Europako autogintzaren familia ezagunenetako bik —Italiako Agnelitarrak eta Frantziako Peugeotarrak— abiatu zituzten inperioek bat egitea adostua zuten jada, eta operazioa onartu dute dagoeneko administrazio kontseiluetan. FCAk (Fiat Chrysler) eta PSAk (Peugeot, Citroen, Opel) bi taldeen fusioa berretsi dute, eta, hala, munduko talderik handienetan laugarrena sortu dute autogintzaren sektorean. Zuzendaritzek aurreikusi dute 3.700 milioi euroko sinergiak eragingo dituela operazioak, eta ikusteko dago aldagai horrek zer-nolako eraginak izango dituen enpleguaren alorrean. Akordioan jaso dute fabrikak ez ixteko konpromisoa, baina denborak esango du zenbateraino den sinesgarria promes hori. Sinergia horiek plataformei, motorrei eta teknologia berriei dagozkien inbertsioekin lortu dituzte.
Edonola ere, %50era egingo duten akzioen trukatzearekin, burtsan 45.000 milioi euroko balioa izango duen taldea eratuko dute. Fusioaren zenbakiak ez dira edonolakoak. Hala, Frantziako taldeak eta Italiakoak batuta sortuko duten eragile berriak 8,7 milioi ibilgailu salduko ditu urtero; munduko merkatu osoaren %9,5eko kuota da hori. 170.000 milioi euroren sarrerak lortuko ditu, halaber, eta 11.000 milioi euroko emaitza operatiboa (%6,6ko marjina). Operazioa urtebete eta urte eta erdi arteko tarte batean itxiko dutela esan dute.
Era berean, fusio itunak finkatu du ez dela akziodunik izango %30etik gorako boto eskubideekin, eta akziodunek ezingo dituzte akzioak saldu hiru urteko epean, Frantziako Estatuak salbu. Izan ere, operazioak PSAren barruko orekak aldatzea eragin du. Frantziako Estatua, Dongfeng txinatarra eta Peugeot familia maila berean dira taldearen jabe orain, baina Dongfengek 30,7 milioi titulu salduko ditu, fusionatutakoan %4,5eko parte hartzea eduki dezan. Estatuak eta Peugeot familiak %6 izango dute bakoitzak.
Tavares, kontseilari ordezkaria
Bat egin aurretik, Fiatek 5.500 milioi euroko dibidendua banatuko du akziodunen artean, eta PSAk Faurencia hornitzailearen %46ren akzioak emango dizkie bere akziodunei. Parisko, Milango eta New Yorkeko burtsetan kotizatuko du talde berriak, eta aurreikusi dute 2020rako 1.100 milioi euroko dibidendua banatuko dutela.
Fusioa onartu aurretik, talde biek adostua zuten PSAko kontseilari delegatu Carlos Tavares izango zela sortuko duten autogintzaren erraldoi berriaren burua, eta haren alboan, presidente karguarekin, Fiat Chryslerreko presidente John Elkann egongo dela. 11 kide izango ditu administrazio kontseiluak, bost kide taldeko, eta Tavaresek hautsiko du berdinketa.
Fusioari esker, PSAk Ipar Ameriketako merkatuan sartzea lortuko du, AEBetan eta Mexikon batez ere. Diru sarreren %46 Europan lortuko ditu, eta %43, Ameriketan. PSA saiatu zen Fiatekin negoziatzen hasten urte hasieran, baina Agneli familiak gobernatzen duen taldeak uko egin zion bat egiteko aukerari, Renault nahiago zuelako. Saio ustela izan zen hori, ordea, Frantziako Gobernuak ez zuelako babestu (akzioen %15), eta Nissan ere ez zegoelako prest. Fiat Chrysler (FCA) autogintzaren elektrifikazio prozesuak bakarrik eta indarge harrapatuko duen beldur zen, eta bat egitearekin aurrerapauso handia emango du motor garbien alorrean.