Eroski taldeko kontseilari ordezkaria

Rosa Carabel: «Ez diogu beldurrik hazteari; Eroski bere onenean dago»

Negozioa sendotuta eta zorraren zama arinduta, Eroski prest dago berriz indargunetik kanpora hazteko. Modu ordenatuan egin nahi du bidea, ordea, «astiro eta seguru». Kontsumo ohiturak aldatzen ari direla eta, taldeak horietara egokitu behar duela uste du.

Rosa Carabel, Eroski taldeko kontseilari ordezkaria. EROSKI
Rosa Carabel, Eroski taldeko kontseilari ordezkaria. EROSKI
aitor biain
2025eko maiatzaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela hiru urte hartu zuen Rosa Carabelek (Coruña, Galizia, 1966) Eroski taldearen lema. Haren gidaritzapean, negozioa sendotu du Mondragon taldeko banaketa kooperatibak, eta oinarriak jarri ditu berriz hazkundeari ekiteko. Izan ere, hiru urtez jarraian salmentak handitu ostean, Eroskiren gurdiak beteago doaz orain. Ziurgabetasuna erabatekoa da, ordea, eta badaki edonoiz kolpetik alda daitekeela egoera. «Elikagaien sektorean ez dugu desinflaziorik ezagutzen», ohartarazi du. Baikorra da, hala ere, eta taldeak unean uneko egoerari erantzuteko gaitasuna baduela adierazi du. Pasioz hitz egiten du bere lanbideaz eta sektoreaz.

Salmentak handitu dituzue hiru urtez jarraian. Baduzue arrazoirik baikorrak izateko. 

Egia esan, oso pozik gaude. 2024ko emaitzak oso onak izan dira. Eta onak izan dira, batez ere, joera bat sendotu dutelako, eta bide onetik goazela erakutsi digutelako. 

Salmenten kopuruan dago egoera aldakor bati aurre egiteko gakoa?

Gure sektorean garrantzitsua da salmentak handitzea. Baina, oraingoan, gure estrategiak ez ezik, merkatuaren jokaerak ere izan du eraginik. Izan ere, hasieran salneurriei lotuta hazi bazen ere, pixkanaka bolumena ere berreskuratuz joan da, balio gutxiagoko produktuek bultzatuta batez ere. Jokaleku horretara egokitu behar izan dugu, eta uste dut bezeroek saritu egin dutela gure estrategia.

Kontrakoa dioenik ere bada, ordea: garai hau negozioa egiteko baliatu izana leporatzen dizuete banaketa alorreko enpresei. Nola egiten diezue aurre kritikei?

Pazientzia handiz. Tarte laburrean, heroi izateari utzi eta bilau bilakatu gara. Eta, ba, ez gara ez bata eta ez bestea. Salmenten eta emaitzen arteko aldea ikusi besterik ez dago: %2 ingurukoa da gurean. Beste batzuena %3koa da. Norbaitek uste du %1,8ko ratio hori lukurreria dela? Ez nuke esango, inondik inora. Nahi duenari erakutsiko diot zer ahalegin egin dugun eta nola konpentsatu ditugun gastuak, guri ere handitu egin zaizkigu eta.

Jendeak gehiago begiratzen dio prezioari, eta horren adibide da marka zuria bi urtean bost puntu igo izana salmentetan. Horrek aldaketarik eragin du Eroskiren estrategian?

Guretzat beti izan da garrantzitsua. 2027an 50 urte beteko dira marka propioa merkaturatu genuenetik; lehenak izan ginen, gainera. Beraz, apustua beti egon da eta egongo da, egin dezakegun kalitate-prezio eskaintza onena delako. Iaz, 340 erreferentzia inguru gehitu genituen, eta aurten beste 300 baino gehiago izango dira. Kontsumitzaileak ohiturak aldatu ditu, eta horietara egokitu behar dugu. Hala ere, guretzat garrantzitsua da, merkatuan posizionamendua indartzen laguntzen digulako.

Erosketa egiteko modua, ordea, ez dirudi aldatu denik. Jendeak nahiago du modu presentzialean erosi. Zergatik?

Esango nuke arrazoia kulturala dela, eta zerikusi handia duela produktu freskoak kontsumitzeko dugun moduarekin. Europako herrialde batzuetan, online erosketak %10 inguru dira, eta gurean, berriz, ez dira %3ra iristen. Horrek ez du esan nahi guretzat lehentasuna ez denik; are gehiago, apustu irmoa egin dugu. Baina, oraingoz, gure merkatuan ez du horrenbesteko pisurik.

Esango zenuke supermerkatuaren ezaugarriak ere aldatzen ari direla? Zer gorabehera izan dira produktuetan?

Badago joera bat bizitza errazagoa egitekoa, eta, beraz, janari prestatuak gero eta gehiago saltzen dira. Ari gara apustu bat egiten alor horretan ere. Bertako produktu gehiago kontsumitzeko joera ere agerikoa da, nahiz eta uste dudan egin baino gehiago esan egiten dugula, produktu organikoekin egiten dugun moduan, azken finean garestiagoak direlako. Pandemiaz geroztik ere oso agerikoa da produktu merkeagoak kontsumitzeko joera.

«Hurrengo bost urteetan nabarmen hazi nahi dugu. Urtean 70 bat denda irekitzea da asmoa»

Itzalaldiak kalterik eragin zizuen? Kalkulatu duzue?

Ez daukagu datu zehatzik oraingoz. Hala ere, esango nuke itzalaldi elektrikoa baino larriagoa izan zela guretzat komunikazio zerbitzuena; horrek eragin zigun kalterik handiena. Gainerakoan, denda batzuk itxi behar izan genituen, baina gure supermerkatu askok sorgailuak dituzte, eta horiei esker eutsi ahal izan genion. Salaketa jarriko dugun? Ez dakigu; itxaron behar dugu.

Eta muga zergei buruz zer esan: uste duzu aurtengo aurreikuspenei eragingo diela? Fakturazioa %3,4 handitzea espero duzue.

Zaila da ezer esatea, muga zergak orain jarri eta orain kendu egiten dira eta. Gure hornitzaileen %96 bertakoak dira, Espainiakoak, eta alde horretatik eragin txikiagoa izan dezakegu. Baina, oinarrizko lehengaien prezioak gora egiten duen heinean, nabarituko dugu hori. Oraingoz, hala ere, ez dugu ezer nabaritu, eta elikagaien inflazioa ere egonkor dago, %2-2,5 inguruan. Prest gaude datorrenari erantzuteko, baina erne egon behar dugu. 

Denda gehiago ireki nahi dituzue. Penintsula iparraldea da zuen indargunea, eta bertan hazi nahi duzue. Lehia estutu egin al da eremu horretan?

Hurrengo bost urteetan nabarmen hazi nahi dugu. Urtean 70 bat denda irekitzea da asmoa; horietatik 50 bat frankiziak izango dira, eta gainerakoak, denda propioak. Azken horiek gure indargunean zabalduko ditugu. Baina, noski, etorkizunean hortik kanpo ere hazi nahi dugu. Hona beste lehiakideren bat etorriko den? Ba, ez dakit, baina zaila izango du. Sektorea heldua da, eta ongi ezagutzen dugu elkar. Guk borroka egingo dugu kontsumitzaileak gugana etor daitezen eta ahalik eta gehien eros diezaguten. 

Ezinbestekoa da Eroskirentzat indargunetik ateratzea hazten jarraitzeko? 

Ez da ezinbestekoa, baina bai komenigarria. Gure sektorean, tamaina oso garrantzitsua da, eta salmentak handitzea ere bai. Baina gauzak ongi egin behar dira, eta soseguz.

Hazkunde hori Ipar Euskal Herrira zabaltzeko aurreikuspenik baduzue?

Frantziara? Ez. Pentsatu ere ez dugu egin. Oraingoz nahikoa dugu Espainiarekin. 

Atzera egin behar izan ondoren, ez dizue beldurrik ematen berriz hazteak?

Ez digu beldurrik ematen, modu ordenatuan eta orekatuan egin asmo baitugu hori. Segurtasunez egin behar dugu, merkatu berrietan hazteko moduak baditugula jakinda. Baina garai egokia aurkitzean aurrera egiten hastea da kontua; astiro baina seguru, eta edonoiz egoerari erantzuteko gaitasunak baditugula jakinda. 

Hazkundea egonkortuta eta zorra txikituta, Eroskik oinarri sendoagoak ditu orain hazteko?

Bai, Eroski bere onenean dago. Kontuak onbideratuta dauzkagu, finantza egoera oso bestelakoa da, eta kudeaketa gaitasuna ere erabat desberdina da. Beraz, prest gaude hazteko eta gure denda formatuak sendotzen eta eguneratzen jarraitzeko. Eroskiren egoera bestelakoa da orain: bere onenean dago.  

Bide luzea eta zaila igaro du Eroskik gaur egun dagoen bezala egoteko. Desazkundearen bidean, negozioaren atal batzuk saldu ditu (If lurrindegiak, Eroski Bidaiak…), higiezinak ere bai. Zer balorazio egiten diozu horri?

Balorazioa ezin hobea da. Erabaki horiek hartu ez bagenitu, gaur ez ginateke gauden bezala egongo. Bide orri oso zehatz bat diseinatu genuen, eta puntuz puntu bete; hori izan da gakoa. Hala ere, bidea ez da erraza izan, erabaki mingarriak hartu behar izan ditugu, baina ardura handiz kudeatu dugu dena, gure proiektua salbatzeko helburu bakarra edukita.

«Prestigioa eman behar diogu sektoreari, gazteak erakarri. Baina prestakuntza falta zaigu horretarako»

Elikadura atalaz gain, taldeak beste hainbat negozio ditu, hala nola gasolindegiak, kirol dendak... Zenbateko garrantzia dute taldearen etorkizunari begira?

Tira, negozio horiek ere gure taldearen parte dira, eta salmentei dagokienez sendotuta daude. Nolanahi ere, jarraitzen dugu aliantzak bilatzen, negozio horiek optimizatzeko.

Kooperatibek zailtasun gehiago dituzte kanpo finantzaketa lortzeko. Jaurlaritza prest dago enpresa estrategikoetan inbertitzeko. Lagungarria litzateke?

Lagungarria litzateke Eroskirentzat eta beste edozein enpresarentzat, noski. Baina gaur-gaurkoz ez dakigu ezer horren inguruan. Esan dezakegu etengabeko harremana dugula instituzioekin, finantza erakundeekin eta inbertsiogileekin, eta jarraituko dugula haiekin eskuz esku lan egiten. 

Langileak falta ditu Eroskik? Zer arlotan?

Beste edozein enpresak bezala. Eta ez soilik arlo teknologikoan; guk behar ditugu arrain saltzaileak, fruta saltzaileak, harakinak, oinarrizko lanpostuetarako langileak… Erronka garrantzitsua da guretzat ere. Baina prestigioa eman behar diogu sektoreari, gazteak erakarri. Horretarako, formazioa falta dugu; ez dago elikagaien sektorerako prestakuntza jakinik, eta hori nolabait bultzatu beharko genuke. 

Lanaldia murriztea egingarria da zuen sektorean?

Kooperatiba bat garen heinean, lan baldintzak hobetzeko neurri oro da ongi etorria. Eta ni neu lanaldia murriztearen aldekoa naiz. Hala ere, uste dut modu egingarrian eman behar direla pausoak. Ezin diogu gurea bezalako sektore bati kalte egin. Guk langile asko ditugu, ordutegi oso zabalak, eta gastuak handitzeko gaitasun gutxi. Horregatik, askotan faltan sumatzen dugu legegileek pixka bat gehiago entzutea enpresek zer dioten, eta enpresekin eskutik helduta lan egitea, erabakien inpaktuaz jabetu daitezen.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.