AA berria: aurrerapen astiroagoa

Adimen artifizialaren garapena moteltzea proposatu du Anthropiceko buruak, eta harekin bat egin dute OpenAIk, Googlek eta xAIk. Txinari aurre egitea da helburuetako bat.

Dario Amodei (Anthropic), Sam Altman (OpenAI) eta Elon Musk (xAI). GLOBAL ECONOMIC FORUM / EFE
Dario Amodei (Anthropic), Sam Altman (OpenAI) eta Elon Musk (xAI). GLOBAL ECONOMIC FORUM / EFE
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 14a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundua hankaz gora: adimen artifizialaren nagusiek uste dute haien teknologiaren garapena moteldu egin behar dela, gehiago kontrolatu behar dela, gardenagoa izan behar duela eta arautu egin behar dela. Deigarria da teknologia horren bultzatzaileek halako eskaera bat egitea, haiek baitira teknologia horren, haren garapenaren, hartu duen bidearen, segurtasun akatsen eta arriskuen kontrolaren arduradun nagusiak. Martxa honetan, siglak aldatuko dituzte: AA aurrerapen astiroagoa.

1

Zer gertatu da?

Alde batetik, adimen artifizialak munduaren eta gizateriaren akabera eragin dezakeela zabaldu dute; bestetik, adimen artifizialak eragin ditzakeen arriskuak ikusita, haren garapena moteltzeko eskatu dute.

2

Nork?

Aurrena, Anthropiceko ingeniari ohi batek. Jacob Coxon Anthropic enpresako ingeniariak dimisioa eman zuen iragan astean. Enpresa utzi eta gero, X sare sozialean zabaldu zuen mezu baten arabera, adimen artifziala eraikitzen ari direnek uste dute teknologia horrek gizakiak hil ditzakeela hamarkada hau bukatu baino lehen. Jendaurrean gauza bat eta laborategian beste bat esatea egotzi die: jendaurrean segurtasuna eta lasaitasuna, laborategian kezka eta beldurra.

3

Ingeniari batek eragin du halako harrabotsa?

Ez. Coxonek txioa argitaratu eta egun batzuk geroago, adimen artifiziala garatzen ari diren enpresa nagusietako buruzagiek adimen artifizialaren garapena moteltzeko eskatu dute. Dario Amodei Anthropic enpresako zuzendari nagusiak egin zuen eskaera, larunbatean.

4

Zergatik egin du eskaera Amodeik?

Anthropiceko zuzendari nagusiaren esanetan, bi arrazoik bultzatu dute eskaera egitera. Alde batetik, adimen artifizialak «abiada bizian» aurrera egin duela. Zerk eragin du aurrerapen hori? «Gero eta gaitasun handiagoa du adimen artifizialaren hurrengo belaunaldia sortzeko». Bere kabuz bere burua hobetzeko gai da. «Kontrolatzen ez bada», ohartarazi du Amodeik, «sistema hauek ulertzeko eta kontrolatzeko dugun gaitasuna gaindi dezake»

Bestetik, adimen artifizialean oinarritutako sistemek erasoak egin dituztela beste enpresa batzuen kontra. Amodeik OpenAIren adimen artifizialak uztailean Hugging Face enpresaren kontrakoa aipatu du: OpenAIren adimen artifizialeko ikerketa eredu batzuek egin zuten erasoa, inork eskatu gabe, haien artean harremanetan jarrita, batzuk besteen mesedetan sakrifikatuz eta Interneten sartuta. Haien kabuz egin zuten erasoa. Anthropickeko zuzendari nagusiak onartu du industria guztian izan direla «antzeko gertakariak».

Amodeik uste du OpenAIren ikerketa ereduek baino gaitasun handiagoko ereduen erlauntza batek «hondamendia» eragin lezakeela, eta urtebetean Internet osoa kontrolatu. Kezkatuta dago, eragindako kaltearen neurria handituz joan daitekeelako «adimen artifiziala, beharrezko segurtasun neurririk gabe, indartsuagoa bihurtzen bada».

5

Motelago, seguruago izateko?

Amodeik adimen artifizialaren garapena moteltzea planteatu du, denbora irabazteko —«urtebete edo bi»: denbora hori adimen artifizialaren garapena giza balioekin eta helburuekin bat etortzeko baliatuko lukete. Anthropiceko arduradunak ez du planteatu hasieratik giza balioekin eta helburuekin bat datorren adimen artifizial seguru bat garatzea.

6

Zer proposatu du?

Hiru neurri proposatu ditu: adimen artifizialeko enpresetatik kanpoko ebaluatzaileek enpresa horiek segurtasun neurriak eta konpromisoak betetzen dituztela egiaztatu ahal izatea; «herrialde demokratikoetako» adimen artifiziala garatzeko enpresek elkarrekin hitzartzea eta ezartzea segurtasun arauak eta adimen artifizialaren abiaduraren mugak; eta «AEB eta beste gobernu demokratiko batzuk» «gobernu autoritarioekin» koordinatzen saiatzea.

7

Nire xedea, nire legea?

Amodeik garbi utzi du AEBetako enpresei buruz ari dela, eta badaki «herrialde demokratiko» deitzen dituen horien artean AEBetakoak —berak zuzentzen duen Anthropic tartean— direla nagusi eta erreferentzia. Haren proposamenaren arabera, legeak onartu bitartean —prozesu luzea da—, enpresek ezarriko lituzkete haientzako arauak. «Baliagarria» izango litzateke AEBetako Gobernuak elkarrizketetak erraztea, «baina ez da beharrezkoa parte hartzea».

8

Txinaren kontrako neurriak dira?

AEB eta Txina dira adimen artifizialaren garapenaren erreferentzia. Gaur egungo adimen artifiziala garatzeko lehia da duela zenbait hamarkadatako espazioko lehia. Eta Amodeik ez du ezkutatu. Are gehiago: hark proposatutako neurrien helburuetako bat Txinaren adimen artifizialaren garapena moteltzea ere bada.

Anthropickeko zuzendari nagusiak ohartarazi du adimen artifizialaren garapena behar baino gehiago moteltzen baldin badute, «Txinako Alderdi Komunistari lotutako proiektuek» aurrea hartuko dietela, «segurtasun nazionalarentzat arrisku nabarmena sortuz». Txinak demokraziak miltarki menderatzeko «arriskua» dagoela gehitu du.

Neurrien helburuetako bat da, haren esanetan, adimen artifizialaren arloan demokraziek ahalik eta alde handienari eustea autokraziekiko. Horretarako, Txinari adimen artifizialerako txipak eta erdieroaleak eraikitzeko makinak saltzea debekatzea nahi du, besteak beste. «Neurri horiek ondo ezartzen baldin baditugu, uste dut Txinaren garapena motelduko dutela, hurrengo hiru edo bost urteetan AEBek haiekiko duten aldea nabarmen handitzeko moduan», Amodeiren iritziz. Urte garrantzitsuak izango dira: «Adimen artifizialak garrantzi geopolitiko handiagoa izango du urte horietan».

9

Zer erantzun du Txinak?

Txinak erantzun die AEBetako adimen artifizialaren nagusiei. Txinako Global Times egunkariaren editorialaren arabera, proposamenak Gerra Hotzeko jokabidea dirudi, «agenda ezkutu bat» du eta Txinaren garapena «ito» egin nahi du. Chen Yixin Txinaren Estatu Segurtasuneko ministroak uste du AEBen segurtasuna «aitzakia» dela Txinari eta beste herrialde batzuei goi mailako tresneria eskuratzeko.

10

Amodeik lortu al du babesik?

Bai, Sam Altman OpenAIko zuzendari nagusiak —OpenAIk uko egin dio konpainia aurten burtsaratzeari—, Demis Hassabis Googleko adimen artifizialeko buruak eta Elon Musk xAIren jabeak bat egin dute Amodeirekin. Donald Trump AEBetako presidenteak, aldiz, gutxietsi egin ditu adimen artifizialaren arriskuak eta «indar negatibo» deitu die adimen artifiziala arautu nahi dutenei.

11

Eskaera berria al da?

Ez. 2023ko maiatzean 350 ikertzailek, ingeniarik eta goi karguk ohartarzi zuten adimen artifizialak «gizateria desagerrarazteko» arriskua zuela, mezu labur batean: «Gizateria desagertzeko arriskuak arintzeak mundu lehentasuna izan behar du munduarentzat, pandemien eta gerra nuklearren moduko beste arrisku sozial batzuekin batera».

Testu labur baina esanguratsu hori sinatu zuten, besteak beste, Sam Altman OpenAIko zuzendari nagusiak, Dario Amodei Anthropicekoak eta Demis Hassabis Google DeepMindekoak. Baina ez al dira orain adimen artifiziala moteltzeko eskatu duten horiexek? Bai. Ohar labur hori kaleratu eta gero, moteldu al zuten adimen artifizialaren garapena? Ez. Hain justu, azken urteetan izan da adimen artifizialaren eztanda. OpenAIk 2023ko martxoan kaleratu zuen ChatGPT-4, oharra kaleratu baino hilabete lehenago.

12

Zergatik ez zuten egin?

Amodeik haien jokabidea zuritu du esanez 2023an ez zuela zentzurik adimen artifiziala moteltzeak, orduko ereduak ez zirelako behar bezain indartsuak iruzur egiteko, manipulatzeo edo zibereraso nabarmenak egiteko.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA