Langileak, robota agurtu ondoren, egunerako zer lan dauzkaten galdetu dio, eta hark erantzun hamabost eskari dituztela betetzeko. Berez, makina hori makina eta robot adimendun asko dira, modu integratuan lanean. Langileak eskatu dio mesedez lehendabizi begiratzeko ea pieza guztiak prest dauden hurrengo lana betetzeko, eta makinak erantzun dio begiratuko dituela, eta akatsen bat aurkituz gero konponduko duela.
Antzemango zuen akatsen bat, inork ezer esan gabe beste robot bat jarri baita abian, piezara hurbildu, hura aztertu eta leuntzeko. Orain bai, robot kabledun handi batek, funtsean garabi bat denak, pieza hartu du, eta autobus panel handiari gehitu dio. Orduan, makinak langileari eskatu dio jartzeko berak lehen torlojuak, segurtasunagatik.
Teklarik gabe, elkarri hizketan ari dira makina eta langilea, elkarlanean, autobus panel bat manipulatzen eta hura muntatzen.
Tecnaliaren Proactive Factory Lab laborategiaren inaugurazioan gaur egin duten erakustaldietako bat izan da hori; simulazio bat, baliagarria izan dena herri xeheak industriako aurrerabideak ikus ditzan.
Eta enpresei ere baliagarria izan zaie. Hartara, ikusi ahal izan dute Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan laborategi bat dutela industria prozesu berriak eta zenbait arlotako garapenak probatzeko, besteak beste robotika industrialeko, makina adimendunen diseinuko eta optimizazioko eta ekoizpen prozesu adimenduneko arlotakoak.
5,5Proactive Factory Lab-en egindako inbertsioa. Aurretik fabrikazio aurreratuari eskaintzen zion tokia handitu egin du Tecnaliak Miramonen, eta, funts propioetatik 5,5 milioi euroko inbertsioa eginda, laborategia handitu du:Â 765 metro koadrokoa zen lehen eta 1.241 metro koadrokoa da orain. Ikerketa zentroak aurreikusi du han egingo diren proben kopurua urtero %30 handituko dela.
David Sanchez Tecnaliako Industria eta Mugikortasunerako zuzendariaren arabera, fabrikazio aurreratuko garapenetarako eskari gero eta handiagoari erantzuteko asmoz jarri dute abian laborategia, urtean %8-10 artean handitzen ari baita eskaria. «Baliabide guztiak ditu enpresei laguntzeko. Batez ere fabrikazio aurreratuko haien makina eta prozesu berriek merkatura iritsi aurretik igaro behar dituzten heldutasun etapak ahalik eta ondoen, ahalik eta bizkorren, eta ahalik eta merkeen gainditzen laguntzeko»
Jauzia
Izan ere, aurrerapen teknologikoek errotiko aldaketak dakartzate industria prozesuetara. Eta horren emaitzetako bat izango da fabrikazio proaktiboa: egungo maila teknologikoarekin, fabrikazio lerroek, makinek eta robotek izan dezaketela gaitasun bat modu proaktiboan jokatzeko. Alegia, erabaki batzuk modu autonomoan hartzeko eta haiek gauzatzeko—betiere eman zaizkion oinarriei jarraituz—. Jauzi handia da, alderatuz gero makinak une oro zer egin behar duen erabaki eta hori egiteko agintzen ibili behar izatearekin.
Agustin J. Saenz Tecnaliako Estrategia, Merkatu eta Teknologiako zuzendariak azaldu du kontzeptua. «Batetik, sentsorika merkatu egin da, eta, horri esker, makinak gauzak ikusteko gai dira, entzuteko gai eta ukitzeko gai».
Eta, bestetik, adimen artifizialak ekarri du hurrengo pausoa: «Adimen artifizialari esker, makinari ez zaio esan behar zer egin behar duen, baizik eta helburua zein den. Irudi batekin esplikatzeko: botila bat eta kopa bat elkarren ondoan jarri, eta kopa betetzeko esango diot makinari. Baina ez diot esango zehazki non dagoen botila, nola heldu, nola kendu tapoia, zein bide egin behar duen botilak mugitzean... Produkzio sistemak erabakiko eta egingo ditu horiek».