Iruzurra izan da Gallartan (Bizkaia) ehorzketa gastuak estaltzeko sortutako erakundean. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak esku hartu du Gallartako ehorzketetarako borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundean (BGAE), arduradunetako bat entitatearen funtsak bidegabe eskuratzen aritu izan delako azken urteetan.
Ogasun Sailak ez du argitu nori egotzi dioten iruzurra, baina El Correo egunkariak dio BGAEaren administratzailea bera izan dela. Jaurlaritzak azaldu du 600.000 euro patrikaratu dituela, Gallartako ehorzketen BGAEaren ondare ia osoa (650.000), eta onartu du «oso-oso zaila» izango dela lapurtutako dirua berreskuratzea. «Kalte ordaina ezartzen duen aldeko epai judizial bat izanda eta iruzurgileak ondasun nahikoa izanda soilik lor daiteke eragindako kaltea ordaintzea, eta aukera hori ez da oso posiblea».
Gallartako ehorzketen BGAEa 1981ean eratu zen, eta bazkideen ehorzketa gastuak estaltzen ditu. BGAEak, normalean, kideei pentsio osagarriak ordaintzen dizkieten erakundeak dira, baina ehorzketen atal ezezagun bat badago, pertsona bat hiltzen denean haren hileta gastuak eta antzekoak estaltzen dituena. Azpisektore horrek, gaur egun, 29 erakunde ditu, eta 100.000 bazkide baino gehiago.
Jaurlaritzak esplikatu du aztertzen ari direla entitateen kopurua murriztea, erakundeak profesionalizatzea eta dokumentu eskakizun handiagoak ezartzea, antzekorik berriz gertatu ez dadin.
«Mugimendu susmagarriak»
Espainiako Bankuaren menpeko erakunde batek atzeman zuen iruzurra, Sepblac izenekoak. Diru zuriketako kasuak eta antzekoak ikertzen ditu hark, eta mugimendu susmagarriak ikusi zituen Gallartako BGAEan. Ertzaintzak egindako ikerketan egiaztatu dute erakundearen dirua akusatutakoaren zuzeneko senide baten kontuan agertu dela.
Ogasun Sailak azaldu duenez, «inplikatutako pertsonak bere esperientzia eta gainerako gobernu organoen konfiantza baliatu zituen zenbait urtez iruzur egiteko. Gainera, Eusko Jaurlaritzari bidalitako informazioa faltsutu zuen, bere jarduna estaltze aldera».
Jaurlaritzaren Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko Zuzendaritzak erakundearen kontrola bere gain hartu du aldi baterako, eta laster bazkideen batzarrera deituko du BGAEaren etorkizuna erabaki dezan. Bi aukera dituzte: gobernu batzorde berri batekin jarraitzea, edo hura desegitea eta behin betiko likidatzea. Erabakia hartu bitartean, Ogasun Saila harremanetan dago sektoreko BGAE garrantzitsu batekin, Gallartako BGAEaren kideak eta batik bat bazkide zaharrenak bere gain har ditzan.