Askorentzat umiliazioa da Turnberryko Akordioa, eta haren garratza bihotzerre bilakatu da Europako Batasuneko politikagintzan; aldiro itzultzen da porrot haren zapore mingotsa, eta gaur Europako Parlamentuari tokatu zaio trantze estua pasatzea.
Eurodiputatuek oniritzia eman behar izan diote Donald Trumpek eta Ursula Von der Leyenek iazko udan muga zergei buruz Turnberryn (Eskozian) hitzartutakoari. Parlamentuak ontzat jo du, horrela, EBk muga zergak kentzea AEBetako ehunka salgairi, nahiz eta akordioaren bidez AEBek %15 muga zerga orokor bat ezarriko dieten Europako produktuei.
Valdis Drombovskis Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak defenditu du akordioa eurodiputatuen aurrean. Azaldu du Batzordeak ulertzen dituela eurodiputatuen erreparoak, eta baietz, akordioa onetsi ostean AEBek %50eko muga zerga gehiago ezarri zizkietela altzairuaren eta aluminioaren eratorriei. Onartu du segurtasun baldintzak exijitzea ere, Donald Trumpek hitzartutakoa bete ezean ezartzekoak.
«Hala ere, kezka zilegi horiek gorabehera, egia bat hartu behar da kontuan: aurrera egiteko eskatzen digute gure interes ekonomikoek», esan du Dombrovskisek. «Ez dezagun ahaztu zer dagoen jokoan. AEBak gure bazkide komertzialetan lehenak dira oraindik ere, gure esportazioen helmuga nagusi».

Bozketaren aurretik, parlamentuko talde guztiek gogor kritikatu dute akordioa. Testua aurkeztu duen Bernd Lange sozialistak berak esan du akordioa «desorekatua» dela. Azkenean, testuari babes klausulak gehitu dizkiote.
Haien arabera, besteak beste, akordioa ez da indarrean ezarriko ez badira hartan jasotako baldintza guztiak betetzen, hala nola AEBek altzairutik eta aluminiotik eratorritako salgaien muga zergak murriztea. Beste klausula batean, jaso da akordioa 2028an iraungiko dela.
Neurri horiek gehituta, testuak ganberaren oniritzia lortu du. 417 boto izan dira alde, 154 kontra, eta 71 abstentzio.
Orain, testua berriz negoziatu beharko da eurodiputatuen eta Europar Kontseiluaren artean, herrialdeek ez baitauzkate onartuta klausula berri horiek. Halaber, ikusi beharko da AEBek nola erantzuten dieten aldaketei.
Birritan atzeratua
Turnberryko Akordioa berresteko Europako Parlamentuaren bozketa bi alditan atzeratu da, eta gaur egin dute azkenean. Groenlandia bereganatzeko Trumpen mehatxuek goia jo zutenean atzeratu zuten bozketa lehen aldiz, eta AEBetako Auzitegi Gorenak Trumpen muga zerga gehienak baliogabetu zituenean bigarrenez —Trumpek beste batzuk ezarri zituen gero—.
Bozketan berriro atzeratu zitekeela ikusita, Etxe Zuria mehatxuka aritu zaio EBri: asteburuan, Andrew Puzder EBrako enbaxadoreak gogora ekarri ditu energia arloko egoera eta Europak gas naturalarekin duen mendekotasuna. «Ez dakit zer gertatuko den energiarekin Turnberryko Akordioa ezartzen ez bada», esan du. «Uste dut AEBek negozioak egingo dituztela Europarekin bestela ere, baina baldintzak ez dira hain onuragarriak izango. Ingurua, zalantzarik gabe, ez da horren mesedegarria izango. Eta... badauzkagu erosleak hor kanpoan».
Deigarria da gasaren harira mehatxu egin izana, hain zuzen, Turnberryko Akordioak EB behartzen baitu 2028 urtera bitartean 750.000 milioi dolarren gas naturala erostea AEBei.