«Euskal Herriak ezin dio uko egin AA fisikoaren aukerari; Europako laborategi bihurtu gaitezke»

AAren hurrengo aroari nola aurre egin biltzen duen txostena aurkeztu du Zedarriak-ek. Adierazi dute adimen artifizial fisikoak «lanik gogorrenak arinduko» dituela, eta «itun soziala» behar dela AA fisikoaren onurak gailentzeko.

Pedro Luis Uriarte, Pilar Kaltzada, Iker Artiagabeitia eta Guillermo Dorronsoro, Zedarriak-en bederatzigarren txostena aurkezten, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pedro Luis Uriarte, Pilar Kaltzada, Iker Artiagabeitia eta Guillermo Dorronsoro, Zedarriak-en bederatzigarren txostena aurkezten, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2026ko irailaren 15a
15:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Europak aurreneko trena galdu du. Orain bigarren trena abiatuko da. Ezin gara igo gabe geratu, eta hura gidatzen jakin behar dugu, gure ordez besteek norabidea erabaki ez dezaten». Trenaren metafora erabili du Zedarriak-eko Aholku Kontseiluko kide Pedro Luis Uriartek AA adimen artifizialaren egoera deskribatzeko, talde horrek gai horri buruz egin duen txostenaren aurkezpenean, Bilbon. Egun ezagunak diren txatbotak AAren lehen urratsa dira soilik; datorren urtean Mendebaldera helduko dira AA duten robot humanoideak. Hori dela eta, euskal gizarteak —eta gizateriak, orokorrean— kontuan izan beharko lituzkeen zenbait gidalerro proposatu ditu talde horrek. Bereziki arlo ekonomikoari erreparatu diote.

Ekonomia garatuetako arazo nagusietako bat demografiaren galera da: gero eta gizarte zaharragoak dira eta «modu iraunkorrean» murriztuz doa biztanleria aktiboa. Bada, Zedarriak-en aburuz, horri aurre egiteko balioko dute robot adimendunek. Iker Artiagabeitia izan da txostenaren egileetako bat, eta, azaldu duenez, egungo gizarteek duten «ongizate maila» mantendu ahal izateko «ezinbestekoa» izango da AA egunerokoan txertatzea.

«AA fisikoaren trenean ezin gara igo gabe geratu, eta hura gidatzen jakin behar dugu, gure ordez besteek norabidea erabaki ez dezaten»

PEDRO LUIS URIARTE Zedarriak-eko Foru Kontsultiboko kidea

Artiagabeitiak azaldu du zer lan hartuko dituen lehen-lehenik bere gain AA fisikoak: fisikoki «exijenteak» direnak eta prestakuntza gutxi behar dutenak. Izan ere, «lan horiek dira gizakiok gutxien egin nahi ditugunak». Jarraitu duenez, «gaueko txanda desagertuko da aurrena. Eta, aurrera begira, produktibitateari, ongizateari eta zainketei eusten lagunduko du». Horiek horrela, zenbait adibide jarri ditu aholkulariak: exoeskeletoak, esaterako. «Fisikoki gogorrak diren lanak arindu daitezke robot horiekin; adibidez, zaintzan pertsona bat leku batetik bestera mugitu behar denean».

Txostenaren egileek argi adierazi dute «uste baino lehenago» datozela aldaketa horiek. Hori dela eta, Pilar Kaltzada Zedarriak-eko kideak esan du Euskal Herriak «ezinbestean» haren lekua topatu behar duela alor horretan.

Egun AA fisikoaren gidaritza Txinak du. Haren esku daude teknologia garatuenak, eta haren atzetik doaz AEB Ameriketako Estatu Batuak. Txostenaren egileek, baina, nabarmendu dute hori ez duela zertan eragozpen bat izan. «Argi dago Txinarekin ezin garela buruz buru lehiatu, baina balio katean sar gaitezke», esan du Uriartek.

Euskal Herriaren rola

Duela astebete Txinan egon ziren Uriarte eta Artiagabeitia; bidaia hori baliatu dute egungo egoeraren isla gisa. Adibide bat jarri dute haien proposamena hobeto azaltzeko: Txinako AA robot batek 23 zatiz osaturik dago, eta proposatu dute «Galiako herrixka baten erara jardutea» eta pieza horietako batean profesionalizatzea: «Ezin dugu robota osorik egin, baina atal bat egin genezake, modu paregabean.

Baina, nola moldatu daiteke Euskal Herriko industria sarea teknologia berri horretara? Zedarriak-en argi dute: automoziora bideratutako fabrikak erabiliz. Azaldu dutenez, horiek dira egokienak haien egituraketagatik, eta Euskal Herrian dagoen ehun hori baliatzea gomendatu dute. Are gehiago, nabarmendu dute Txinan jada pauso hori ematen ari direla, eta iragarri Europan ere bide horretatik joko dutela.

«Gaueko txanda desagertuko da aurrena. Eta, aurrera begira, produktibitateari, ongizateari eta zainketei eusten lagunduko du AAk»

IKER ARTIAGABEITIA Zedarriak-eko aholkularia

Horiek horrela, Kaltzadak argi du zer rol izan behar duen Euskal Herriak datozen urteetan: «Europako laborategia izan gaitezke». Eta hori lortzeko agenda bat ezarri dute, aurten hasi eta 2030era arte doana.

Zedarriak-ek eman beharreko pausoak zerrendatu eta noiz egin beharko litzatekeen zehaztu du: aurten, euskal industriak dituen gaitasunak lokalizatu beharko lirateke; 2027an, aurreneko proiektuak garatu beharko lirateke industrian, zaintzan eta zerbitzuetan; 2028an, teknologia horren segurtasuna balioztatzeko eta zertifikazioak igortzeko sarea eratu beharko litzateke; 2029an, teknologia hori enpresa ertainetan eta txikietan erabili ahal izateko finantzaketa edota partekatzeko sistema bat eratu beharko litzateke; eta, 2030ean, Europan eredu bihurtzea.

AAren ekonomian parte hartzea ez da gauza makala. Aurten, 700.000 milioi dolar inbertitu dira sektorean, 600.000 milioi euro inguru. Euskal Herrian bada sektorean murgildu den enpresa bat: Primus Robotics. Mondragon taldeak sortu du, eta haren helburua da datorren urtean AA fisikoa merkaturatzea, hau da, AA duen robot humanoide bat sortzea. Guztira 3.000 robot merkaturatu nahi dituzte datorren urtean. 2027a ez da zorizko data bat; izan ere, urte berean Elon Musken Tesla enpresak ere bere AA fisikoa aterako du merkatura.

Oinarri etikoak

Garbi utzi dute geldi egoteak ez duela onurarik ekarriko; are gehiago, besteen mende geratzea eragingo du. Beraz, euskal gizarteak «eztabaida soziala» abiatu dezan galdegin dute: «Itun sozial bat ondu behar dugu, AAren oinarri etikoak ezarri eta nahi ditugun balioak izan ditzala erabakitzeko».

Izan ere, azken egunetan zeresan handia eman du adimen artifizialaren aferak. Hura garatzen ari diren enpresetako hainbat arduradun eta langile ohiek garapena moteltzearen alde egin dute. Horri gehitu behar zaio azken hilabeteetan argitara atera diren zenbait informazio: AAk zibereraso batzuk egin dituela inork halakorik eskatu gabe. Azken egunetan zabaldu den beldur horri aurre egin behar zaiola adierazi dute gaur Bilbon.

«Itun sozial bat ondu behar dugu, AAren oinarri etikoak ezarri eta nahi ditugun balioak izan ditzala erabakitzeko»

PILAR KALTZADA Zedarriak-eko kidea

Esan dute adimen artifiziala luzaroko heldu dela, eta, beraz, hura «nola erabili nahi» den erabaki behar dela. Are gehiago, nabarmendu dute «garapena» gizakiak «berezko» duen ezaugarria dela, eta AAren aro berria horrela ulertzeko gonbita egin dute. «Teknologia guztiak bezalakoa da AA. Ondo edo gaizki erabil daiteke. Sua ere oso arriskutsua da, baina hura kontrolatzen ikasi genuelako gaude gaur hemen», adierazi du Uriartek.

Antzera mintzatu da Artiagabeitia ere, eta esan du iraultza teknologiko guztiei izan zaiela beldurra, baina «azkenean beti» ekarri dituztela onurak: «Asteko 60 lanordutik 35 lanordura igaro gara garapen horri esker».

Uriartek azpimarratu du haiek proposatutakoa ez dela «gerturatze kapitalista bat, humanista bat baizik». Eta adimen artifizialaren aferari bide horretatik heltzeko eskatu du: «Bi norabide daude: AEBena, zeina hipermilioidunak sortzea helburu duen, edo Txinarena, zeina gizartearen hutsuneak betetzera bideratu nahi duen teknologia. Nire ustez, Txinaren alde egin behar dugu».

Asiako herrialdearen alde egiteko deia egin du «beharrak asetzeari begira hobeto» moldatzen delako eta lana ez duelako deuseztatzen: «Txinan debekatuta dago langile bat kaleratzea robot batek haren lana egin dezakeela argudiatuta. Langilea beste lanpostu baterako prestatu behar da, legez».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA