Iaz atzeraldiari gutxigatik izkin egin ondoren, 2024. urtea «uste baino ahulago» hasi du Europako Batasuneko ekonomiak. Hala onartu du Europako Batzordeak, eta, horregatik, neguko hazkunde ekonomikoaren bere iragarpenak nabarmen txikiagoak dira udazkenekoak baino.
Hazkunde apalago horrek, ordea, badu ondorio positibo bat: inflazioa ere uste baino txikiagoa da izango da aurten. Gainera, ez dirudi asko eragingo dionik lan merkatuari, ez baita espero langabezia handitzea.
Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak azaldu duenez, euroguneko barne produktu gordina %0,8 handituko da aurten, azaroan esan zuena baino lau hamarren gutxiago. Maila horretan ere txikitu du Europako Batasun osokoa, %0,9raino.
Lau arrazoi nagusi aipatu ditu komisarioak hazkunde motelagoa azaltzeko: inflazioak soldata errealei eragin dien «higadura», interes tasa handiak, energia merkatzeko laguntzak gutxitu izana, eta kanpo eskari txikiagoa enpresa esportatzaileentzat.
Bruselaren arabera, lehen hiruhileko eskasagoen ondoren, hobera egingo du egoera ekonomikoak urteak aurrera egin ahala, inflazioa apaltzeak eta soldaten eguneratzeak kontsumoa bizkortu beharko luketelako.
Inor ez atzeraldian
2023an hamaika estatuk izan zuten atzeraldi ekonomikoa, batez ere Europa erdialdean, Eskandinavian eta Baltikoan, baina aurten bakar batek ere ez duela izango uste du Bruselak.
Herrialde handien artean, iaz uzkurtu ondoren (-%0,3), aurten hazkundera itzuliko da Alemania, baina oso modu apalean: %0,3 da haztekoa, azaroan esandakoa baino bost hamarren gutxiago.
Datu hobeak izango dituzte Frantziak (%0,9), Italiak (%0,7), eta Espainiak (%1,7), hiruretan iragarpenak murriztu baditu ere.
%2,7Europako Batzordeak ere espero du inflazioak behera egingo duela aurten. Eurogunean %2,7ra jaitsiko dela iragarri du, azaroan esandakoa baino bost hamarren gutxiago. 2025ean beste koska bat egin beharko luke behera, %2,2raino.
Donald Trumpen balizko garaipenak EBko ekonomiari eragingo ote liokeen galdetuta, Gentolinik ziurtatu du «ausartegia» izango litzatekeela faktore gisa hartu izana, baina onartu du ziurgabetasun giroa elikatzen duela aukera horrek, eta ziurgabetasuna dela kontsumoa uzkurtzen duten arrazoietako bat.