Fagor Ederlanek aluminio enpresa bat erosi du AEBetan

Mondragon taldeko kooperatiba horrek nabarmendu duenez, hango merkatuan sendotzeko eta muga zergen eragina apaltzeko egin du operazioa.

Fagor Ederlan kooperatibako zuzendariak, astelehen honetan Yorken, Pennsylvanian. MONDRAGON TALDEA
Fagor Ederlan kooperatibako zuzendariak, astelehen honetan Yorken, Pennsylvanian. MONDRAGON TALDEA
jokin sagarzazu
2025eko ekainaren 3a
12:15
Entzun 00:00:0000:00:00

AEBek altzairuari eta aluminioari muga zerga berriak ezarri bezperan, Mondragon taldeko Fagor Ederlan kooperatibak jakinarazi du Pennsylvaniako Regen Aluminium enpresaren akzioen %51 erosi duela. Metalezko hondakinen bidez, aluminio birziklatuko lingoteak egiten ditu, sektore elektrikorako, aeroespazialerako, ontzigintzarako eta autogintzarako, besteak beste.

Fagor Ederlanek ohar batean nabarmendu duenez, erosketa horren bitartez AEBetako merkatuan duen presentzia handitu nahi du, eta «ekonomia zirkularraren eta iraunkortasunaren esparruan duen posizionamendu estrategikoa indartu». Regen Aluminum-ek 20 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz.

Jon Zuazo Fagor Ederlan taldeko zuzendari nagusia eta Mikel Uribetxebarria Kontseilu Errektoreko presidentea Regen Aluminumen Yorkeko instalazioetan (Pennsylvania, AEB) izan ziren atzo, eta erosketa akordioa sinatu zuten. Regen Aluminium Kanadako Regen Recyclingen parte da. Nabarmendu dute hemendik aurrera Eskoriatzako (Gipuzkoa) kooperatibaren «bazkide estrategiko bat» izango dela.

Egungo testuingurua

Fagor Ederlanek ez du ezkutatu operazioak lortura zuzena duela Donald Trumpek ezarriko dituen muga zergekin. Oharrean diotenez, «lagungarria» izango da Fagor Ederlanen produktuak bateragarriak izan daitezen Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituneko (USMCA) arauekin. Eta hala berretsi du Zuazok: «Aukera ematen digu AEBetako gure bezeroen zerbitzua hobetzeko eta ingurumenarekin konprometitutako negozio eredu bat finkatzeko. Jasangarritasuneranzko eraldaketa sakona eskatzen duen testuinguru global honetan, eragiketa horrek indartu egiten ditu gure gaitasun industriala eta sektorean eragile garrantzitsu gisa dugun erantzukizuna».

Fagor Ederlanek autogintzarako osagaiak egiten ditu: txasis sistemarako (balaztatzea eta esekidura), tren eragilerako (Powertrain) eta ibilgailuaren egiturazko beste osagai batzuetarako funtsezko piezak ekoizten espezializatuta dago. Auto ekoizle nagusiak daude haren bezeroen artean. Iaz 570 milioi euroren salmentak izan zituen, eta 3.400 langile ditu. Duela hirurogei urte sortu zuten enpresa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.