1.385 euro, gehienez. 1.268 eta 1.385 euro artekoa . Eusko Jaurlaritzaren irudiko, horrek izan beharko luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatutako lan hitzarmenetan jaso beharko litzatekeen gutxieneko soldata. Hala jakinarazi du CCOO sindikatuak. Gaur egun 1.184 euroko da Hego Euskal Herrian, Espainian bezala.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak Euskal Autonomia Erkidegorako negoziazio kolektiboko gutxieneko soldata bati buruzko azterlana aurkeztu du astearte honetan elkarrizketa sozialeko mahaian, eta han izan da CCOO. Sindikatuak komunikabideetara bidalitako ohar batean eman du kopuru horren berri. «Gobernuaren proposamenean, aurreikuspen baikorrenen arabera, gutxieneko soldata 1.390 euro ingurukoa izango litzateke». Ez du besterik ezagutarazi.
Mikel Torres sailburuak asteazken honetan emango ditu xehetasunak. Komunikabideetara bidalitako ohar batean zehaztu du hark egindakoa azterketa bat baino ez dela, ez dela EAErako gutxieneko soldata bat proposatzen ari, ezta hitzarmenetakoa 1.385 eurora igotzea ere. Esan du negoziazioetan «erreferentzia modura» erabil daitekeen txosten bat dela.
ELAk eta LABek ez dute elkarrizketa sozialeko mahaian parte hartzen, haiek hala erabakita, baina ostiralean bilduko dira Torresekin gai honetaz aritzeko. Dena den, gaur jakinarazitakoari buruz esan dute ez dela nahikoa. «Euskal Herriak bere gutxieneko soldata propioa behar du, duina eta langile guztientzat izango dena».
Sindikatu abertzaleek ez dute gaizki ikusten gutxieneko soldata bat adostea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatzen diren lan itunetan, baina uste dute Jaurlaritzak urrats bat gehiago egin beharko lukeela, eta hark gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena edo eskumena izan beharko lukeela, hiru lurraldeetako langile guztiek bermatuta izan dezaten, Espainia mailako itun bat dutenek barne. Kopuru bat ere zehaztu dute: 1.500 euro hilean.
Halaber, Eusko Legebiltzarrean herri ekinaldi legegile bat aurkezteko sinadurak biltzen ari dira; onartuz gero, egitasmoa Madrilera eraman dezaten. Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak, baina, EAEra mugatu nahi du negoziazioa, eta lan hitzarmenetara.
Jaurlaritzak azterlan edo proposamen bat egiteko konpromisoa hartu zuen, Confebask patronalak lau sindikatuek gaiaz negoziatzeko eginiko eskaerari uko egin eta gero. Nafarroan, berriz, CEN patronalak baztertu egin du sindikatuen elkarrizketarako deia; gainera, han CCOOk eta UGTk ez dute bat egin besteen proposamenarekin.
Patronalaren «absentismoa»
CCOOren ustez, Jaurlaritzaren azterketak balio behar du EAEn gutxieneko soldatari buruzko negoziazioari ekiteko, baina gobernuari eskatu dio elkarrizketa horiek «erabakimen handiagoz bultzatzeko». Uste du egindako urratsa ezin dela «txosten tekniko batera» edo «komenigarria izango litzatekeen» kopuru bat zehaztera mugatu.
«Euskadiko baldintza sozioekonomikoetara benetan egokituko den» gutxieneko soldata bat eskatu du sindikatuak, zeinak kontuan hartu behar duen «Euskadiko errealitate sozioekonomikotik gertuago dauden» herrialdeek dituztenak eta «erreferentzia-esparru errealistagoak eta ez hain kontserbadoreak dituztenak».
Confebask patronalari ere mintzatu zaio sindikatua, eta eskatu dio esparru horretan duen ardura bere gain hartzeko eta negoziatzera esertzeko. Hori ez egitea «benetako absentismoa» dela adierazi dio, «bere funtzioen utzikeria» egitea eta «euskal herritarrekin desleial» jokatzea.
CCOOk berretsi du hitzarmenetan gutxieneko soldata bat ezartzea «guztiz legezkoa eta bideragarria» dela egungo araudiarekin. Eta azpimarratu du horrek sektore bereko enpresen arteko dumping-a zailduko lukeela, «kostuak murriztean oinarritutako enpresen arteko lehia» oztopatuz.
Lan Sailaren arabera, bihar aurkeztuko duen txostena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitate sozioekonomikoaren «azterketa sakon» batean oinarritzen da, eta kontuan hartzen ditu, besteak beste, Europako beste herrialde batzuetako gutxieneko soldatak eta eta Espainian azken urteetan kopuru hori handitzeko egin diren urratsak eta horrek izan dituen ondorioak.