ohikoa den moduan, Txinako Gobernua ekainaren hasieratik zegoen jakinaren gainean.

Baina erabaki formala hartu eta ordu gutxira, Txinako Merkataritza Ministeriokoen deia jaso zuten Bruselan: esan zuten ordubeteren buruan plazaratuko zutela esportazioetarako zerrenda beltz berria, EBko hamalau armagintza eta defentsa enpresa handi gehituta. Orain, konpainia horiek ezin dute Txinatik datorren mineral kritikorik eskuratu, ezta beste herrialderen baten bitartez ere.

Bruselan harrituta geratu ziren Pekinek ordubeteko epea eman ziela eta, hango iturriek SCMP eta The New York Times egunkariei kontatutakoaren arabera. Espero zuten kontrako erantzunen bat, baina ez zuten aurreikusi Txinak gutxieneko kortesiarik ere ez zuela azalduko, eta ordubeteko epea jarriko ziela, negoziatzeko inolako tarterik utzi gabe.

Eta giro horretan, zabalik daude Txinaren eta Europako Batasunaren arteko beste negoziazio batzuk; merkataritza harremanei buruzkoak, hain zuzen. Horregatik da kezkagarria zerrenda beltzarekin gertatutakoa.

BELGIUM EU CHINA DIPLOMACY
Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa, uztaileko argazki batean. OLIVIER MATTHYS / EFE

Elkarrizketak

Merkataritzaren gaineko negoziazio horiek, printzipioz, badute epemuga bat: urria. Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak ekainean ezarri zion ultimatum hori Txinari, «emaitza egiaztagarri bat» lortzeko, eta adosteko nola jarri muga Europak Txinarekin duen merkataritza defizit gero eta handiagoari.

Jarrerak argi daude: Bruselaren arabera, Txinako enpresak lehia bidegabea egiten ari dira, Txinan jasotzen dituzten laguntza guztien eta yuanaren balio txikiegiaren bitartez, eta horrek arriskuan jartzen ditu industria sektore osoak EBn.

Kopuruak handiak dira: 2025ean 359.000 milioi euroren ondasunen merkataritza defizita izan zuen EBk Txinarekin. Hots, 1.000 milioiko defizita eguneko. Lehen aldiz, Batasuneko herrialde guztiek dute merkataritza defizita ondasunetan Txinarekin, 27ek.

Eta tartea handituz doa, EBn oraindik ere ugaritu eta ugaritu ari baitira Txinako auto hibrido eta elektrikoen, baterien, gai kimikoen, eguzki panelen eta teknologia handiko beste ondasunen inportazioak. Ez hori bakarrik, EBko industrientzat Txinako lehiakideak gaindiezinak bihurtu dira nazioarteko merkatuetan. Horrekin batera, Donald Trumpen baldintzen eta muga zergen ondorioz, AEBetako merkatuan aritzea zailagoa bihurtu da EBko konpainientzat. Beraz, industria sektore osoak daude kolokan EBn.

EBko merkatuak 450 milioi kontsumitzaile biltzen ditu, eta, beraz, tamaina horretako merkatu batek Txinarentzat duen garrantziaz baliatuta, Bruselak presio egin nahi dio Asiako erraldoiari, baina, Txinaren arabera, ez da EBko merkatuen hain mendekoa ere.

Txinaren ustez, EBk merkataritza defizit handia konpontzeko modua izango luke Txinari txip aurreratuak egiteko makina garestiak salduta, adibidez. AEBek debekatu egin diote Herbehereetako ASML konpainiari litografia makina konplexu horiek Txinara saltzea

Era berean, Txinak ukatu egiten du lehia bidegabea egiten duela, gehiegizko gaitasuna duela —laguntza handien ondorioz—, eta yuanak balio txikiegia duela. Luzera begirako plangintzak, industria politika egokiak, industria guneen integrazio egokia, langileen kualifikazioa... Txinaren iritziz, horiek guztiak dira hango produktuen arrakastaren gakoa.

Bestalde, uste du energia kostu handiak, berrikuntza falta eta gehiegizko burokrazia daudela EBren lehiakortasun faltaren oinarrian. Bruselaren asmoetan protekzionismo hutsa eta hipokrisia ikusten ditu Pekinek; hau da, merkataritza arauak mesederako izan dituen artean baliatu dituela, baina orain ez duela nahi besteek halakorik egitea.

Txinaren ustez, EBk merkataritza defizit handia konpontzeko modua izango luke txip aurreratuak egiteko makina garestiak —oso garestiak— salduta Txinari, adibidez. AEBek debekatu egin diote Herbehereetako ASML konpainiari litografia makina konplexu horiek Txinara saltzea.

Hain zuzen, zabalik dauden negoziazioetan, orain arte Pekinen proposamen nagusia zera izan da, EBren harako esportazioei sarbidea erraztea. Txinaren indargunea, berriz, txipen, lur arraroen eta mineral kritikoen ekoizpen globalaren gainean duen kontrola da. Agian Pekinek hori gogorarazi nahi izan zion Bruselari uztail amaieran?

Urria, hilabete garrantzitsua

Oraingoz negoziazioak zabalik daude, baina, bitartean, Europako Batzordea beste neurri batzuk prestatzen ari da; besteak beste, aipatutako gai horien hornikuntza kateak hedatzeko. Hala ere, denbora asko behar da horretarako, eta neurriak bizkor hartzeko eskatzen ari zaizkie zenbait industriatako ordezkariak.

Urria hilabete garrantzitsua izango da gauzak nola doazen ikusteko. Eta gaia oso presente egongo da urriaren 15eko Europar Kontseiluan. Aurretik, urri hasieran, Xi Jinping AEBetara joatekoa da. Han, Txinaren mineral kritikoen esportazioen gaineko kontrolak izango ditu hizpide Donald Trumpekin. Trumpek eta Xik haiek bertan behera uzteko egindako tratua —AEBen muga zerga txikiagoen truke— azaroaren 10ean iraungitzekoa da, eta gogora ekarriko du lur arraroak kontrolatzeak zer-nolako boterea ematen dion Txinari.

Europako Batasunean, Alemaniaren jarrera da argitzeko dagoen puntu nagusia. Oraintsu arte, erreparo oso handiak jartzen zituen Txinari neurriak ezartzeko —EBn Txinako ibilgailu elektrikoei muga zergak ezartzearen kontra bozkatu zuen—, eta negoziazioaren bidea lehenetsi du beti, Txinako merkatuan zituen interesengatik.

Alemaniaren hautua

Baina herrialde hori da bereziki China shock 2.0 delakoa, hau da, Txinaren 2.0 shocka eta Txinako lehiakideen presioa gehien nozitzen ari dena. Volskwagen, Mercedes eta Alemaniako autogileak oro har gero eta gutxiago saltzen ari dira Txinan, eta Txinako autoak EBko merkatuaren gero eta zati handiagoa hartzen ari dira. Zenbait txostenen arabera, litekeena da 2035. urtean merkatuaren %30 izatea.

Joan den hilean, Emmanuel Macronek eta Friedrich Merzek adostu zuten irailean bide orri bat egingo dutela Txinak eragindako desoreka komertzialei aurre egiteko. Merzek yuanaren balio txikiegiaz hitz egin du. Baina, hala ere, zalantzak daude Alemaniak bat egingo duen Txinari aurre egiteko jarrera zorrotzagoarekin.

Ikusi beharko da, halaber, zer gertatzen den beste herrialdeekin, bakoitzak bere interesak baititu Txinari dagokionez. Industria batzuk estuasunean ikusita, Bruselan diote iritsi dela zerbait egiteko garaia, orain baduela kostua Txinaren lehiari aurre egiteko neurriak hartzeak, baina, luzera begira, kostu horiek txikiagoak izango direla ezer ez egiteak ekarriko lituzkeenak baino.

14018189
Javier Zubia, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako zuzendari nagusia. GIPUZKOAKO GANBERA

JAVIER ZUBIA: «DIAGNOSTIKOAK BADAUDE: ERABAKI EGOKIAK HARTZEA FALTA DA»

Javier Zubia Gipuzkoako Merkataritza Ganberako zuzendari nagusiak erabaki egokiak «eta bizkorrak» nahi ditu, euskal industriak «baldintza beretan» aritu ahal izateko Txinaren lehiari aurre egiten. «Diagnostikoak egon badaude: erabaki egokiak hartzea falta da, eta bizkor hartu behar dira. Beste batzorde bat eratu eta 25 hilabete behar badira tenperatura hartzeko, jo eta pasa egingo gaituzte». Zubiaren ustez, baldintza beretan lehiatu ahal izateko, begiratu beharko da Txinako enpresek zer laguntza jasotzen dituzten, nolako oztopoak jartzen dituzten lehiakideak merkatu jakin batzuetan sar ez daitezen, atzerrira doazenean ere nolako kreditu bigunak izaten dituzten...». Horiek ondo aztertu eta erabakiak hartu behar direla dio. «Eta babes motaren bat beharko da, sostengua gure industriarentzat, egoera berrira egokitu dadin».

Egokitzapen horren inguruan, Danobat taldearen Txina plana goraipatu du Ganberako zuzendariak. «Enpresa bakoitzak bere analisia egin behar du honen guztiaren inpaktuaz, zeren inpaktua handia da. Eta aizu, agian analisi horren ondorioetako bat da txinatarrekin elkarlanean aritu behar dela. Batzuk ari dira horretan saiatzen. Azkenean, automozio merkatuko pieza eta osagaien hornitzaileak bagara, eta beste eragile horrek merkatuaren %20 izango badu, saiatu beharko dugu harekin egoten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA