Bi abiadurako Europa izango da hurrengo urteetan ere. Batetik, aurten zartako ekonomiko handia jasango dutenak, eta, bestetik, zartako are handiagoa izango dutenak; eta datorren urtean galdutakoaren zatirik handiena berreskuratzeko gai izango direnak, eta 2021 amaieran oraindik nabarmen okerrago izango direnak. Modu sinplean ulertzeko, ohiko banaketa: iparrekoek eroriko txikiagoa eta suspertze biziagoa izango dute, eta hegoaldekoek, berriz, eroriko handiagoa eta suspertze motelagoa.
Udaberriko iragarpen makroekonomikoak berritu ditu gaur Europako Batzordeak. «Depresio handiaz geroztik ikusi gabeko kolpe ekonomiko bat jasaten ari da Europa», aitortu zuen Paolo Gentiloni EBko Ekonomia komisarioak. Eurogune osoan %7,7 txikituko da aurten barne produktu gordina, eta %6,3 handituko da 2021ean.
Kopuru horiek, ordea, soilik balioko dute baldin eta urtean zehar ez bada beste konfinamendu masiborik ezarri behar COVID-19ari aurre egiteko. Gaixotasuna berriz zabalduz gero, beste %3 inguru txikitu daiteke ekonomia. «Atzeraldi sakonago eta luzeago baten arriskua oso erreala da».
Atzeraldiaren sakontasuna eta suspertzearen sendotasuna desberdinak izango direla onartu du Gentilonik, eta hiru faktore aipatu ditu horretarako: konfinamenduak kentzeko abiadura, turismoaren garrantzia eta herrialde bakoitzaren finantza baliabideak. Hirurak dira batez ere hegoaldeko estatukideei kalte egiten dieten faktoreak, eta horiek azal dezakete Bruselak aurreikuspen okerrenak Mediterraneo ingurukoentzat egin izana. Batzordearen iragarpena betetzen bada, Greziak BPGaren %9,7 galduko luke aurten; Italiak, %9,5; Espainiak, %9,4; Kroaziak, %9,1; eta Frantziak, %8,2.
Leuntze fase motelagoak
Italia, Espainia eta Frantzia oso gogor jo ditu koronabirusak, eta neurririk zorrotzenak haiek ezarri dituzte, Erromak eta Madrilek nagusiki. Iparraldekoek baino leuntze fase motelagoak ere iragarri dituzte, gaitza berriro indartzeko beldur handia baitute.
Grezian, berriz, koronabirusaren giza kaltea besteetan baino nabarmen txikiagoa izan da, besteak beste gobernuak nahiko bizkor jokatu zuelako auzoei sortzen ari zitzaien arazoa ikusita. Datu ofizialen arabera, 146 hildako izan ditu, eta 25.000tik gora Mediterraneoko beste herrialdeek. Baina Greziak jasango ditu gehien beste herrialdeetako konfinamenduaren albo kalteak, hark baitauka turismoaren menpekotasunik handiena. Gainera, ekonomia ahul dabil oraindik, aurreko krisitik erabat atera gabe harrapatu baitu koronabirusaren krisiak. Atzerriko turismoarekiko menpekotasun handia du Kroaziak ere.
Turismoak ematen dituen lanpostu asko galduta, Greziaren langabezia tasa %19,9ra irits daitekeela uste du Batzordeak. Baina ez da hura izango enplegu galerarik handiena izango duena; ohore hori Espainiari dagokio, enpleguaren behin-behinekotasun tasa handiaren eskutik. Bruselaren iragarpenak betez gero, 4,8 puntu igoko da aurten langabezia, %18,9ra. Italian, BPGaren eroriko handiagoarekin, 1,8 puntu igoko da (%11,8ra); Frantzian, 1,6 puntu, %10,1era.
Suspertzearen V itxura
BPGaren atzeraldia oso handia izango da Europa iparraldean eta erdialdean ere, baina ez hainbestekoa. Alemanian %6,4 txikituko da; Suedian, %6,1; Austrian, %5,5; eta Polonian, %4,3.<br />V moduko krisi bat espero du oraingoz Europako Batzordeak; hau da, aurtengo eroriko handiaren ondoren suspertze bizkor bat etorriko dela datorren urtean, nahiz eta ez den galdutako guztia berreskuratuko. Eurogunerako, esaterako, 2021erako %6,3ko hazkundea iragarri du (1,4 puntuko galera bi urtean).
Baina V horrek itxura desberdina izango du herrialde batzuetatik bestera: V gutxi gora perfektu bat izan daiteke Polonian (-0,2) eta Alemanian (-0,6), aurten galdutakoaren zatirik handiena datorren urtean berreskuratuko baitute. Baina V-aren bigarren makila etzanagoa izango dute hegoaldeko herrialdeek: hiru puntu galduko ditu Italiak, 2,4 Espainiak, eta 1,6 Greziak. Azken talde horretan izango dira Herbehereak ere, 2021aren amaieran BPGa 2019 amaieran baino 1,8 puntu txikiagoa izango baita, EBren iragarpenak betez gero.
Bruselaren kezka
Bi abiadurako atzeraldiarekin kezkatuta dagoela aitortu du Europako Batzordeak. «Batzuen eta besteen arteko desberdintasunak arrisku bat dira barne merkatuarentzat eta eurogunearentzat», azaldu du Gentilonik.
Krisiaren kolpea arintzeko eta behar gehien duten herrialdeak laguntzeko plan bat aurkeztu behar zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, baina aurkezpena aste batzuk atzeratu dute. EBren aurrekontua erabiltzeko baimena eman zuten gobernuek, baina ez daude ados laguntza hori banatzeko moduei buruz: maileguak nahi dituzte iparraldeko herrialdeek, eta diru transferentzia zuzen hegoaldekoek, haien finantza publiko ahulek zailagoa egiten dutelako jarduera ekonomikoari eusteko laguntza publikoak ematea.
Transferentziak izango direla esan du Gentilonik, baina luzera begira itzultzeko maileguak ere tresna baliagarriak direla.