Elkarrizketarako deiak egitearekin batera, azken urtean Europako Batasuna hasia da merkataritzarako arau armategia betetzen Txinaren lehiari begira, lehia bidegabea errazago eta bizkorrago eragozteko neurriekin.
Izan ere, orain arteko neurri gehienetarako derrigorrezkoa da ikerketa luzeak egitea, askotan produktuz produktu, besteak beste Munduko Merkataritza Erakundearen arauak betetzeko. Eta, legez, haietako batzuk behin-behinean edo orokorrean baino ezin dira ezarri; beraz, ezin zaizkio herrialde bakarrari aplikatu.
Halakoak dira dumpingari aurre egiteko muga zergak, babes neurriak eta 2023ko uztailean indarrean ezarri zen Atzerriko Laguntzen Araua, zeinarekin erosketa eta adjudikazio publikoetatik at utz daitezkeen beren herrian laguntza bidegabeak jasotako konpainiak. Halako beste neurri bat dira EBko segurtasun arauak bete gabeko produktuak saldu dituzten konpainia atzerritarren gaineko isunak, Temuri maiatzean jarritakoa bezala.
Txinaren oztopoak
Denbora gehiegi hartzeaz gain, nahitaezko ikerketa horiek badute beste alde txar bat ere: Txinaren oztopoak. Horren adibide da Atzerriko Laguntzen Araua betez Bruselak ikerketapean jarri zuela Txinako Nuctech, aireportuetako eskanerrak ekoizten dituen konpainia, eta Pekinek bere araua atera zuela: halako ikerketekin kolaboratzeko debekua ezarri zien herrialdeko enpresei.
Ikusi gehiago
Badauka EBk beste tresna indartsu bat, hain zuzen noizbait Txinarekin erabili beharko zela pentsatuta onartutakoa: hertsapenaren kontrako tresna, merkataritza bazuka deiturikoa. Tresna horretan, neurri zorrotzagoak jasotzen dira —zerga berriak, esportazio mugak, kontratazio publikoetarako sarbidea mugatzea—, baina EBk ez du inoiz ezarri indarrean. EBko Kontseiluaren gehiengo kualifikatua behar da hori egiteko.
Txinan oso gogor ari dira Bruselak industria babesteko prestatu duen lege egitasmoaren kontra, benetan min egin diezaiokeen seinale
Badirudi egingarriagoa dela Bruselaren neurri anbiziotsuenetakoa:Â Industria Azelerazioaren Legea (IAA), Europako Batzordeak martxoan aurkeztutakoa, industria babesteko. Besteak beste, atzerriko inbertsioei baldintzak ezartzen dizkie sektore estrategikoetan; adibidez, baldintza gisa eskatzen die enpresa aliantzak osatzea eta transferentzia teknologikoa egotea.
Txinan oso gogor ari dira IAAren kontra, benetan min egin diezaiokeen seinale. Nolanahi ere, denbora hartuko du. IAAk urte bukaeran iritsi beharko luke Europako Parlamentura, eta, haren babesarekin, beranduenez 2027 hasieran indarrean sartu. Dena dela, espero dute 2029rako ezarriko direla neurri nagusiak.
Antzeko onarpen epeak aurreikusi dira Zibersegurtasun Legearentzat, zeinak azpiegitura digital kritikoetarako hornitzaileak mugatzen dituen, eta, adibidez, Huawei kanpoan utz dezakeen.

Beste tresnak
Brusela beste tresna batzuk ere ari da prestatzen, Txinaren talka komertziala areagotuko balitz ere. Batetik, elkartasun tresna bat aipatu izan du. Haren bidez enpresei konpentsazioak ematea aurreikusten da, merkataritza gerra batean Txinak mendekua hartu eta kaltetuak badira. EB barneko herrialdeen erreparoak murriztea litzateke haren helburua.
Bestetik, dibertsifikaziorako tresna bat lantzen ari da: sektore kritikoetan «menpekotasun arriskutsurik» ez izateko mekanismo horren helburua da enpresak beren hornidura iturriak zabaltzera bultzatzea, eta merkataritza defizita murriztea.
Bruselak beste neurri aipagarri bat ere  hartu du aurten, Txinako produktuak gogoan —Shein, Temu, Aliexpress eta halakoak—: orain arte aduanetara iristen ziren 150 eurotik beherako pakete txikiek ez zuten zergarik ordaintzen, baina uztailaren 1etik pakete bakoitzak hiru euroko zerga ordaintzen du. Laster izango dira datuak neurriaren eraginari buruz.
301. artikuluaren pareko bat
Ekonomista batzuek —Brad Satser, Sander Tordoir— adierazi dute AEBetan indarrean dagoen 301 artikuluaren antzeko bat izan beharko lukeela Europako Batasunak, Txinak merkataritzan eragindako distortsioei aurre egiteko. Horren bidez, Brusela gai izango litzateke sektore osoen gaineko muga zergak ezartzeko, distortsioak iraun bitartean. Printzipioz, baliagarria litzateke sektore jakin batzuei laguntzeko, hala nola automobilgintzari, makineriari, industria kimikoari...Â
Baina baluke beste erabilera bat ere, negoziaziorako arma gisa. Adibidez, EBk muga zerga horiek kenduko lituzke Txinak yuanaren balioa egokituko balu.