Euskal Herrian gora egin du turismoak, apartamentu turistikoen gorakadarengatik

Guztira, ekainean eta uztailean 2,5 milioi bisitarik hartu dute ostatu Euskal Herrian, eta turismo arloko eragileak baikor daude abuztuko aurreikuspenei dagokienez ere.

Bi turista Donostian, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Bi turista Donostian, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
2025eko abuztuaren 22a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda honetan turismoak gora egin du Euskal Herrian. Abuztuko datuak falta diren arren, 2,5 milioi bisitari inguru izan dira denera, Eustaten, Nastaten eta Pirinio Atlantikoetako turismo agentziaren arabera. Haiek eginiko inkesten datuetatik ondorioztatu daitekeenez, apartamentu turistikoak izan dira gorakadaren bultzatzaile nagusiak, Hego Euskal Herrian bereziki. Eustaten arabera, uztailean eta ekainean %36 turista gehiago izan dira denera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako apartamentu turistikoetan, eta Nafarroan %49,5 gehiago izan dira ekainean —Nastatek ez ditu uztaileko datuak eman oraindik—.

Gorakada apalagoa izan da gainontzeko ostatuetan; Hego Euskal Herriko hoteletan, adibidez, %7,9 igo da bezeroen kopurua. Kanpinetan eta landa ostatuetan ere bisitari gehiago zenbatu dituzte, baina datuak iazkoen antzekoak izan dira. Idoia Ezkurdia Nekatur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa ostatuen elkarteko arduradunaren arabera, eguraldiak lagundu egin du aurten: «Iazko uztailean, eguraldia txarra izan zen. Aurten, berriz, hobea izan da, eta horrek eragina izan du, batik bat azken orduko erreserbetan».

«Iazko uztailean, eguraldia txarra izan zen. Aurten, berriz, hobea izan da, eta horrek eragina izan du, batik bat azken orduko erreserbetan»

IDOIA EZKURDIA Nekaturreko arduraduna

Ostatu mota guztiak kontuan hartuta, Euskal Herri osoan 2,5 milioi turista inguru izan dira ekainean eta uztailean, eta eragileak baikorrak dira abuzturako aurreikuspenak direla eta. «Orain dela bi egunera arte kanpin ia guztiak beteta egon dira egunero, eta kostakoak beteta daude oraindik ere», adierazi du Alberto Retolaza Euskadiko Kanpinen Elkarteko zuzendari laguntzaileak. «Orain eguraldia aldatu da, baina, erreserbak aurretik eginda daudenez, jendea geratu egiten da hala ere», gehitu du.

Ezin ukatu landa ostatuek eta kanpinek indarra dutela Euskal Herrian. Hala ere, bisitari gehienen gaualdiak hoteletan izan dira —hirutik bi Hego Euskal Herrian—. Uztailean, adibidez, hoteletako gelen %81,6 bete dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan denera, eta %53,5 Nafarroan. Lurralde batetik bestera bada alderik, halere; Bizkaiko hoteletan izan da igoerarik handiena (%5,2), Gipuzkoakoek bere hartan eutsi diote —%0,9ko igoera erregistratu dute—, eta Arabakoek %8,6 bisitari gutxiago jaso dituzte. Nafarroan ere goraldia nabaritu da hoteletan, %1,6koa.

Ostatu hartzeko aukeren artean garestienak dira hotelak, eta aurten are nabarmenagoa izan da hori. Iazko datuekin alderatuta, hotelen batez besteko tarifa %4,4 igo da uztailean: gaua 144,5 euroan izan da batez beste Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuta. Aipagarria da Donostiako hotelen prezioa, 230,7 euroan izan dira batez beste uztailean, Bilbon baino 100 euro garestiago. Donostian %1,6 turista gutxiago zenbatu dira hoteletan. Gasteizen, hotel batean gaua pasatzea 88 euro kostatzen da. Nafarroan, 105,5 euro, %3,6 merkeago.

Beste egonaldi motak

Hotelen prezio garestiak direla eta, zenbait bisitarik beste egonaldi mota batzuk hautatu dituzte; landa ostatuak, adibidez. Hotelen prezioaren erdia baino gutxiago ordaintzen da landa apartamentuetan, Nekaturreko arduradunaren arabera: «Orain, udan, bi lagunentzako gela batean gau bat pasatzea 65-70 euro kostatzen da batez beste», esan du Ezkurdiak.

Haren hitzetan, uztailean %65eko okupazioa izan dute landetxeetan eta landa apartamentuetan, iaz baino %1 gehiago, eta esan du aste honetan loleku guztien %82 daudela beteta, iaz epe berean baino %2 gehiago. Arabako landa ostatuek %9 bisitari gehiago hartu dituzte aurten.

«Asteburu bat pasatzeko, hotelen prezioak ez du horrenbesteko garrantzirik, baina, egonaldi luzeak egiteko, nabari dira prezio batzuen eta besteen arteko diferentziak»

ALBERTO RETOLAZA Euskadiko Kanpinen Elkarteko zuzendari laguntzailea

Bide beretik, Retolaza pozik mintzatu da kanpinetako datuei dagokienez ere: «Kanpinetako oporrak eta hoteletakoak opor mota ezberdinak dira, baina hotelen prezioen garestitzeak bultzada ematen die kanpinei. Azkenean, asteburu bat pasatzeko, hotelen prezioak ez du horrenbesteko garrantzirik, baina, egonaldi luzeak egiteko, nabari dira batzuetan eta besteen prezioen arteko diferentziak».

Beharbada horregatik, hoteletan erregistratutako egonaldiak motzak izan dira. Batez beste, ekainean eta uztailean 2,05 eguneko egonaldiak egin dituzte bisitariek Hego Euskal Herriko hoteletan.

IPARRALDEAN, EGONKOR

Ipar Euskal Herrian %0,53 egin du behera bisitarien kopuruak ekainean eta uztailean, 6.469 turista gutxiago erregistratu baitira. Pirinio Atlantikoetako turismo agentziaren arabera, guztira 1,2 milioi turista izan dira. Batez beste 4,15 eguneko egonaldiak egiten dituzte horiek. Bisitarien %71 Frantziatik etorri dira. 

Uztaileko lehen hamabostaldian izan da turista gehien. Baionako festen aurreratzeak eragina izan du horretan, baita uztailaren amaierako eguraldiak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.