Autogintza

Europako Batasunean saldutako autoen %12 elektrikoak izan dira 2022an

Milioi baten langa gainditu du auto elektrikoen salmentak, eta, 2021arekin alderatuta, %28 handitu da elektrikoen matrikulazioa.

Auto elektriko bat kargatzen. JAVIER LIZON / EFE
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 1a
12:46
Entzun

Auto elektrikoak indarra hartzen jarraitzen du Europako Batasunean, eta 2022an milioi bat unitate baino gehiago saldu ziren lehenengoz. Zehazki, 1.123.778 auto elektriko saldu ziren, 2021ean baino %28 gehiago, ACEA Automobil Ekoizleen Europako Elkartearen datuen arabera. Hala, ibilgailu pertsonalen merkatuaren %12,1 dira orain auto elektrikoak, 2021ean baino hiru puntu gehiago. Autoen matrikulazioak, baina, %4,6 egin du behera; izan ere, 2021ean 9.700.095 auto matrikulatu ziren, eta 9.255.930, berriz, iaz.

Ibilgailu hibridoen eta hibrido entxufagarrien salmentek ere gora egin dute, baina ez elektrikoenak bezain beste. Entxufagarrien salmentak %1,2 handitu dira, eta milioi batetik gertu daude, 874.182 saldu baitziren iaz. Hibridoak, berriz, %8,6 gehiago saldu dira 2021ean baino: 2.089.653. Gasolina erregai duten autoak saltzen dira gehien oraindik (3.371.153 unitate), baina %12,8 urritu dira horien matrikulazioak. Gasolioa erabiltzen duten auto berriak (1.522.686), ordea, %19,7 gutxitu dira.

Alemania da oraindik ere auto gehien saltzen den herrialdea (2.651.357), eta iaz autoen salmenta handitu egin zen batasuneko potentzia bakarra da (+%1,1). Izan ere, Frantzian %7,8 apaldu da ibilgailu pertsonalen salmenta, eta %9,7 Italian. Espainian %5,4 gutxitu dira matrikulazio berriak, eta Polonian, %6 . Italia da auto elektrikoen salmenta jaitsi den Europako Batasuneko herrialde bakarra, eta ez da jaitsiera makala izan: 2021ean 67.284 saldu ziren, eta 2022an, 49.179 (-%26,9). Alemanian saldu ziren Europako Batasuneko auto elektrikoen ia erdiak: 1.123.778tik 471.394. Espainian (+%28,9) eta Frantzian (+%25,3) antzeko hazkundea izan du elektrikoen matrikulazioak.

Nahiz eta hazkundea izan, adierazgarria da oraindik Espainian elektrikoek duten kuota txikia, batasuneko gainontzeko potentziekin alderatuta batez ere. Espainian matrikulazio berri guztien %3,8 dira elektrikoak, 30.545. Alemanian %17,8 dira, eta Frantzian, %13,3. Suedian, adibidez, Espainian baino hiru aldiz auto elektriko gehiago saldu ziren iaz (95.035), nahiz eta Suediak ia bost aldiz biztanle gutxiago izan. Hala ere, Italian eta Polonian Espainiako kuotaren azpitik daude.

Gainontzekoetan ere gora

%40,1 handitu da auto elektrikoen matrikulazioa Erresuma Batuan, 267.203 unitate saldu baitziren 2022an. Norvegian ere %21,6 handitu zen elektrikoen salmenta, eta halako ibilgailuen kuotarik handiena duen herrialdea da, nabarmen. Izan ere, 2022an saldutako autoen ia %80 elektrikoak ziren. Islandian %33,3 ziren iaz saldutako auto elektrikoak. Suitzan ere %26,7 elektriko gehiago saldu ziren iaz 2021ean baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.