irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Jende askorentzat, lanbidea ogibidea baizik ez da. Bizirik irauteko tresna. Beste batzuentzat, sentimendu gehiagorekin nahasten den jarduera bat da; bokazioa, pasioa eta engaiamendua izan daitezke. Sentimendu horiekin sartu ziren AEKn, duela kasik 45 urte, Irene Ithursarri (Iholdi, Nafarroa Beherea, 1962) eta Tipi Kopentipi (Milafranga, Lapurdi, 1958). Lehenik ikasle gisa eta ondotik irakaslearen ardura betez, ibilbide luzea egin dute biek, eta azken urteetan, erretiratu ondotik, berriz elkartu dira, lanbidearen nondik norakoez hitz egiteko.
Iparraldean, AEKren lehen ordezkaritza 1980an sortu zen. Ithursarri hiru urte geroago sartu zen bertan, euskaraz alfabetatzeko helburuz. Baina klaseek ez zuten luzaz iraun. Izan ere, GALen presentzia Baionan geroz eta handiagoa zela eta, Irenek eta haren klasekideek beste «lehentasunak» zituzten: manifestaldiak eta halakoak. Testuinguru soziopolitikoak sekulako garrantzia zuen, eta horrek AEK-ko klaseak baldintzatu zituen. «Hegoaldetik zetozen langile asko galdu genituen GALen gerlarekin, batzuek ihes egin zutelako, eta besteak erailak izan zirelako», oroitu du Ithursarrik.
Kopentipi ere urte horietan sartu zen AEKn; bera ere ikasle gisa lehenik. Giro politikoaren pisuarengatik markatua izan zen, Ithursarri bezalaxe. «GALek atentatuak egin ondotik, ikasle kopurua erditik zanpez jautsi zen. Bospasei urtez sentitu zen GALen eragina».
Batak zein besteak AEK-ko lanpostu guziak bete dituzte. Ikasle lehenik, boluntario ondotik, eta irakasle geroztik. Hasieran, langile oso gutxi ziren, eta, ondorioz, ardurak denen artean eta «ahal bezala» banatzen ziren, hierarkia eta organigrama zehatzik ez zelako, Ithursarrik azaldu duenez. «Dena egiten genuen: irakaskuntza, pedagogia, ikastaldien antolaketa, diru kontularitza salbu!».
Horren karietara, Ithursarrik azpimarratu nahi izan du aldaketa nagusi bat antolaketarena izan dela. Horrek, eginbeharren banatzea errazteaz gain, lan baldintzak hobetu ditu. «Gaur egun, irakasleak ez lirateke prest garai hartan genituen lan baldintzak onartzeko».
Baldintza ekonomikoei so
Hala ere, lansarien aldetik, bi irakasle ohiak poztu dira AEK-k berdintasunaren ildotik segitu baitu. Hau da, langile guziek ordainsari bera ukaiten dute, edozein dela lanpostua. Lansaria aldatzen ahal duen ezaugarri bakarra antzinatasuna da, baina ez da errana printzipio horrek iraungo duen. Izan ere, Kopentipiren erranetan, azken urteetan Iparraldeko AEKn antolaketari buruzko eztabaida garrantzitsuak daude elkarte gisa segitzeko ala beste estatus bat hartzeko. «Jada gure garaian azaleratu zen galdera; guk horrela segitu genuen, baina egia da orain ezberdina dela. Gero, ikustekoa da dretxo berdinak bermatuko diren», azaldu du.

Elkarte izateari utzi eta kooperatiba bihurtzen bada, lansariaren aldetik posible da orain arte ziren ezaugarriak guztiz inarrostea. Enpresa baten baldintzak aplikatzen baditu, posible litzateke postuen arteko hierarkia bat plantan ematea eta, ondorioz, lansarien artean aldeak izatea.
«Hegoaldetik zetozen langile asko galdu genituen GALen gerlarekin, batzuek ihes egin zutelako, eta besteak erailak izan zirelako»
IRENE ITHURSARRIAEK-ko irakasle ohia
AEK-k elkarte gisa funtziona dezan, funtsezkoak ditu diru iturriak. Ikasleek ordaintzen dutenarekin «ez da kasik deus» ordaintzen ahal. Orduan, Korrika ahantzi gabe, egitura publikoen laguntza funtsezkoa da. Ithursarrik bere kezka azaldu du EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuaz. «Ikusiz azken berriak, diru sartze hori kolokan jarria da. Euskaraz ari diren beste hedabideekin eta elkarteekin bezala, arazo bat izango da».
Hori aipatzean, Kopentipiri anekdota bat etorri zaio burura: «Urte batez, diru laguntzak berantarekin iritsi ziren. Anartean, agian hilabete bukaeran lansari gabe geratzeko arriskua zegoen. Ororen buru, alde guzietan ongi miatuz, bakoitzari zerbait emateko eta berantago zuzentzeko alternatiba atzeman genuen. Egia da bat-batean, horrelakoa gertatzen delarik, beldurgarria dela».
Ikasleriaren aldaketak
Irakasten hasi zirenetik, euskara ikasleak behatzeko denbora ukan dute. 1980ko hamarkadako ikasleak eta gaur egungoak ez dira ber arrazoientzat heldu AEKra. Kopentipik eta Ithursarrik argi dute garaian ikasleria «militanteagoa» zela, testuinguru politikoak eta norberaren historiak eraginik. Errate baterako, Kopentipi AEKn ikasten hasi zen euskara berreskuratzeko gisan, etxean ez zuelako osoki jaso. Eta xede berarekin, garai hartan, ikasle franko gau eskoletara joan ziren. «Hasi ginenean, gazteok Euskal Herrian euskaraz mintzatu behar genuela uste genuen: militantzia zen», osatu du Ithursarrik.
Militantziak zuen elkartearen egunerokoa markatzen, elkarrizketak, klaseen ordutegiak eta aipagaiak baldintzatu arte. «Denetarik» aipatzen ahal bazen ikasgelan, giro militante horretan, pare bat alditan egoera oso arraroak bizi izan zituzten. «Gertatu da batzuetan ikasgelan txakurrak [poliziak] izatea ikasleen artean. Halakoetan, ikasleek beraiek kanporatzen zuten. Ez zuen irakasleak ezer esateko beharrik. Gaur egun, nire ustez, ez litzateke horrelakorik gertatuko: irakasleak ez dakit prest liratekeen horren egiteko», esplikatu du Ithursarrik.
Kopentipik ere egoera berdintsua bizi izan du. «Militar ohi bat ukana nuen ikasle gisa. Pentsatzen dut horrelako jende berezia ez zela sartuko beste denbora batean. Jakina, hor zelarik, ez zen edozer aipatzen ahal».
Hala ere, bi irakasle ohiak ados dira AEKren indar handienetariko bat «orotariko publikoa» dela. Azpimarratu nahi izan dute AEKn, orain, adin eta ingurune ezberdinetako jendea atzematen ahal dela, baina garai batez publiko nahiko militantea zela. «Gaur egun, ber ikastaldian ukaiten ahal duzu mediku bat, laborari bat eta langabe bat elkarrekin ikasten», erran du Ithursarrik. Panorama sozial horren zabaltzea AEK-k bere ibilbidean hartu duen norabidearen lekuko izan daiteke. Sortu zen garaian, publiko militanteari osoki lotua zen, garai hartako testuinguruak baldintzaturik. Baina, gaur egun, AEKra joaten den jendeak ez du militantziatik sistematikoki jotzen, menturaz testuinguru globalago eta despolitizatuago batean kokatzen baita.
Ardurak eta gabeziak
Testuinguruak eta ikasleria aldatu dira. Baina AEK-k ba ote du aldaera horietan ardura finkorik? Denbora joan arau, egokitu ote da? Elkartearen diskurtsoa barreiatu dea? Galderak ez dira errazak. Alta, Kopentipik uste du AEK-k bereari jarraitu diola. «Hastapenean, AEK-k argi zuen huts bat bete nahi zuela: belaunaldi deseuskaldundu batzuk berriz euskaratzeko edo euskaraz alfabetatzeko. Haren helburua izan da eta agian beti da Euskal Herria euskalduntzea. Baina beharbada ez da gehiago hainbeste aitzinera ematen».
Elkartearen erantzukizun politikoaz haratago, doakotasuna aipatu dute bi irakasle ohiek. Ithursarri bat dator AEKren helburuarekin: «Betidanik, AEK-k, Hegoaldean zein Iparraldean, euskarari doakotasuna zor zaiola erraten du: ikasleek dohainik ikasteko eskubidea dute». Hala ere, irakasle ohiak badaki momentukotz ezinezkoa dela, laguntza gehiagorik gabe.
«Hastapenean, AEK-k argi zuen huts bat bete nahi zuela: belaunaldi deseuskaldundu batzuk berriz euskaratzea edo euskaraz alfabetatzea. Haren helburua izan da eta agian beti da Euskal Herria euskalduntzea. Baina beharbada ez da gehiago hainbeste aitzinera ematen»
TIPI KOPENTIPIAEK-ko irakasle ohia
Preseski, badakite nor den euskararen doakotasunaren bidean trabak jartzen dituen erruduna: «Frantziako Estatuak izorratu ditu Euskal Herria eta euskara». Ekonomikoki eta politikoki, Frantziako administrazioak ez du euskararen inguruko «borondate politikorik» erakutsi. Erakunde publikoetan hizkuntza politika «falta» dela azpimarratu du Ithursarrik. Kopentipik begi onez ikusten du erakunde publikoetatik datozen langileek euskaraz ikastea, baina, gabezia bat sumatzen du, ondotik ezin baitute inorekin hitz egin ahal beren sektore publikoetan. Horretarako hizkuntzaren eta borondate politikoaren «beharra» baitezpadakoa dela uste du Ithursarrik.
Korrikaren garrantzia
AEKrentzat ekonomikoki garrantzitsua bada ere, Korrikak dimentsio globalagoa ekartzen dio erakundeari. Elkartea ezagutarazteko balio du, ekintza kolektibo masiboa bihurtu baita, eta hainbat eragile ekintzara bultzatzeko motibatzen baititu. Korrika euskararen inguruko ekintza ezagunenetako bat bilakatu izana plazer dute Kopentipik eta Ithursarrik, eta Euskal Herritik kanpo eredu gisa erabilia dela nabarmendu dute. «Orain, Korrika gisarakoak denetan badira: Bretainian [Redadeg], Okzitanian [La Passem], Irlandan [Rith]... Kontatu gabe munduan zehar dauden euskal etxe guzietan antolatutako Korrikak!».
Emozioz oroitu dituzte Korrikaren hainbat aldi. Errate baterako, Tipi Kopentipiri ahaztezina zaio Baionan 1991n lehen aldikotz bukatu zenean. «Zer katastrofea! Igandearekin euria jauts ahala hasi zen, amesgaizto bat... Baina jendea hurbildu zen hala ere!», azaldu du garaian laguntzaile zenak. Ithursarrik, berriz, bere lehen Korrika oroitu du: 1983an izan zen, ikasle zelarik oraino.

Zer atxikiko lukete beren ibilbideaz? Naturaltasun osoz, Kopentipik erran du bere esperientziaz deus ez lukeela botako, eta oroitzapen «oso onak» dituela, baina onartu du erretiratu aitzin pasatutako azken urteak zailak izan zirela irakaskuntza aldetik.
Ithursarrik, berriz, azken lan eguna du lehen oroitzapen gisa, anekdota pertsonal batekin. Seguran (Gipuzkoa) iragandako Iparra-Hegoa egitasmoaren karietara proposatua izan zitzaien hari eta haren ikasleei kantu baten aurkeztea. «Bagenuen Bordeleko ikasle bat koru talde bat zuena. Proposatu zigun kantu horren grabatzea, eta nire azken lan egunean, ekainaren 30ean, bertara joan eta grabatu egin genuen». Momentu bereziz josi dituzte beren lan karrerak lau hamarkadatan, euskara zabaltzeko ardura betez.