Fortuna handien zerga Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren esku egongo da

Banketxeen eta energia enpresen zergak Madrilek bilduko ditu, eta %6,24 itzuliko die foru ogasunei. «Elkartasun zergak» izango dira, eta bi urte iraungo dute. Lakuak urtean 200 milioi euro inguru bilduko ditu

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun Ministroa eta Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua. J. LIZON / EFE.
inaut matauko rada
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren azken bileran adostu dute fortuna handien zergaren bilketa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunen esku uztea. Atzo bildu ziren Internet bidez Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak, eta, neurri horrez gain, adostu dute banketxeen eta energia enpresen zergak Espainiako Ogasunak bilduko dituela. Hala ere, bildutakoaren %6,24 emango dio Madrilek Lakuari; 1981etik kupoa kalkulatzeko erabiltzen den koefizientea da.

Espainiako Kongresuak azaroaren 24an onartu zituen zerga berriak, gauerdira arte luzatu zen eztabaida luze baten ostean. Hala, urtarrilaren 1etik aurrera, Espainiako Ogasunak behin-behineko «elkartasun» zergak kobratuko dizkie banketxeei eta energia enpresei. Hala ere, Iberdrola, Endesa eta tankerako enpresei ez diete salmenta guztiengatik kobratuko zerga, merkatu erregulatua eta atzerrian lortutako salmentak kanpoan geratu baitira. Salmenten %1,2 ordaindu beharko dute, eta ez irabaziena. Banketxeei dagokienez, interes tasen marjinei eta komisioei aplikatuko zaie %4,8ko zerga. Bi horiek batuta, Espainiako Gobernuak urtean 3.500 milioi euro biltzea aurreikusi du: 2.000 milioi energia enpresetatik, eta 1.500 milioi banketxeetatik. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek urtean 200 milioi euro jasoko dituzte, baina diru hori egungo testuinguru ekonomikoari aurre egiteko gizarte politiketan inbertitu beharko dute hiru herrialdeetako erakundeek.

Azaroaren erdialdean Oskar Matute EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatuak adierazi zuen koalizio abertzaleak eta Espainiako Gobernuak adostasun bat lortu zutela, banketxeen eta energia enpresen gaineko zergak Hego Euskal Herriko foru ogasunek biltzeko. Neurri horrek «autogobernua indartzen» zuela adierazi zuen Matutek orduan, baina azkenean Espainiako Ogasunak bilduko ditu zergak.

Astirik ez

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak Madrilen eta Lakuaren arteko akordioa goraipatu du, baina adierazi du 2023a hasterako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dela lege aplikagarririk egongo, urtea amaitzear delako: «2022an ez da fortuna handien zergari buruzko foru agindurik egongo, baina badugu ahalmen arauemailea». Beraz, zerga indarrean jartzean hiru foru aldundiek ez dute fortuna handien zergaren araudirik izango, baina 2023an atzeraeraginezko izaerarekin onar dezakete. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunek jada badute ondasunaren gaineko zerga, eta Madrilek onartu berri duena horren osagarria izango da; hori dela eta, Azpiazuk oraindik ez du garbi fortuna handien zerga aplikatu beharko den edo ez. Tasa berria aplikatzekotan, Estatuko Legearen iraupen bera duen «arautze autonomoko hitzartutako zerga» izango da.

Zergak, behin-behinekoak?

Fortuna handien, enpresa energetikoen eta bankuen gaineko «elkartasun» zergak behin-behinekoak izango dira, eta 2023. eta 2024. urteetan egongo dira indarrean gutxienez. Azken hilabeteetan irabaziak areagotu dituzten enpresek eta dirudunek kontu publikoetan garrantzia handiagoa izatea nahi du Espainiako Gobernuak, eta alderdi batzuek behin betiko izatea bilatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.