Europako ibai lehorrek garraioa mugatu eta zentral nuklearrak itxirazi dituzte

Rhin ibaiaren emari eskasa kalte egiten ari zaio Alemaniako ekonomiari. Danubiok nahiko urik ez daukanez, erreaktoreak ezin dira hoztu, eta Errumanian eta Hungarian argindar etenak egiten ari dira.

Rhinen nabigazio bidea erakusten duen buia bat, hondoa jota, Speyerren. RONALD WITTEK / EFE
Rhinen nabigazio bidea erakusten duen buia bat, hondoa jota, Speyerren. RONALD WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2026ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken bi hilabete eta erdian euria eskas egin duenez, lehortu egin dira Euskal Herriko errekastoak, ibaiak mehetu, eta urik gabe geratu dira baserri eta herri txiki batzuk. Baina lehorteak Europa ia osoari eragin dio, eta ibai handiak dauden lekuetan, arazoak ere handiak dira. Alemanian, hazkunde ekonomiko anemikoa itotzen ari da Rhin lehorrak. Danubioren ur eskasiak, berriz, argindar itzalaldiak ekarri ditu Hungarian eta Errumanian. Gizakiek bezala, ekonomiak ere ura behar duelako.

Udan turista andana joan ohi da Alemaniara, Rhin bazterreko gazteluak, herri apainak eta mahastiak bisitatzera. Baina hori baino gehiago da Europa mendebaldeko ibairik luzeena (1.236 kilometro): pertsonak eta, batez ere, salgaiak garraiatzeko bide oso garrantzitsua da. Ibaietako garraioak aspaldiko kontua dirudi, Erdi Arokoa kasik, Euskal Herrian, baina Rhinen itsasontzien joan-etorria etengabea da. Urtero, 285 milioi tona salgai garraiatzen dira Rhin ibaian: altzairua, mineralak, zerealak, petrolioaren eratorriak...

rhin ibaia duesseldorfen, emari handiarekin.
Rhin ibaia Dusseldorfen, emari handiarekin. IKER ARANBURU

Ibai sakonak behar dira nabigatu ahal izateko, eta halakoxea izan ohi da Rhin, ez baita alferrik Europa mendebaldean emaririk handiena duen ibaia. Baina klimaren aldaketa emari hori gutxitzen ari da azken urteetan, eta uda partean garraioa oztopatzen. 2018ko udakoa zen orain arte emaririk txikiena Kaub kontrolgunean, eta hartara hurbiltzen ari da 2026an ere, 22 zentimetroko sakonera baitu orain —hortik behera metro bat ur egon ohi da—, baina gaur 18ra jaitsiko dela kalkulatu dute. Kolonian dagoeneko neurtu dute inoizko kopururik txikiena —63 zentimetro— eta egoera ez da hobea Dusseldorf, Duisburg eta beste industria gune handitan. 

Ontzi zapalak ibiltzen dira Rhin aldean, ur gutxirekin nabigatu ahal dutenak, baina denak muga bat dauka, eta hori gainditzen ari da hainbat eremutan. Trafikoa ez da erabat eten, baina itsasontzietan zama txikiagoa jarri beharrean daude, gutxiago hondora daitezen; zama edukieraren %20 baizik ez, kasu askotan. Horrek kostuak handitzea dakar, kargaontzi gehiago behar direlako zama kopuru bera garraiatzeko, eta kamioiz eta trenez eramatea garestiagoa delako.

Petrokimikak dira kaltetuenetakoak, ibaiaren ondoan daudelako haietako asko. Esaterako, BASFek ziurtatu du oraingoz ekoizpenari eustea lortu duela, baina ohartarazi du maila gehiago jaitsiz gero Ludwigshafengo fabrika erraldoian ekoizpena murriztu beharrean izango dela. Lehengaien %40 ibai bidez iristen zaizkio hara, eta, horiek iritsi ezean, agian produktu batzuen eskasia egon daiteke, azaldu duenez. 

Enpresa jakin batzuei ez ezik, Alemaniako ekonomia osoari eragin diezaiokeela ziurtatu dute ekonomista batzuek. Are gehiago, Kiel azterketa ekonomikoen institutuak dio BPGari 0,2 puntu ken diezazkiokeela Rhin lehorrak, eta hori asko da doi-doi hazten ari den Alemaniako ekonomiarentzat.

Danubio ez hain urdina

Rhin ibaitik oso gertu, Oihan Beltzean jaiotzen da Europako beste ibai handienetako bat, Danubio. Baina Alemanian baino gehiago, handik ekialdera eragiten ari da arazo gehien, argindar ekoizpenean batez ere. Izan ere, erreaktore nuklearrak urarekin hozten dira, eta horregatik guztiak itsasoaren edo ibaien ertzean daude.

Errumanian, esaterako, joan den astean Cernavodako zentraleko bi erreaktoreetako bat itzali zuten, Danubiotik nahiko ur lortzerik ez zuelako. Bigarrena ozta-ozta dabil martxan: Errumaniako armadak kanal bat leherrarazi zuen, ura zentralera bideratu ahal izateko. 

Erreaktore bakarrarekin, argindar etenak hasi dira, eta gutxienez astebete edo bi aste iraungo dutela ohartarazi du Ilie Bolojan lehen ministroak. Gaineratu duenez, hilaren 19ra arte ekoizpena eten dute herrialde bi auto lantegiek, Daciarenak (Mioveni) eta Fordenak (Craiova).

lehortea danubion
Paks zentral nuklearra, Hungarian, Danubio lehortuaren ondoan. DANIEL KISS/ EFE

Ibaian gora, milimetro batzuen menpe dago Paks-eko zentral nuklearra erreaktore batekin ari da funtzionatzen. Zentral horrek lau erreaktore ditu, eta gaur egun Hungariako argindar beharren %50 estaltzen ditu. Peter Magyar lehen ministroak elektrizitate kontsumoa ahal bezainbeste murriztera deitu ditu herritarrak, enpresak eta saltokiak, batez ere arratsaldean eta gauaren hasieran —goizean eta arratsaldearen hasieran, fotovoltaikoak gai dira eskaeraren %80 betetzeko—.

Dena den, datozen egunetan egoerak hobera egin duela uste du Magyarrek: «Danubio ibaiaren ur mailak igandeko gutxienekotik bederatzi zentimetro egin ditu gora, eta euriak espero dira Austriako arroetan. Albiste ona izango litzateke hori».

Hungariatik iparraldera, Polonian, Kozieniceko eta Polanieceko zazpi erreaktoretik sei itzali egin behar izan dituztela jakinarazi du haren jabeak, Enea konpainiak, Vistula ibaiak ez dakarrelako nahiko urik.  Azken egunotan, 40 gradu inguruko tenperaturak dituzte han, inoiz erregistratu diren beroenak.

lehortea
Bigarren Mundu Gerran Danubion hondoratutako itsasontzi baten arrastoak agerian geratu dira. CSABA KRIZSA / EFE

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA