G7koek bilera egingo dute, petrolio erreserben merkaturatze bateratu bat aztertzeko

Gordetako upelak saltzeko aukerak balazta ezarri dio une batean 115 dolarrera iritsi den garestitzeari. Burtsak gorriz tindatu dira, gatazkak luze jo eta inflazioa eragingo ote duen beldurrez.

Shahran findegia Teheranen, bart bonbardaketa nozitu ostean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Shahran findegia Teheranen, bart bonbardaketa nozitu ostean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Irune Lasa.
2026ko martxoaren 9a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Persiar golkoa, burtsak, Donald Trump, G7... Batetik bestera doa atentzioa astelehen aztoratuan. Eta zurrunbiloaren begian, petrolioaren prezioa. Upelak 115 dolarreko muga gainditu du lehen orduan, ziztuan gertatutako %25eko igoera baten ondorioz. Gero, upela 110 dolarrera jaitsi da, jakin denean G7ko herrialdeek larrialdiko bilerara deitu dutela, beren petrolio erreserben merkaturatzea aztertzeko.

Petrolioaren salneurriak maila horietan denbora gutxi iraungo duela uste dute batzuek, eta hori saldu nahi izan du Donald Trump AEBetako presidenteak berak; esan du oso azkar jaitsiko dela, «Iranen mehatxu nuklearraren suntsipena amaitzen denean». Edonola ere, Trumpen ustez, «oso prezio txikia da AEBentzat, eta munduaren, segurtasunaren eta bakearentzat». Eta AEBetako presidenteak letra larriz gaineratu du bere postean: «ERGELEK SOILIK PENTSATU DEZAKETE BESTERIK!».

Baina, oraintxe, jokalekurik ezin daiteke baztertu iragarpenak egiterakoan, ezta gatazka luzatzea eta haren ondorioak gehiago hedatzea ere. Ezin daiteke baztertu finantza merkatuetako aldakortasun handiak Trump makurtzea ere. Horregatik nahasmena eta kezka antzemangarria izaten ari da burtsetan, petrolio garestiak eragin dezakeen inflazioarekin batera.

30

 

Zenbat garestitu den gasolioa Euskal Herrian. Petrolio upela garestitzearekin batera garestitu da ibilgailuek erabiltzen duten erregaia ere. Batez ere gasolioa garestitu da, tentsio garaietan haren eskasia izateko beldurrak salneurriak asko igo ohi dituelako. Otsailaren 28an, AEBek eta Israelek Irani eraso egin ziotenean, Euskal Herrian gasolio litroak 1,47 euro balio zuen batez beste, eta 1,77 dira orain. Gasolinaren prezioa, berriz, 1,50 eurotik 1,65 eurora igaro da. 

Asian, zenbaki handiak izan dira: Japonian, Nikkei indizea %5,24 erori da, eta Hego Korean Kospi indizeak %5,96 egin du behera. Txinan jaitsierak apalagoak izan dira: CSI 300ak %1 egin du behera eta, Hong Kongeko Hang Seng-ak, %1,6.

Gorriz tindatuta

Europan, burtsa nagusiak %3tik gorako galerekin ari dira eguna hasten. Europan petrolioan soilik ez, gasaren prezioaren inguruan ere islatzen da indize gorrituetan. Megawatt-ordua 69,50 eurora igo da, hots, krisia hasi aurretik zuen prezioa bikoiztu du Europan. Astebete da Qatarko eta Emirerrietako gasak ez duela Ormuzko itsasartea zeharkatzen, eta Asian hobeto ordaintzen da eskuragarri dagoen gainerako gas likidotu guztia.

AEBetan, gerokoen merkatuetan Nasdaq konpainia teknologikoen indizeak eta S&P500 indizeak %2tik gorako galerak markatzen dituzte. Krisiaren eta inflazio beldurraren isla izaten ari dira AEBetako bonuen salmenta handiak ere, eta dolarraren indartzea beste diruekin alderatuta. Merkatu horietan ere, G7koen bilerak giroa zertxobait apaldu du.

ZER DIRA PETROLIO ERRESERBAK?

Joan den mendeko 70eko petrolio krisi latzak gogoan, herrialdeak euren erreserbak pilatzen hasi ziren, eta oraintxe IEA Nazioarteko Energia Agentziako 32 kidek petrolio erreserba estrategikoak dituzte, hain zuzen petrolioaren prezioek eragindako krisiei aurre egiteko. Haien parte bat gobernuek eurek kontrolatzen dute, eta beste parte bat haiek gordetzera behartuak dauden esku pribatuetan daude. Erreserba horiek aurreko urteko petrolio inportazioak 90 egunez betetzeko gai izan behar dute. IEAtik kanpo dauden herrialdeek ere badituzte erreserbak, eta haietan handiena Txinarena dela uste da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA