Gasa

Europako gas eskaria %10 apaldu da 2023aren lehen erdian

Berriztagarrien errendimendu onagatik eta energiaren kontsumoa murrizteagatik erabili da, gehienbat, gas gutxiago

Castejongo (Nafarroa) ziklo konbinatuko zentral termo-elektrikoa. IñIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko uztailaren 18a
12:38
Entzun

Gas naturalaren eskariak behera egin du munduan 2023ko lehen sei hilabeteetan, baina eskualde bakoitzak joera ezberdina izan du. Eskualde gehienetan beherakadak egon dira, baina Asian gas kontsumoa dezente haztea espero da 2023aren bigarren erdirako, eta aurreikuspenek diote 2023ko gas eskaria 2022ko ia bera izango dela. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen Europako herrialdeetan, adibidez, %10 egin du behera gas naturalaren eskariak urtearen lehen erdian, 2022ko datuekin alderatuta. IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren datuak dira.

Zehazki, eskariak 31 mila milioi metro kubo egin du behera lehen sei hilabeteetan herrialde horietan, baina lehen hiruhilekoan egon da jaitsiera handiena: 22 mila milioi metro kubo gutxiago. Bigarren hiruhilekoan, berriz, bederatzi mila milioi metro kubo apaldu da gas naturalaren eskaria.

Eskariaren jaitsiera hori, baina, Europako Batasunak jarritako helburuaren azpitik dago. Ukrainako gerraren eta energia krisiaren ostean, Bruselak eta estatu kideek helburu komun bat adostu zuten iaz, eta aurtengo martxoan luzatu egin dute: gas kontsumoa %15 apaltzea. Datuek diote, baina, ez dela maila horretara iritsi, eta, IEAren aurreikuspenen arabera, 2024an gora egingo du gas kontsumoak Europan.

Elektrizitatea sortzeko gas gutxiago erabili delako murriztu da gehien eskaria; zehazki, eskariaren jaitsieraren %70 motibo horregatik izan da. Esaterako, bigarren hiruhilekoan bederatzi mila milioi metro kubo txikitu da gas eskaria, eta horietatik zazpi, ziklo konbinatuko zentralen eskaria apaldu delako. IEAren arabera, industriaren jarduera apaldu izana da elektrizitate eskaria txikitu izanaren arrazoi nagusietako bat, bigarren hiruhilekoan %7 elektrizitate gutxiago kontsumitu baita Europan.

Iturri berriztagarrien eta nuklearraren bidez elektrizitate gehiago produzitu izana eta energia kontsumoa murrizteko politikak ezarri izana ere badaude elektrizitatearen kontsumoaren beherakadaren atzean.

Gas naturalaren banaketa sarean ere apaldu da eskaria, nahiz eta aurtengo udaberria iazkoa baino hotzagoa izan. Banaketa sarearen eskaria %8 txikitu da bigarren hiruhilekoan. Hori dela eta, IEAren arabera, klimarekin zerikusirik ez duten faktoreak izan dira jaitsieraren erantzule, hala nola energia aurrezteko neurriak, eraikinen efizientzia hobetzeko politikak eta kontsumo ohituren aldaketak.

IEAk espero du Europan gas eskaria %7 txikituko dela 2023an, baina uste du 2024an gora egingo duela, %1,5.

Amerikan ere, behera

Ipar Amerikan, eta Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikan ere behera egin du gas eskariak 2023aren lehen hilabeteetan. Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikan apaldu da gehien, %5 egin baitu behera gas naturalaren eskariak lehen hiruhilekoan. IEAren ustez, energia hidroelektrikoaren igoeragatik jaitsi da gasaren erabilera eskualde horietan. Iaz ere behera egin zuen gas eskariak, %3, eta IEAk uste du 2023an %4 murriztuko dela; hala ere, 2024an %2 haztea espero du.

Argentina da eskualde horietan gas gehien kontsumitzen duen herrialdea, eta %1 murriztu da han eskaria lehen lauhilekoan. Herrialde horretan, nagusiki sektore elektrikoan eta eraikinetan erabili da gas gutxiago, baina industriak iaz baino %8 gehiago kontsumitu du aurten. Brasil da gehien kontsumitzen duten herrialdeetan bigarrena, eta gas naturalaren eskaria Argentinan baino dezente gehiago txikitu da, %15 egin baitu behera lehen bost hilabeteetan.

Ipar Amerikan, Ameriketako Estatu Batuak dira merkatu handiena, alde handiz. Han, %0,5 murriztu da gas eskaria lehen sei hilabeteetan. Eraikinak berotzeko erabilitako gasa izan da gehien jaitsi dena, baita industriakoa ere. Elektrizitatea sortzeko erabilitako gasak, baina, %8 egin du gora. Kanadan %1 egin du behera gas eskariak, eta Mexikon ez da aldaketa handirik egon.

Ekialdean beherakadatik gora

Mendebaldeko herrialdeetan bezala, Asian ere apaldu egin da gas eskaria 2023ko lehen hiruhilekoan, Japonia, Hego Korea eta Indiagatik batez ere, baina hiru hilabete horietan txikitutakoa errekuperatu egin du eskualdeak bigarren hiruhilekoan, eta urte amaierara arte joera horri eustea espero du IEAk. Hala, 2023an Asiako gas kontsumoa %3 handituko dela aurreikusi du agentziak, eta 2024an are gehiago igoko dela kalkulatu du, %4.

Txina izango da aurtengo gas kontsumoaren igoera horren bultzatzaile nagusia, 2023an haren eskaria %6 haztea espero baitu IEAk. Hori, baina, ez da hor geratuko, 2024an %7 igoko dela iragarri baitu energiaren merkatua ikertzen duen agentziak. Japonia da txanponaren beste aurpegia, urtearen lehen lau hilabeteetan %12 apaldu baita hango gas eskaria; 2023an, berriz, %5 egingo du behera, eta 2024an, %1.

IEAren arabera, Afrikan eta Ekialde Hurbilean handitu egingo da 2023ko gas eskaria, baita 2024an ere. Aurreikuspen horien arabera, aurtengo gas eskaria 2022ko bera izango da munduan, eta datorren urtean ia %2 egingo du gora. Ipar Amerika izango da 2024an gas eskariak behera egingo duen munduko eskualde bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.