Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibetako bazkide ohi batzuek Mondragon Korporazioaren aurka jarritako salaketa preskribatuta dagoela. 2014an bi kooperatibek porrot egin zutenean, horietan egindako borondatezko ekarpenak, maileguak eta erretiro osteko ordainketak itzultzeko eskatu zuten.
Auzibidea 2015ean abiatu zuten 947 bazkide ohik. Hala ere, Bergarako epaitegiak 2018an eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 2019an ebatzi zuten auzia preskribatuta zegoela. Orain, Espainiako Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salak bat egin du horrekin.
Gorenera jotzea erabaki zuten 372 lagunek, eta auziaren mamia aztertzeko eskatu zuten, guztira 24,8 milioi euro erreklamatuz. Argudiatu zuten aurrezkiak kooperatibetan mantentzera bultzatu zituztela, bi enpresak saltzeko erabakia hartua izan arren. Haien ustez, zor zaien diru hori Mondragon Taldeko gainerako kooperatibetako bazkideek jarri beharko lukete.
Gorenak onartu du salatzaileentzat ez zela erraza «kaltearen benetako tamaina» ezagutzea 2014ko ekainean zuzendaritzak konkurtso administrazioaren txostena aurkeztu zuenean. Baina uste du Fagor eta Edesaren aktibo nagusiak Cata enpresari 38,5 milioi euroren truke saldu zizkiotenean (2014ko uztailaren 29an) «argi» geratu zela bazkideek ez zutela beren dirua berreskuratuko. Nabarmendu du oso mantso aritu zirela, eta 2015eko azaroaren 27ra arte itxaron zutela lehen salaketa jartzeko.