«Ez dago erlaxatzeko konfort gunerik», ohartu dio Tapiak industriari

Nazioarteko egoerari gehiago erreparatzeko eskatu die euskal enpresei, Basque Industry 4.0. batzarraren hasierako hitzaldian

Erredakzioa
Donostia
2016ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Argi izan dezagun inoiz ez dela existitu, ez dela existitzen eta ez dela existituko gure industria erlaxatzeko moduko konfort gunerik». Ohar garbi batekin agurtu zituen enpresaburuak Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, Basque Industry 4.0. batzarraren hasierako hitzaldian, Donostiako Kursaal jauregian.

Bi mila lagunetik gora industria molde berria jorratu zuten batzarrean, fabrikazio adimendua izenekoa. Industria hori guztiz globalizatua dagoela azaldu zuen Tapiak, azkenaldian prozesu hori porrot politikoak bata bestearen atzetik pilatzen ari den arren. «Inguratzen gaituenari adi egon behar dugu, nazioarteko giroari, gure produkzioaren kalitateari, berrikuntzarako gure gaitasunei, eta, batez ere, gure kudeaketa merkatuak zer dioen, horretara etengabe egokitu behar dugu, nahiz eta haizea alde izan», esan zien batzarrera bildutako euskal enpresaburuei.

Etengabeko egokitzapen horretan 4.0. industria izeneko fabrikazio adimendunak izango duen pisua nabarmendu zuen sailburuak. «Hemen geratzeko etorri da, gure industria lehiakorragoa izateko eta nazioartean hobeto kokatuta egoteko». Horregatik, dei egin zien enpresa txikiei eta ertainei fabrikazio sistema modernoak barnera ditzaten.

Enpresek arreta handiz aztertu beharreko alderdien artean, gertaera geopolitikoei erreparatu zien Tapiak, «nazioarteko harremanetan eta mundu osoko harreman komertzialetan eragin handia dutelako». Espresuki aipatu zituen brexit-a, Donald Trumpen garaipena AEBetan, eurogunearen desazelerazioa eta Txinaren, Brasilen eta Indiaren egoera partikulak.

Sailburuaren agerraldiaren ondoren, Guenter Beitinger Siemenseko Digital Factory Division arloko presidenteordeak azaldu zuen teknologia berriei esker Ambergeko lantegiko ekoizpena aurrekoa halako bederatzi dela gaur egun, enplegurik galdu gabe.

Denak ez ziren pozik batzarrarekin. Kursaal jauregiaren kanpoan elkartu ziren LABeko kide batzuk, Eusko Jaurlaritzari «propaganda gutxiago eta industria politika gehiago» eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.