Txinan hazten jarraitzeko asmoa du Fagor Ederlanek. Kooperatibak lantegi bat du Kunshanen 2011tik, eta, hura hedatzeko helburuz, akordio estrategiko bat egin berri du Duoli Automotive Technology taldearekin. Enpresa aliantza bat osatu dute, eta Fagorrek Txinan duen lantegiaren akziodunen artean sartu da Duoli. «Helburua da konpainia garatzea eta hedatzea, Txinako merkatuan bermeekin lehiatzeko modua emango duen masa kritikoa lortzeko», adierazi du Mondragon taldeko kooperatibak.
Shanghaitik ordubetera dago lantegia, eta autogintzarako esekidura osagaien fabrikazioan espezializatutako aluminioa galdatzen dute hartan. Fagorrek nabarmendu duenez, bere aliatu berriak ondo ezagutzen du merkatua, eta esperientzia industrial handia du Asiako autogintza sektorean. Horrela, Txinako fabrika indartu eta nazioarteko presentzia handitu nahi du Fagor Ederlanek, uste baitu aliantzak balioko duela tokiko bezero berriak lortzeko eta haiei eskaintzen dien zerbitzua hobetzeko. Orain arte, batez ere Europako fabrikatzaileentzat lan egin dute han.
Akordioa aurkezteko ekitaldia joan den ostiralean egin zuten, Kunshanen, eta han izan ziren tokiko erakundeetako zenbait ordezkari, Fagor Ederlanekoekin eta bezero diren enpresetakoekin batera: Li Auto, Leapmotor eta Stellantis, besteak beste.
Duolik hogei urte daramatza autoentzako osagaiak ekoizten, eta, aipatutakoez gain, beste bezero batzuk ere baditu: SAIC Motor, SAIC Volkswagen eta SAIC General Motors. Estanpazio piezetan, soldatutako muntaketa piezetan, pieza funtzionaletan, estanpazio moldeetan, termokonformazio piezetan eta integratutako presio bidezko galdaketa piezetan espezializatuta dago.