Everwood Capital Madrilgo inbertsio funtsak kapitalaren parte handiena erosi du Irunen (Gipuzkoa) egoitza duten Arin Express, Trans Paneuropa eta HTG Express enpresetan. «Europako garraio enpresen sektorean erreferentziazko talde bat» sortzea da funts horren asmoa.
Everwood Capital beste garraio enpresa batzuen jabe ere bada, beste zazpirena: besteak beste, Partida Logistics, AGSA eta Maresa Logistica, eta 900 milioi eurotik gorako aktiboak kudeatzen ditu gaur egun.
Talde horretara batuko ditu orain Irungo hiru enpresak eta haien baliabideak. Hiruren artean 250 langile propio dituzte, eta 5.000 bezero baino gehiago. 100 milioi euro inguru fakturatzen dituzte urtean. Talde berria HTG Expressen zuzendari nagusi Geoffrey Sterkendriesek gidatuko du.
HTG Expressek Irunen du egoitza: 3.000 gidari autonomo aritzen dira harentzat lanean, eta 3.500 bezero ditu, Frantzian eta Marokon bereziki. Arin Expressek 20 urteko ibilbidea du, eta 1.500 bezero inguru. Haren jarduera gune nagusiak Algecirasko portua (Espainia) eta Afrikako iparraldea dira. Italian, Turkian, Errumanian eta Serbian ere aritzen da. Trans Paneuropa, berriz, 1994an sortu zuten, eta autogintzaren sektorearentzat lan egiten du, Alemanian eta Katalunian nagusiki: 350 gidari autonomo ditu bere sarean.
Everwood Capital 2015ean sortu zuten, eta, garraio sektorean ez ezik, energia berriztagarrietan ere egin ditu inbertsioak.