Euskal Herrian ere eragina izango du AEBek eta Europak erdietsitako merkataritza akordioak. %15eko muga zerga orokorrak kezka gehiago utzi ditu ziurtasun baino. Muga zergen berezko funtzioa kritikatu dute askok, eta salatu eragina izango dutela era batera edo bestera. Altzairuaren eta aluminioaren gaineko %50eko muga zergak kezkatzen ditu gehien. Hala ere, espero dute AEBek antzeko muga zergak ezartzea euskal esportatzaileen lehiakide diren herrialdeei.
1
Mikel Jauregi (Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua)
«Balorazioa gazi-gozoa da. Espero dugu akordio honek merkataritzaren ziklo ziurgabea amaitzea, horrek kalte egiten baitie etorkizuneko inbertsioei. Pozten gara autogintzari dagozkion muga zergen jaitsieragatik; izan ere, %25etik %15era jaitsi dira, eta Euskadin 40.000 pertsonak egiten dute lan sektore horretan. Bestalde, kezka ematen digu altzairuaren eta aluminioaren gaineko %50eko muga zerga bere horretan mantendu izanak».
2
Mikel Irujo (Nafarroako Industria kontseilaria)
«EBk etsi egin du AEBen aurrean, irudipen hori dugu. Gure ustez, ez da akordio ona %15eko muga zerga orokorra ezartzea eta %50ekoa aplikatzea altzairuari eta aluminioari. Gainera, aztertu beharra dago zer nolako eragina izango duen Europak hartutako konpromisoak, AEBei energia eta defentsarako materialak erosteko konpromisoak, hain zuzen».
3
Confebask
«Muga zergak ezartzea txarra da berez, eta gure ekonomian eragina izango du era batera edo bestera. Protekzionismo aro baterantz egitea dakar akordioak, eta hori merkatu askearen kontra egitea da. Ikusteko dago AEBek politika bera aplikatuko ote dioten Txinari, gure enpresekin zuzenean lehiatzen den herrialdea baita».
4
Javier Zubia (Gipuzkoako Merkataritza Ganberako zuzendaria)
«Ontzat jotzen dugu AEBen eta Europako Batasunaren artean merkataritza akordioa lortzea. Izan ere, esportazioei dagokienez AEBak hirugarren merkatu nagusia dira Gipuzkoako enpresentzat. Uste dugu negoziazioetan kontuan izan dutela Europak ez duela lehiakortasuna galdu nahi gainerako lehiakideen aldean; alegia, beste herrialde batzuek ez izatea gurea baino muga zerga apalagoa AEBekin salerosketan jarduteko. Ikusiko dugu».