Frantziak eta Alemaniak «malgutasun handiagoa» nahi dute errekuntza motorrentzat

Proposamen bateratua adostu dute, errekuntza motorrei «neurrigabeko zigorrak» saihesteko. Horren truke Alemaniak ametitu egin ditu Frantziaren baldintzak, ‘Europan egina’ zer izan behar denari buruzkoak.

Porsche autoak esportaziorako prest, Emdeneko portuan. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Porsche autoak esportaziorako prest, Emdeneko portuan. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Irune Lasa.
2026ko urriaren 16a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Batasuneko automobilgintza baldintzatuko duen akordioa iritsi dute gaur Alemaniak eta Frantziak. Bi herrialdeek proposamen bateratua aurkeztu dute, batetik, errekuntza motorren bazterketarako baldintzak malgutzeko, eta, bestetik, definitzeko zer izango den Europan egindako ibilgailu bat.

Orain arte, auto fabrikatzaileek 2035. urterako ibilgailu berrien isuriak %100 murriztu behar zituzten, 2021eko mailetatik, eta %10eko tarte bat konpentsatu zezaketen, adibidez, inbertsio berdeekin.

Orain, Alemaniak eta Frantziak 2035erako helburu hori %90ra murriztea adostu dute, eta %10eko beste tarte gehigarri bat ematea fabrikatzaileei, «erregai alternatiboetan» inbertsioak eginez gero. Hots, praktikan isuri murrizketa helburua %80ra beheratuko da, eta fabrikatzaileek «neurrigabeko zigorrak» saihestuko dituzte.

Hori lortzeko Alemaniak Frantziaren gurari batzuei men egin die: Europako Batasunak urtea bukatu aurretik onartu behar duen Industria Azelerazioaren Legean, Europan Egina (Made in Europe) bezala jotzeko —eta ondorioz laguntzak jasotzeko— autoek baldintza zorrotzagoak izango dituzte hasierakoak baino.

2028-2029 urteetan Europan fabrikatutzat joko dira haien balioaren %70 bertan sortu duten autoak, bateria kontutan hartu gabe, nahiz eta bateriaren osagaien %10 europarrak izan beharko duten. 2030-2031 urteetan baterien osagaien %20 izan beharko dute Europan egindakoak, eta %70 hurrengo bi urteetan.

Aldi berean, bi aldeek atea ireki diote Erresuma Batuan egindako autoek ere Europan Egina zigilua izateko. Londresen aspaldiko eskaera da hori, hura gabe kinka larrian geratuko litzatekeelako bere industria. Baina Emmanuel Macronen eta Friedrich Merzen keinua ez zaio ziur aski doan aterako Andy Burnham Erresuma Batuko lehen ministroari, trukean, Txinarekiko politikan EBren arau batzuk onartu beharko dituelako.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA