Dirua

Euskoa, hamar urte garatzen

Hamar urtean anitz garatu da lekuko moneta, beste batzuk sortzeko eredu izateraino. Billeteari birtuala gehitu, eta erabiltzaile anitzez gehiago dira, profesionalak barne.

Euskal Moneta elkarteko kideak, Baionan, 2023ko urtarrilaren 31n. EUSKAL MONETA
Joanes Etxebarria.
2023ko otsailaren 03a
10:21
Entzun

Europako lekuko dibisa edo moneta guztien artean, euskoa da azkarrena, hiru milioi euroz goitiko balioaren heinarekin. Hamar urte bete berri ditu, eta bere arrakastaren ondorioa Europan ere neurtzen ahal da, joan diren bi urteetan beste 39 lekuko moneta sortu baitira euskoa adibidetzat harturik.

Europan ez da izan lehena kronologikoki. Horregatik, Euskal Moneta elkarteak ez du erraten lehen moneta denik euskoa; azkarrena, bai, Iban Carricano komunikazio arduradunak argitu duenez: “Sarerik handiena da, eta hori bi ezaugarrirekin definitzen da. Batetik, zirkulazioan diren unitate kopuruarekin, eta azken zenbaketan 3,5 milioi eusko ziren. Hor aitzinean gaude, eta diferentzia anitzekin. Bestetik, sarea ere neurtzen da; 1.300 profesional ditugu, eta horrek ere lekuko lehen moneta gisa sailkatzen gaitu”.

Bistakoa izan daiteke, baina beste lekuko dibisak baino haboro garatu bada ere, “euroaren erabilpenetik oraino urrun” daudela zehaztu du Carricanok. Halere, 2013ko urtarrilaren 31n lehen billeteak zirkulatzen hasi zirenetik, jauzi batzuk egin ditu euskoak urtez urte; gaur egun, partikularren sarea bezala, profesionalena ere anitz garatu da.

Billeteekin hasi, eta, gainera, birtualera ere jauzi egin zuen euskoak 2017an; kartarekin lehenik, baina bere arrakasta ez da izan 2020az geroztik telefonoarekin pagatzeko ahala eskaintzen duen aplikazioaren heinekoa, Carricanok dioenez: “Arrunt praktikoa da telefonoarekin pagatzea, erabiltzaileentzat eta saltzaileentzat ere bai. Agerikoa da datuetan: 550.000 bat eusko dira billeteetan zirkulazioan, eta birtualean etengabeko hazkuntza da, hiru bat milioi eusko dira”. Halere, ez dituzte paperezko sosak baztertu nahi; batetik, eusko billetea “ikonikoa” delako, eta, bestetik, erabiltzaile batzuek ez dutelako birtualera pasatu nahi.

Balioak ekonomiara

Hastapenetik dirua baino zerbait gehiago partekatzea proposatzen du Euskal Moneta elkarteak: balio batzuekin bat egitea, preseski. Horiek zer gisaz garatu diren galdeturik, Carricanok, euskaratik hasirik, aipatu du “lekuko monetaren bidez, 340 profesionalek afixatze elebiduna” ezarri dutela. “Beste hirurehun batek haien eskuetan dituzte itzulpenak, baina ez dute oraino plantan ezarri. Eta engaiatuak diren beste hirurehun bat badira”. Adibide garbi bat da, haren ustez, balioak nola gauzatzen diren ikusteko.

Lurralde mailako elkartasuna ere aipatu du komunikazio arduradunak, urtez urte errepikatzen den argazki bat oroitarazirik: Euskal Moneta elkarteak sos zama bat ematen die hainbat elkarteri. Euskoaren erabiltzaile bakoitzak elkarte bat babesten ahal du, eta elkarte batek 30 babesle dituelarik, bere babesleen urteko hartu-emanen %3 bereganatzen ditu. “Aurten, gisa horrez, hirurogei bat elkarteri 60.000 euskotik goiti banatu dizkiegu: izan kultura, irakaskuntza, ingurugiroa… Lurraldeko elkartasun mekanismo arrunt konkretua da euskoa moneta erabiltzearen bidez”.

Neurtzen zailagoa dira hastapenetik euskoaren bidelagun diren beste balio batzuk; hala nola, finantza espekulazioa txikitzea. Neurtzen zaila da ingurumenean lekuko dibisak ukan dezakeen eragina ere, nahiz eta, Carricanoren ustez, berez joan: “Lekuko monetak zirkuitu laburrak aktibatzen ditu, eta, ondorioz, trantsizio energetikoa aitzinarazten du”. Elkarteak lekuko hornitzaile batekin aritzea galdetzen die, gainera, partaide dituen profesionalei, hurbileko hartu-eman ekonomikoak ahal bezainbat indartu nahiz.

Izan partikularra ala profesionala, kide bilakatzeko balio horiekin eta beste batzuekin bat egitea galdetzen denez, erabiltze batzuen profila argia da. Carricanok baieztatu du, ñabardurak badiren arren. “Aski harrigarria da ikustea zenbat jende desberdin lotzen den euskoari: batzuk euskarari atxikiak dira, besteak lurralde ekonomiari… Azkenean, badira AMAP sareak, ikastolak, baina beste komertzio desberdinak ere bai; hala nola, Bereziartua eraikuntzako materialen saltoki sarea”. Azken adibide horren berdintsua da Collectivite Services, profesionalak bulego materialetan hornitzen dituen enpresa; eskala handiko komertzioa egiten dutenez gero, euskoaren zirkulazioan hartu-emanen kopurua handitzen dute halako enpresek. Gainera, “diotenez, bezero berri batzuk ukan dituzte euskoa onartzen hasi direnetik”, gehitu du elkarteko langileak.

Irakaspenak

Euskoak bidea ireki die beste lurralde batzuetako dibisa berriei. 39 sortu dira azken bi urteetan, Baionan hartu irakaspenetatik. Bretainian edo Biarnon, besteak beste, hala abiatu ziren. Baionan kokatzen da, justuki, lekuko dibisak sortzen laguntzeko sortu zen Lekuko Moneten Institutua, Euskal Monetaren egoitzan.

Baina euskoa bera ere garapen bidean da oraino; Ipar Euskal Herrian ez da berdin erabilia gune guztietan, Carricanok zehaztu duenez: “Biztanleriarekin aski proportzionala da. Profesional anitz baditugu enpresa anitz diren guneetan. Beste guneetan dinamizazio lana egiten dugu, baina enpresa eta biztanleen dentsitatearen araberakoa da euskoaren erabilpena”.

Enpresa mundutik jin daiteke euskoaren ondoko urratsa, garapen xede bat ikertzen ari baitira: barter edo enpresen arteko transakzioak lekuko monetan nola egin gogoetatzen ari dira ekonomia ikerlari desberdinak. “Euskal Herri osoko eskalan egitea ikertzen ari gara, eta horrek ekar lezake lehen harri bat euskoa Hego Euskal Herrira pasatzeko”, aitzinatu du Carricanok.

Aurtengo Eusko Egunean, dena den, hamargarren urtemuga ospatuko dute, Ezpeletan, apirilaren 15ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.