Eusko Jaurlaritzak 205 milioi gutxiago gastatu ahalko ditu

Funtzionamendu gastu eta laguntza «gehienak» %5 murriztuko ditu Lopezen gobernuak 2012ko aurrekontuetan

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Gastu publikoa murrizteko eta defizita gutxitzeko politikak izango dira berriro ere Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna 2012. urteko aurrekontuetan. Espainiako Gobernuak ezarritako defizit helburua —BPGaren %1,3— beteko duela iragarri du Patxi Lopezen gobernuak. Hori dela eta, aurten baino 205 milioi euro gutxiago izango ditu eskura; %2ko jaitsiera. Orotara, 9.964 milioi euro gastatu ahalko ditu.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak heldu den urteko aurrekontuak prestatzeko irizpide nagusiak onartu zituen atzo. Orain, sail bakoitzari dagokio kontuak prestatzea, oinarri horiek aintzat hartuta. Aurrekontu proiektua datorren urriaren 26an onartu nahi du Jaurlaritzak, Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak atzo aurreratu zuenez.

Gastu soziala finantzatzen duten atalak murrizteko asmorik ez dutela ziurtatu zuen Agirrek. Haatik, funtzionamendu gastu eta diru laguntza «gehienak» %5 jaitsi nahi dituztela aurreratu zuen. Neurri hori ez da erabiliko irakaskuntza itunetan, botika gastuetan, edo gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentan. Era berean, inbertsio publikoan gastatzen den dirua zaintzeko asmoa onartu zuen Agirrek, eta gastu konpromiso berriak «nabarmen» mugatuko direla jakinarazi zuen.

Langile gastuari dagokionez, ez dela Espainiako aurrekontuetan finkatuko dena baino gehiago haziko iragarri zuen, eta langile kopurua ere ez da handituko. Halaber, heldu den urtean ez da erakunde, fundazio edo partzuergo publiko berririk sortuko, eta soilik 2011 urtea amaitu baino lehen onartzen direnak jarriko dira martxan.

Zorra, aurtengoaren pare

Bere burua finantzatzeko zor publikoa erabiltzen jarraituko du Lopezen gobernuak. 2011 urterako1.187 milioi euroko zorra iragarri zuen, eta beste 1.190 milioi espero ditu 2012rako. Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, urtea ia 6.000 milioi euroko zorpetzearekin amaituko du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %8,5.

Ekonomiaren garapenari dagokionez, indarrean zituen aurreikuspenei eutsiko dio oraingoz Ekonomia eta Ogasun Sailak. Horien arabera, aurten %1,4 haztea espero du, eta 2012 urtean, %2. Urtearen joanean batez besteko langabezia tasa %10,6 izango dela kalkulatu du. 2012an jaitsiera arina izango luke, %10 izan arte.

Gehienezko gastua mugatu eta jaisteko erabakiarekin «arduragabe» jokatzea egotzi zion LAB sindikatuak Jaurlaritzari, prentsa ohar baten bidez. Gastu publikoa murrizteak ez duela krisia arinduko uste du LABek. «Politika hauekin atzeraldi gehiago dugu, defizit gehiago, eta, ondorioz, zor handiagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.