Euskal enpresa talde batek ere badu Papresa erosteko interesa

Langile batzordeak jakinarazi du CL Group ez dela Errenteriako papertegia erosteko prest dagoen bakarra. Talde horrek dagoeneko egin du eskaintza, eta, aurrera ateraz gero, lantaldearen %70i eutsiko lioke.

Papresa papergintza lantegia, artxiboko irudi batean. BERRIA
Papresa papergintza lantegia, artxiboko irudi batean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko apirilaren 24a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Albiste askoko eta zalaparta handiko egunak dira Errenteriako Papresa papertegian. Enpresa hartzekodunen borondatezko konkurtsoan sartu da, baina hura erosteko bi eskaintza agertu dira bi eguneko epean. Aurrenekoa Espainiako CL Group (Cristian Lay) talde industrialak egin zuen; bigarrena, berriz, euskal jatorriko industria talde batek egin du. Langile batzordeak jakinarazi du beste hautagai bat dagoela, hain zuzen, baina ez du eman haren izenaren berri.

Batzordearen ustez, ona da jardun industrialari loturiko aukera bat baino gehiago egotea, eta nabarmendu du prest dagoela enpresa erosteko interesa duen ororekin hitz egiteko. Halaber Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Aldundiari dei egin die negoziazioan sar daitezen eta alde guztientzako mesedegarria izango den erantzun bati bide eman diezaioten.

Bien bitartean, CL Taldeak bere eskaintza zehaztu du. Aurreratu bezala, enpresaren bi ekoizpen lerroei eutsi nahi die: ontziratze eta paketatze jarduna batetik, eta prentsa paperaren ekoizpena bestetik. Lantaldeari dagokionez, %70i eusteko prest legoke. Papertegiak 220 langile dituela kontuan hartuta, 66 bat kaleratze egingo lituzkete.

CLk aurretik ere egina zuen Papresaren kontrola hartzeko eskaintza bat, eta, ordukoan, esan zuen 110 kaleratze egin beharko zituela.

CLk, halaber, gaineratu du formula juridiko bat aurkitu duela enpresaren kontrola epe oso motzean hartzeko. Enpresa konkurtsoan dago, eta CLren zerbitzu juridikoek aurkitu dute eskualdaketa modu arinean egiteko modua. Horrela «enpresak bere egungo balioari eutsiko lioke», eta haren jarduna hondatzea eragotziko luke horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA