Energia

Frantziak hamalau erreaktore nuklear itxiko ditu 2035erako

Erregaiaren gaineko zergaren igoerari eutsiko diola esan die Macronek Jaka Horiei, petrolioaren kontsumoa gutxitu nahi duelako.

Fessenheimeko zentral nuklearra, Alsazian. RONALD WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 27a
07:03
Entzun

Industria nuklearrak argindarraren sorreran duen pisua jaitsiko zuela agindu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere kanpainan. Gaur egun, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian kontsumitzen den elektrizitatearen hiru laurden sortzen dute erreaktore nuklearrek, eta kopuru hori %50era gutxitu nahi du. 2025erako jarri zuen helburu hori François Hollande aurreko presidenteak, baina 2035 "errealistagoa" dela esan du gaur.

Fessenheimeko bi erreaktore (Alsazia) itxiko dituzte lehenik, 2020rako. Beste hamabiak zeintzuk izan diren ez du zehaztu, ezta noiz itxi nahi dituzten ere; erreaktore horien ekoizpena ordezkatuko duten energia berriztagarriek lekua hartu ahala itzaliko dituzte. 2030erako hirukoiztu egin nahi dute parke eolikoen ekarpena, eta bost aldiz handitu nahi dute energia fotovoltaikoarena.

Energia berriztagarri horiek bete beharko dute ikatza erretzen duten zentralen lekua ere. Macronek berretsi egin du duela urtebete aurreratutakoa: agintaldia bukatu aurretik itxiko dituzte geratzen diren lau zentral termikoak. Haien ekarpena txikia da Frantziaren mix elektrikoan —argindarraren %1,8 baizik ez dute ekoizten—, baina asko kutsatzen dute —energia sektorearen isurketen %25—.

Trantsizio energetiko horrek kostu bat baduela esan du Macronek. Gaur egun, urtero 5.000 milioi inbertitzen dituzte energia berriztagarriak bultzatzeko, eta kopuru hori 7.000-8.000 milioi eurora igoko dute. Inbertsio gehigarri hori finantzatzeko erregaien gaineko zerga urtarrilaren 1ean igotzeko asmoari eusten diola argi utzi du Frantziako presidenteak.

Hori bai, ohartuta igoera horrek nolako haserrea eragin duen, proposamen berritzaile bat egin du: erregaien gaineko zerga petrolioaren prezioaren bilakaeraren arabera moldatzea. Hiru hilabete barrurako "tasa hori azkarragoa" egiteko metodo bat agindu du, eta hiru hilean behin tasa moldatzeko aukera aipatu du.

Gobernatzeko moldea aldatu nahi duela erakusteko, «trantsizio ekologikoa eta soziala aztertzeko eztabaida handia» abian jarriko du orain, eta hiru hilabeteren buruan eman beharko luke emaitza. Horretan parte hartzera gobidatu ditu hautetsiak, elkarteak eta Jaka Horien ordezkariak ere. «Azken egunetatik ikasi dut ezin zaiola bideari uko egin bidezkoa denean, baina gauzak egiteko moldeak aldatu behar direla, herritarrek ulertzen baitute gauzak inposatzen zaizkiela».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.