Adjudikazio publikoetan azpitik jokatzeak dakartzan ondorioen beste adibide bat: 37 langile kalean.
Aste Santua bertan izanda ere, opor girorik ez zegoen gaur goizean Coprosak Lezoko zentroan dituen langileen artean; batzarra egin dute ELAren Donostiako egoitzan, euren egoera aztertzeko eta, bide batez, salatzeko. Hilabete hasieran Gaintxurizketako tunela zabaltzeko lanak eten egin zituen Coprosak, eta joan den ostiralean han ari ziren 37 langileen kontratuak amaitu zituen.
Euskal Y-aren eta Ipar Euskal Herriko trenbide sarearen arteko lotura egin ahal izateko, Astigarraga eta Irun arteko trenbidearen zabalera egokitu egin behar da, eta horretarako lanak 2017ko otsailean hasi zituen Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak. Orduko hartan, Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroa bera etorri zen lanei hasiera ofiziala ematera.
Tarte horretako tunelen altuera handitzeko obrak 33 milioi euro balio zuela kalkulatu zuen Adifek, eta kopuru hori ezarri adjukaziorako. Coprosak irabazi zuen lehia, lanak 20 milioi euroan egingo zituela aginduta; hots, ezarritakoa baino %40 merkeago.
Orain, urtebete geroago, eta lanen 200 metro beteta soilik, Coprosak dio ezinezkoa dela Adifen obra betetzea bai ekonomikoki bai teknikoki. Enpresako zuzendaritzak ELAri jakinarazi dio zortzi hilabete daramatzala Adifi proiektua ezinezkoa dela ohartarazten eta obraren diseinua gaizki eginda dagoela azaltzen. Datu soil bat horren erakusle: Adifen kalkuluen arabera, tunelaren altuera handitzeko makinak egunean 6-7 metro zulatu beharko zituen, eta egiaz, soilik metro erdi egiten zuen.
Coprosak ELAri azaldutakoaren arabera, Adifen egungo proiektuak zailtasun tekniko oso handiak ditu, eta ez da ekonomikoki bideragarria. "Alegia, diruarekin konpontzen dela hau", dio Manu Tena sindikatuko eraikuntza arloko arduradunak. "Coprosak dio orain Adifek 20 milioi euro horiei 26 milioi gehiago erantsi beharko lizkiekeela obra bideragarria izateko, guztira 46 milioi euro". Gaintxurizketako tunelaren altuera handitzeko bakarrik, hamasei milioi euro gehiago beharko lirateke, eta beste hamar Kaputxinos eta Loiolako tuneletako zailtasunak gainditzeko.
Adifen ardura
ELAko ordezkariek eta kaleratutako langileek Adifi dei egin diote langileen egoerari konponbidea eman diezaion, eta Iñigo de la Serna ministroaren ardura ere aipatu dute. Adifek adjudikazio berri bat egin eta lanak beste enpresa batek hartzea erabakiko balu, enpresa horrek kaleratutako langileak subrogatzea ere galdatu diote Adifi.
Dena den, bada aldagai garrantzitsu bat balizko adjudikazio berri bat baldintzatu dezakeena: Gaintxurizketako tuneleko lanetarako propio Coprosak eraikitako makina zulatzailea. Bi milioi euro balio du, eta hura tuneletik ateratzea bakarrik dirutza kostatuko litzateke. Denbora ere faktore inportantea izango da auzi honen irtenbidean. Astigarraga eta Irun bitarteko trenbidearen egokitzapenak 2019ko udarako amaituta egon beharko luke, eta, ondorioz, baita Gaintxurizketako eta beste bi tuneletako obrak ere.
Langileek kaleratuak izan aurretik ere nozitu dituzte adjudikazioan azpitik jokatzearen ondorioak. ELAko Manu Tenaren arabera, ez zituzten zegozkien dietak jasotzen. "Jatekoa eta etxebizitza alokairua ordaindua zutenean —gehienak ez dira euskal herritarrak— 700 euroko soldata gelditzen zitzaien". Dieten erdia jasotzen hasi ziren sindikatua esku hartzen hasi zenean. Dieta osoez gain, ia atseden egunik gabe bost txandatan jardunean ari ziren beharginentzat gauetako eta larunbat, igande eta jaiegunetako plusak ordaintzea ere negoziatzen ari zen ELA enpresarekin Precon, joan den urtarriletik.
Gauzak zailtzeko, Coprosa hartzekodunen konkurtsoan dago otsailaren amaieraz geroztik, eta laster Espainian erregulazio dosierra aurkeztuko duela uste du ELAk. Hala ere, Manu Tenaren iritziz, Coprosa ez dago likidazio arriskuan, "sinatuko du itunen bat hartzekodun horiekin".