Euskal ekonomia geldialdi arriskuan dagoela ohartarazi du Zedarriak-ek

Enpresa handiagoak eta finantzaketa iturri berriak behar direla nabarmendu du, eta migrazio politika «aktibo eta egiturazko bat» eskatu.

Laneko arropak, metalgintzako enpresa batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Laneko arropak, metalgintzako enpresa batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko uztailaren 16a
14:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan enpresa handiagoak, produktiboagoak eta nazioartean konektatuago daudenak behar dira, gaur egungo ongizate ereduari eutsi nahi bazaio eta datozen urtetako erronka sozialei aurre egin nahi bazaie. Ondorio hori eta beste batzuk jasotzen ditu Zedarriak iritzi taldearen azken txostenak. Euskal ekonomia geldialdi arriskuan dagoela ohartarazi du.

Azterketaren arabera, euskal ekonomiak indargune nabarmenak ditu: industria ehun sendoa du, teknologia zentro aurreratuak ditu eta erreferentziazko lanbide heziketa duala du, besteak beste. Baina, era berean, «egiturazko ahulezia» batzuk ere baditu: enpresa gehienak tamaina txikikoak dira, kultura ekintzailea oso ahula da, inbertsioa eta talentua erakartzeko zailtasun asko ditu, eta arazo demografiko handi bat du: belaunaldi desoreka oso handia, jaiotza tasa oso txikia eta gazteen emantzipazio berantiarra, besteak beste etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunengatik.

2022an sortu zuten Zedarriak foroa, ekonomia eta enpresa alorreko hainbat eragilek bultzatuta, eztabaida publikoan eragiteko asmoz. Horko kide dira, besteak beste, Iñaki Lopez Gandasegi Aernnovako presidentea, Javier Ormazabal Velatia taldekoa, Anton Pradera CIE Automotivekoa eta Maria Luisa Guibert Algeposakoa. Zazpigarren txostena da asteazken honetan aurkeztutakoa: Eraldaketarako erronka eta aukera handien urteko behatokia. Euskadi 2040.

Azterketa horren arabera, arlo batzuetan —hala nola heziketa dualean eta trantsizio energetikoan— aurrerapen nabarmenak egin dira. Baina beste askotan —ekintzailetza, nazioarteko talentua erakartzea eta jaiotza politikak, esaterako— ez da «benetako jauzirik» ikusten. «Hazkunde ekonomikoa eta gizarte kohesioa ez dira posible enpresa sendoak, zerbitzu publiko eraginkorrak eta oreka demografikoa bermatu gabe», ondorioztatu du Zedarriak-ek.

Finantza sistema propioa

Iritzi taldeak «hamabi erronka estrategiko» zehaztu ditu, eta luzera begirako bide orri bat proposatu du. Enpresen lehiakortasuna indartu behar dela nabarmendu du, hiru lurraldeek ehun produktiboa berritzeko. Horrekin batera, uste du «premiazkoa» dela administrazio publikoa modernizatzea, «azkarragoa eta eraginkorragoa» izan dadin eta herritarrengandik gertuago egon dadin.

Baina, bereziki, «funtsezkoa» iruditzen zaio inbertsioak erakartzeko bide berriak lantzea eta, bereziki, «finantza ekosistema propio bat» eraikitzea. Zedarriak-en ustez, «banku kreditu tradizionalarekiko mendekotasunak mugatu egiten du berrikuntza eta enpresa txiki askoren hazkundea».

Horrez gain, beharrezkotzat jotzen du unibertsitatearen eta enpresen arteko harremanak sendotzea, batez ere I+G+B ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloan.

Badago Zedarriak asko kezkatzen duen beste gai bat: demografia. Nabarmendu duenez, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak dute Europako jaiotza tasarik apalenetako bat. Horri aurre egiteko, aurreko txostenetan aipatu duten irtenbide bati heldu dio oraingoan ere: migrazio politika «aktibo eta egiturazko bat» eskatu du, «ikuspegi estrategikoa duena eta herri ikuspegitik pentsatua dena». «Belaunaldi gazteek eta talentu berriek parte hartu ezean, ez da egongo gizarte eredu jasangarririk», azpimarratu du iritzi taldeak.

Talentua erakartzeko, garrantzitsua deritzo nazioarteko titulazioen homologazioan aurrera egiteari. «Ezin liteke profesional nahikorik ez izatea xehetasun burokratikoengatik». Etxebizitzaren arazoari irtenbide bat ematea ere beharrezko da, taldearen ustez. Hain zuzen ere, etxebizitzari buruzkoa izango da Zedarriak-en hurrengo txostena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.