Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek 2024an baino askoz gutxiago inbertitu zuten atzerrian iaz, eta kontrako bidean etorritako dirua ere askoz txikiagoa izan zen. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeak (EGAB) iazko urtearen memoria sozioekonomikoan berretsi eta nabarmendu dituen datuetako bat da. Azalpena ere aurkitu du: datu horren atzean, enpresa jakin batzuen erabaki puntualak eta «matrizeetan», jatorrian alegia, indartsu egotea lehentasuntzat jarri izana daude. Erakundeak, halaber, ardura agertu du etorkinek pairatzen duten pobrezia egoeraren inguruan, eta baita trantsizio energetiko eta digitalaren inguruan ere. Horrez gain, berretsi du etxebizitza dela gizartearen arazorik larriena.
EGABek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera sozioekonomikoaren argazkia ateratzen du urtero, eta ia 600 orrialdeko memoria argitaratzen du uztailean. Bilera askoren eta datu ofizialen azterketaren emaitza izaten da. Ez da erraza hain agiri mardula laburbiltzea, arlo askotako ardurak eta aholkuak plazaratzen baititu; Jon Barrutia EHUko Enpresa Ekonomia katedradunak egin du aurkezpena, eta hark jarri du lupa euskal enpresek kanpoko inbertsioekin duten harremanean.
«Enpresak jatorrian inbertitzen ari dira, beren matrizeetan, makinerian, baliabide teknikoetan... Hori ona da, uste baitute beren jarduna piztu egingo dela»
JON BARRUTIA EHUko Enpresa Ekonomian katedraduna
Bi datu deigarri azaleratu dituzte memorian. Batetik, euskal enpresek atzerrian egindako inbertsioa asko murriztu zela iaz —2024an baino %91,3 txikiagoa izan zen—: 416 milioi euro inbertitu zituzten. Aurreko urteetan baino askoz gutxiago: 4.770 milioi izan ziren 2024an, 1.160 milioi 2023an, eta 2.254 milioi euro 2022an. Eta, bestetik, atzerriko enpresek EAEn eginiko inbertsioa erdira murriztu zela: 528 milioi euro iaz, eta 1.047 milioi 2024an —EGABek ez du Espainia atzerriko naziotzat hartzen—.
Analisia hasi aurretik, Barrutiak argi utzi du inbertsioa eta esportazioa gauza oso ezberdinak direla, eta ez dutela harreman zuzenik elkarren artean. Zehaztu du 2024an atzerriko inbertsioaren datua deigarria izan zela enpresa jakin batzuek (Gestamp...) eginiko inbertsio handiek puztu egin zutelako datu hori. Katedradunak gehitu du uzkurtze horrek ez duela zertan txarra izan: «Enpresak haien jatorrian inbertitzen ari dira, beren matrizeetan, makinerian, baliabide teknikoetan... Hori ona da, uste dutelako beren jarduna piztu egingo dela».

Eta kanpoko dirua? Barrutiak ez du uste «erakargarritasun» arazoa denik, baizik eta «ikusgaitasun» arazoa: «Lurralde txikia gara alde horretatik. Inguruan Espainiako erakarpen polo handiak ditugu, eta haiekin bolumenean lehiatzea ez da erraza». Eta, horiek horrela, zer garrantzi du EAE teknologia erakartzeko eremu gisa indartzeak? «Handia. Esango nuke izaera horregatik ez balitz are txikiagoa litzatekeela kanpoko inbertsioa».
Datu horiek ulertarazten dutenaz haratago, EGABek laburbildu du iazko urtea ona izan zela euskal ekonomiarentzat. %2,3 hazi zen, Europako Batasuneko batezbestekoa baino gehiago; hein handi batean, barne kontsumoaren hazkundearengatik gertatu zen hori. Halaber, langabezia tasa %6,2ra jaitsi izana mugarria dela iritzi dio.
Pobre gehienak, etorkinak
Erakundeak datu ekonomikoak eta gizarte mailakoak aztertzen ditu, eta Barrutiak onartu du pobrezia egoeran bizi den jendearen argazkian arreta jarri behar dela: «Hamarretik sei Europatik kanpoko atzerritarrak dira», zehaztu du. Populazioan duten pisua ia halako sei da hori, eta deigarria da, etorkin asko lanera etortzen direlako: «Langabeziari begira duten zaurgarritasunarengatik da, eta haietako askoren kualifikazioa asko hobetu daitekeelako». Halaber, EGABek uste du integrazio politikak indartu egin beharko liratekeela.
Nor dago egab-en?
EGAB Eusko Jaurlaritzaren menpeko azterketa foro bat da. Haren batzordea 32 kidek osatzen dute. Zortzi LAB, ELA eta UGT sindikatuetakoak dira; beste zortzi Confebask enpresari elkarteak aukeratzen ditu; beste zortzi adituak dira, normalean ikerlariak eta unibertsitate irakasleak; eta beste zortziak ekonomia munduko hainbat arlotako kideak dira: merkataritza ganberak, finantza erakundeak, arrantza eta nekazaritza elkarteak… EGABen presidentea Javier Muñecas da.
Txostenean etxebizitzaren arazoa ere hartu dute hizpide. Besteak beste, nabarmendu dute joera demografikoaren eraginez asko handitu dela tentsioa merkatuan: etorkinak, familia txikiagoak, bikote banaketak... Eta prezioak ere gora egiten ari direla. Tentsio handiko eremuen izendapenak eta horren gisako etxebizitza politika publikoen ahaleginak txalotu ditu Barrutiak, baina gomendio bat egin du: «Ahalegin publikoa, batez ere, alokairuaren merkaturako baliatu behar da».
Azkenik, EGABek bi trantsizio aipatu ditu: energetikoa eta digitala. Zehaztu duenez, biak beharrezkoak dira, hala gizartean nola enpresa munduan, eta biak abian daude dagoeneko. Eta bien inguruan beldur bera plazaratu du erakundeak: «Ez dadila inor atzean gelditu». Horren harira, gaineratu du euskal ekonomiak zailtasun handiak dituela berrikuntzaren merkaturako jauzia egiteko.