'Fast fashion'-a ez dago modan

Europan saldu gabeko 5,8 milioi tona arropa botatzen dira urtean. Afrikako, Asiako eta Txileko lurretara bidaltzen dituzte, eta zabortegi erraldoietan pilatzen dituzte han.

Milaka arropa zintzilik, Inditex modaren industriako enpresak Zaragozan duen fabrika baten barruan. JAVIER CEBOLLADA / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Galtza bakeroak, puntuzko jertseak, minigonak eta croptop-ak. Zabala da edozein arropa dendatan aurki daitezkeen produktuen katalogoa. Gorputz biluziak estaltzeko tela zatiak dira, edo norbera jendaurrean aurkezteko modu bat; atenporalak batzuk —lau urtaroetan janzteko aproposak—, eta eguraldiaren araberakoak besteak. Europako herritar bakoitzak 15 kilogramo arropa erosten ditu urtean batez beste, baina 5,8 milioi tona arropa botatzen dira urtean, hots; pertsonako 11 kilo inguru.

EB Europako Batasunaren esanetan, fast fashion-a ez dago modan. Baina kontrakoa islatzen dute datuek. Europako modaren industriak 166.000 milioi eurotik gorako salmentak ditu urtean, eta gehien kutsatzen duten industrietan laugarrena da. Are, arropa ekoizteko erabilitako material guztiaren %13 bakarrik birziklatzen da, eta %1 baino gutxiago aprobetxatzen da arropa berria egiteko.

Hori aldatu nahian, zera jarri du helburutzat EBk: 2030. urterako, merkatuan saltzen den arropa guztia jasangarria, iraunkorra eta birziklagarria izatea. Horretarako, hauxe Europako Batzordeak iaz proposatu zuen neurria: Produktu Jasangarriak Arautzeko Ekodiseinua. Ekoizpen jasangarriago baterantz trantsizioa egiteko, lau urteko epea izango dute 250 langiletik beherako enpresa ertainek. Bestelako enpresek eta entitateek, berriz, hemezortzi hilabete izango dituzte horretarako. Halaber, produktuen pasaporte digitala jarriko dute indarrean, hots, produktu bat ingurumenari dagokionez jasangarria den baieztatuko duen agiria.

Halere, behin betiko bozkatu baino lehen, saldu gabeko kontsumo produktuak —kasurako, arropa, oinetakoak eta gailu elektronikoak— botatzea edo suntsitzea debeka zezatela eskatu zuten gaur bi aste EBko zenbait estatu kidek, hala nola Frantziak, Alemaniak eta Belgikak. Europako Kontseiluko kideek oniritzia emanda, Europako Parlamentuak eta Ministroen Kontseiluak araudiaren alde edo aurka egitea besterik ez da falta.

Zaborrak, EBtik kanpora

Saldu gabeko milaka produktu daude arropa denda handietako biltegietan, eta nonbaitera eraman behar dituzte horiek guztiak. Baina nora? Ba, Afrikako eta Asiako lurretara. Hara bidaltzen ditu Europak saldu gabeko produktuen %90 inguru, eta zabortegietan pilatu edo erraustegietan erretzen dituzte. Hortaz, produktu gutxi berrerabiltzen dira.

Egoera antzekoa da Txilen. Txinatik, Bangladeshtik, Europatik eta AEB Ameriketako Estatu Batuetatik saldu gabeko 60.000 tona arropa inguru iristen dira urtean iparraldeko Iquique portura. Txile osoko arropa merkatariek erosten dituzte horietako batzuk, ondoren merkatuan saltzeko. Baina 39.000 tona inguru geratzen dira saldu gabe, eta horiek guztiak Atacamako basamortura eramaten dituzte.

Dena den, ez da kasualitatea behin ere jantzi gabeko arropa guztiak Txileko portu horretara bidaltzea. Hego Amerikako zergarik gabeko portu handienetako bat baita Iquiqueko portua. Milaka produktu esportatu eta inportatu daitezke handik, ohiko zergak eta tasak ordaindu gabe. 1975ean ireki zuten, eta helburua, berez, zera zen: herrialdeko jarduera ekonomikoa bultzatzea eta enplegua sortzea. Gaur egun, 2.000 enpresa inguruk jarduten dute han, eta atzerriko konpainiak dira horien guztien erdiak baino gehiago, %57.

Hala, urtetik urtera, gero eta arropa gehiago pilatu da han, eta zabortegi erraldoi bat bilakatu da dagoeneko. Gizarte eta ingurumen larrialditzat jo du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Fast fashion-aren industriak ekoiztutako arropak dira gehienak, eta biodegradagarriak ez diren material sintetikoekin egiten dituzte.

Berrerabiltzea da gakoa

Hamabost urtean %60 egin du gora pertsona bakoitzak erosten duen arropa kopuruak. Eta horrek badu ondoriorik: kamioi bete arropa botatzen da munduan segundoero. Arropa horiek, ordea, «zabortegira bidaltzen diren hondakinak dira», ura eta lurra kutsatzen dituztenak. Horixe azaldu du Olatz Elezkano Donostiako Micolet bigarren eskuko arropa dendako langileak. «Arropa berrerabiltzea da gutxien kutsatzen duen negozio eredua».

Erabilitako —edo erabili gabeko— arropak jaso, prozesatu eta salgai jartzen dituzte berriro, merke. «Arropari beste bizitza bat emateko alternatiba jasangarri bat eskaini nahi dugu. Gure helburua modaren industriaren kutsadura arintzea da».

Aurreiritzi asko izan dira bigarren eskuko arroparen inguruan,baina «egoera asko aldatu da». Gero eta jende gehiagok bisitatzen du haien denda, eta, Elezkanoren ustez, bi motibodaude «txip aldaketa» horren atzean: diruaaurrezten laguntzen duten prezio merkeak, batetik, eta ingurumenari kalte gutxiago egiten dion moda eredu bat, bestetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.